Herrialde aberatsenetako gizarte modernoetan, gehienok ondo asetzen ditugu oinarrizko beharrizanak, eta baita oinarrizkoak ez direnak ere. Ondasun materialek, hala ere, ez digute ongizatea bermatzen, agidanez. Estresak, lehiakortasunak eta aisialdi faltak jotako bizimodua da gurea, eta haien eskutik zabaltzen ari dira, modu geldiezinean, antsietatea, depresioa eta tankera bertsuko zenbait gaitz. Horiei aurre egiteko hainbat medikamentu eskaintzen du medikuntzak, baina batzuetan okerragoa izaten da konponbidea arazoa baino.
Gonzalo Gomez de Iturriaga familia-medikua da. Hamazortzi urte daramatza lanbidean eta denbora horretan antsiolitiko »«antsietate hiltzaile» litzateke itzulpen zehatza» eta depresioaren aurkakoen erabilera asko handitu dela dio. Are gehiago, erabilera hori gehiegizkotzat jotzen du. "Guztion errua da: gaixoena, medikuona…", nabarmendu du. Gomez de Iturriagak azaldu duenez, arazoa bentzodiazepinekin gertatzen da batez ere.
Bentzodiazepinak gehien erabiltzen diren antsiolitikoak dira. Joan den mendeko erdialdetik dira ezagunak, eta laster lortu zuten ordura arte oso zabaldurik zeuden barbiturikoak baztertzea, ez direlako inondik inora haiek bezain arriskutsuak. Gaur egun kopuru izugarritan ekoizten dira, Antonio Escohotadok Aprendiendo de las drogas (Drogetatik ikasten) liburuan dioenez. Lan horretan aipatzen diren adibide bi ekarri ditugu hona: 1977an, 800 tona bentzodiazepina sintetizatu ziren AEBetan, eta 1985ean Nazio Batuek munduan 600 milioi lagunek antsiolitikoren bat »bentzodiazepina, gehienetan» hartzen zutela adierazi zuten.
1985eko egoera nazioarteko erakunde baten arreta bereganatzeko aski izan bazen, gaur egungoa askoz okerragoa da. Mundu mailako daturik ez dugu, baina gure ingurukoek, behintzat, hala adierazten dute: hamabost urtetan Espaniako Estatuan lasaigarri eta depresioaren aurkakoen kontsumoa hirukoiztu egin dela argitaratu zuen Madrilgo egunkari batek iaz. Gomez de Iturriaga bizkaitar sendagileak, ikerketa zehatzik ezean, datu esanguratsua eman digu: egunero 35-40 gaixo inguru ikusten du, eta egunero sartzen da beraren kontsultara bentzodiazepinak hartzen dituen norbait. Bide batez, EAEko Osasun Sailak honetaz guztiaz daukan iritzia jakiten ahalegindu gara, baina isiltasuna baino ez dugu jaso. "Ez dago ezer esaterik gai honi buruz", esan digute hitzez hitz.
Arauak ez dira betetzen
Bentzodiazepinek menpekotasuna eragiten dute, eta horrez gain tolerantzia-indize handia daukate. Hots, zenbat eta gehiago hartu, orduan eta kopuru handiagoak behar dira eragin bera erdiesteko. "Azkenean»» dio Gomez de Iturriagak»"ez dute ezertarako balio, sekulako menpekotasuna sortzeko ez bada".
Medikuek aspaldidanik dakite »eta hala gomendatzen dute nazioarteko erakunde ugarik» sendagai mota honekin egindako tratamenduek ez luketela hiru hilabete baino gehiago iraun behar, baina jende askok orain dela urte asko hartzen ditu. Zergatik? "Askotan, ez medikuok ez gaixoek ez dugulako araua betetzen", dio Gomez de Iturriagak. "Gaixoek pilularen menpe ikusten dute beren burua, eta uzteko unea dela esaten diegunean guztiz aurka agertzen dira. Gaixo horiei bentzodiazepina kentzea oso zaila da, eta medikuok, batzuetan ezin dugulako eta bestetan ez dugulako nahi »hala da, kontsulta denbora asko kentzen digu eta Osakidetzan gaixo bakoitzarentzat bost minutu baino ez dauzkagu», ez dugu egiten. Tratamenduak, azkenik, kroniko bihurtzen dira".
