Duela urte batzuk imajina ezina zena, azken hauetan salbuespen izateari utzi eta egia bihurtu da. Telebistaren eraginez batez ere, "arlo artistikoa" delakoak, itzelezko bultzada izan du. Telebistaren barne produkzioaren igoerak, eragin zuzena izan du honetan eta lehen existitzen ez ziren figura berriak indarra hartuz joan dira eguneroko lanean. Aktore, gidoilari, aktore zuzendari eta abarrez ari natzaizue.
Antzerkiari dagokionez ere, kanpoko merkatuak eragindako lehiakortasunak, taldeen funtzionamendua errotik aldatu eta egun, ekoizpenik txikiena ere, talde artistiko eta tekniko zabalaz osatzen da. Besteak beste, produkzio burua, banatzailea, eszenografoa, argi diseinatzailea, egilea, musikaria, zuzendaria... Aldaketa onerako izan da. Nahiz eta batzuetan, adibidez, trukean taldeek euren ekoizpenak askatasunez erabakitzeko aukera galdu duten, baina, bestalde, emaitzak hor daude, denon begi bistan. Eta uka ezina da azken urte hauetan euskal antzerkiak ireki duen merkatua estatu eta baita atzerrian ere. Amaitu da Euskal Herriko bazterretan soilik aritzea. Eta horren guztiaren atzean, arestian esan bezala, talde profesional handi baten ekina dago. Fitxa tekniko eta artistikoa osatzen duten guztiena, alegia. Beraz, esatea dugu arte eszenikoak profesionalizatuz joan direla, marka guztiak hautsiz. Gogoratu bestela duela urte batzuk Tanttaka gipuzkoar taldearen Florido Pensil-ek lortutako arrakasta, mila eta laurehun emanaldi baino gehiago eginez. Markeliñe bizkaitarra egun oraindik DSO lanarekin munduan zehar betetzen ari den birarekin... Telebista arloan, Goenkalek ezarri duenarekin, hamaika urtez gure telebistako leihatila zeharkatuz bertako istorioak gureak ere eginez. Bi mila kapitulu.
Beraz, logika erabiliz, edozeinek esatea du arte eszenikoen familia garai onean murgilduta dagoela, herri honetan behinik behin... Badu, ordea, gure herriak familia honekiko zor handi bat: goi mailako arte eszenikoetako eskola ofizial bat. Noizko?
Urteak dira Eusko Jaurlaritzako Arte dramatiko Zerbitzua »Antzerti delakoa» zendu, itxi edo desagertu egin zela.
Hura ixteak ez zuen berririk ekarri, ez instituzioen aldetik bederen. Egun daudenek, Bilboko Artebi, Barakaldoko Bai eta Nafarroako ENT, sarri askotan, instituzio beraien trabak gaindituz egin dute aurrera, edo okerrago oraindik, beste batzutan euren ezikusiak desagertzera eraman ditu, ateak ixtera. Horren adibide nagusietako bat Basauriko eskola. Beraz, daudenak meritu handiz daude hor eta bertan erakusten dutenek esker txaloak baino ez dituzte merezi. Hala ere, horrek ez gaitu asetzen. Ez da nahikoa. Gure profesio zabalak gehiago behar du behingoz, normalizazio baten barruan sartzeko eta harik eta prestaketa zabalena eta era berean espezializatuena emateko eta bideratzeko. Une hauetan profesional gisa lanean ari garenok ere, non birziklatu izateko eta azkenik, gu denon elkargunea bihurtzeko. Eskola ofizial bat dramaturgia, zuzendaritza, interpretazioa eta eszenografia espezializazioekin. Nahikoa urte badaramagu ekinez ikasten, bada garaia ere ikasiz aurrera ekiteko, ala ez?
Hilabete honetako hogeita zortzian egingo dute publiko duela hiru urte Ibarretxe Lehendakariak iragarri zuen Kulturaren Euskal Planaren lehen zirriborroa. Besteak beste eta antzerkiari dagokionez, bertan aurreikusita dago hezkuntzaren barnean kokatuta legokeen eskola ofizial baten beharra. Bejondeiola eraiki eta martxan ikusiko dugun egunari!