argia.eus
INPRIMATU
Ontziolak
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Burdinazko eta zurezko egiturak hezur, portuetako arrapaletan bistarazten ohituak gintuzten, arotzak, zurginak, elektrizistak, tintatzaileak, soldatzaileak andamiotan jarrita itsasontziak eraikitzen. Pasaiako badiakoak genituen gertuenen, eta bertako langile andana lagun. Haien inguruan zenbait ofizioko tailerrak, ontziolen zerbitzurako. Ez ziren gutxi izan ezagututako grebak, goizeroko langile batzarretik manifestazioan abiatzen zirenak besteon elkartasuna xede. Itsasontziak bukatzeke errail gainetan noiz uretaratuko zain, nagusiek bezeroen presioei aurre egin ezina zuten langileek indar, eta inguruaren elkartasuna denbora irabazteko sos. Eskariak urritzen hasi ziren bezain pronto abandonatu zituzten nagusiek ontziolak, hondorapenetan itsasontzietako soto-arratoiak legez, lehorretik lehorrera ahal zuten guztia eramanda, salbatuta. Etxegintzan eta ardogintzan ezagutu dizkiegu gerokoak haietako ale batzuei. Oraingo grebalariak telebistan ikusi ditut, borrokan haserre. Sindikalista profesionalek ordezkatzen dituzte eta kalma eskatzen denborale garaian. Ez diet aldeko ingururik ikusi, portuak utzi, zubietara etorri eta hiritarrak inkomodatzen gaituzte beren protestatan, eurena gurea ere bai bailitzan.