Bestetik, bentzodiazepina bidezko tratamenduak inolako beharrik gabe hasten dira askotan. Koldo Callado EHUko farmakologia irakasleak adierazi digunez, "batzuetan gaixoa egoera ezagun batengatik dago urduri »azterketa batengatik, esaterako», eta kasu horretan nahikoa litzateke baleriana bat edo besterik gabe tila bat hartzea, baina oso arrunta da, AEBetan batez ere, halakoetan bentzodiazepina ematea". Gomez de Iturriagak ere aitortu egiten du gehienetan ez dela bentzodiazepina bidezko tratamenduarentzako alternatibarik bilatzen: "Izan ere, ez dugu aukerarik edukitzen. Gaixoarekin tratamendu psikologikoa abiaraz genezake, baina gure osasun-sistemak ez du horretarako betarik ematen. Nik badakit askotan gaixoak hitz egitea baino ez duela behar, eta ni neu ahalegintzen naiz hitz egiten, baina ez dago horretarako denbora nahikorik".
Denborak ezarritako mugek, hala ere, ez dute saihetsi familia-medikuak gero eta gehiago arduratzea arazo psikologikoez. "Lehen, gaitz psikologikoak ez ziren inoiz oinarrizko medikuntza kontsultatetan aztertzen", dio Gonzalo Gomez de Iturriagak, "zuzenean bidaltzen genituen espezialistengana. Baina gaur egun hori aldatu egin da. Familia-medikuon lanaren zati bat »ez naiz gauza portzentaje zehatza emateko, baina handia da» psikiatriari dagokio. Eta horrek eragin du, besteak beste, bentzodiazepinak eta abar gero eta gehiago erabiltzea; honezkero, psikologo eta psikiatrek ez ezik, geuk ere ematen ditugu-eta. Egia esan, gauza berritzat daukagun arren beti egon dira era honetako osasun-arazoak, baina gaur egun sarriago atzematen dira". Arazoak atzeman ostean datoz, gaitza sendatu behar denean. Gero eta farmako gehiago erabiltzen da horretarako, psikoterapiaren kaltetan.
Depresioaren aurkakoak, ez hain kaltegarriak
Bentzodiazepinez gain, depresioaren aurkako sendagaiak ere modu ikaragarrian ari dira zabaltzen. Horiek, ordea, arazo gutxiago sortzen dute, berrienek batez ere. Ez dute menpekotasunik eragiten, eta beraz errazagoa da uztea, baita tratamendu luze baten ostean ere. Zelangura, bigarren mailako eragin desiragaitz ugari sortarazten dute: ahoa lehortzea, ikusmena lausotzea, idorreria, izerdia, zorabioa, urduritasuna, lo egiteko zailtasuna, antsietatea, buruko mina, dardara, orgasmoa berandutzea edo sexu-harremanak izateko nahia gutxitzea, batzuk aipatzearren.
Azken urteotan serotoninaren birxurgapenaren inhibitzaileak gailendu dira depresioaren aurkako familia zabalean. "Leku zehatz batean baino ez dute eragiten", argitu du Koldo Calladok, "eta horregatik lehen erabiltzen zirenek baino ondorio kaltegarri gutxiago sortzen dute". Dena dela, gehiegi erabiltzen direla azpimarratu du Calladok, "baita beharrezkoa ez denean ere".
Eromen honetan bada onerako joeraren bat. Gomez de Iturriagak dioskunez, "apurka-apurka serotoninaren birxurgapenaren inhibitzaileak hasi dira erabiltzen lehen bentzodiazepinak erabiltzen ziren kasu askotan, konturatu egin baikara antsietatea sendatzeko onak direla. Are gehiago, bentzodiazepinek ageriko sintomak baino ez dituzte desagerrarazten, eta depresioaren aurkakoak, berriz, sintomak ezabatu ez ezik, egokiagoak dira antsietatea sortarazten duen arazoari aurre egiteko". Zailagoa izango da, zalantza barik, arazo orokorrari aurre egitea.