ETAren intentsitate txikiko jarduera.
Irun eta Bujarueloko elektrizitate dorreetan jarri ditu azken lehergailuak ETAk, udan Kantabrian hasitako kanpainari segida emanez. Hilabeteetan jarduera armatua isilarazi ondoren, bistan da ETAk hor dagoela erakutsi nahi duela, euskal gizarteak une garrantzitsuak bizi dituen guztietan egin ohi duen bezala. Zalantza bere jardueraren intentsitatean dago, bere jarduera historikoa kontuan hartuta, agerikoa baita intentsitate txikian ari dela: gehiago ezin duelako edo garaiotan komeni ez delako? Horra hor airean geratzen den galdera eta etorkizunerako funtsezkoa dena.
Alberto Ansola eta euskal estatua.
Alberto Ansola Arabako Diputazioko Ahaldun Nagusi izan zenak EAJ utzi du. Komunikabideek jakinarazitakoaren arabera, jelkideek daramaten norabide soberanista da aldegite horren arrazoi nagusia. Ansolak "Araba eta abertzaletasuna" titulupean, LARRUN aldizkariko (2000ko otsaila, 30. zenbakia) mahai-inguruan hartu zuen parte eta bertan euskal estatuaren defentsa sutsua egiten zuen, gaur egungo estatuen Europan herri baten garapen ekonomiko, kultural eta politikoa bermatzeko estatua izatea funtsezkoa zela adieraziz. Gaur egungo Europan, euskal estatuaren aldarrikapen sendoa egin zuen aipatutako mahai-inguruan, azken urteetan EAJ utzi duten beste pertsona esanguratsu batzuek ez bezala.
Espainiako justiziaren zigor desberdintasunak.
Ezaguna da Espainiako Justizia Administrazioak ez duela berdin zigortzen, esate baterako, Murtziako gazte batek edo Iruñeko batek diruzain automatiko bat erre izana. Beste delitu mota askotan ere oso desberdinak dira zigorrak, Nafarroako epaileek oraintsu ateratako zenbait ebazpenetan ikus daitekeenez. 2000ko ekainean, Guardia Zibil talde batek Bittor Iriarte Lizarrako EHko zinegotzia jipoitu zuen lurrean, guardia zibilak Gaztetxearen aldeko mobilizazio baten aurka oldartu eta zinegotzia bitartekaritza lanak egitera hurbildu zitzaienean. Gora-behera eta epaiketa zenbaiten ondoren, Lizarrako epaitegiak 180 euroko zigorra jarri die hiru guardia zibili eta kalte-ordain gisa bakoitzak 250 euro eman beharko dio Iriarteri. Beste auzi batean, Iruñeko Auzitegiko epaile batek 360 euroko zigorra jarri die, duela bi urte Atarrabiako UPNko zinegotzi bati arrautzak eta ketchupa bota izana frogatutzat eman ondoren.
Abenduko geltokia tartean, hauteskundeak helmuga
Etengabeko hauteskunde giroa, hori da herritarraren baitan gero eta gehiago sustraitzen ari den sentsazio astuna, eta iragan berri den Eusko Legebiltzarreko eztabaida orokorraren osoko bilkurak areagotu egin duena. Era batera ala bestera, eta bakoitzak bere arrazoiak dituela, denen buruan dira maiatzean izango diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Ibarretxe lehendakariak eta hirukoak hori erakutsi zuten, eta PSE-EEk eta PPk berdin. Hirukoak ez du Sozialista Abertzaleen sostengurik bilatuko eta hauek ez dute Ibarretxe Plana ahalbideratuko. Hauteskundeek erabaki bezate, beraz. Tartean bi hilabete abendurako (planaren bozketa garaia), eta ondoren bost maiatzerako. Tarte horretan, gertatuko al da Jaurlaritzaren planaren zurrunbilo horri ihes egingo dion ezer? Ez dirudi. Edozein modutan ekimenik ez da falta: Nazio Eztabaidagunea, PSE-EEren proposamena, ELAren kongresua... Hilabete interesgarri eta erabakigarriak, zalantzarik gabe.
Behatokiak I. Sinposioa antolatuko du azaroan
Azaroaren 3an eta 4an nazioarteko izaera izango duen I. Sinposioa antolatuko du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Bertako zein nazioarteko adituek hizkuntz eskubideen eta hezkuntzaren arteko lotura aztertuko dute bi egun horietan. Bestalde, Xabier Mendiguren Kontseiluko Idazkari Nagusiak jakinarazi du Behatokiak hemendik aurrera zuzendari berria izango duela. Kudeaketari buruzko irizpide desadostasuna dela-eta Juan Inazio Hartsuagaren kargua beteko du Paul Bilbao algortarrak. Bilbao Behatokia sortu zenez geroztik ari da bertan lanean eta orain arteko bi zuzendarien ondoan aritu da kudeatzaile lanetan.
Seaskakoen asteburu beroa
Seaskako langile, irakasle eta gurasoek euskaraz duin irakasteko baliabideak eskatzen jarraitzen dute eta joan den asteburuko mobilizazioez gain, aurrera begira ere, gelditzeko asmorik ez dute. Irailaren 23an, Jean Jacques Lasserre Kontseilu Nagusiko presidenteak Kanboko ikastetxe batean egin zuen bisita baliatu zuten «Hitza hitz» izeneko pankarta haizatzeko. Larunbatean berriz, Kanboko Xalbador ikastetxetik eta Ziburuko Larzabal kolegiotik 100dik gora auto atera ziren errepidera ilara galantak eraginez. Baionako Suprefeturaren aurrean geratu ziren. Igandean egun osorako festa antolatua zuten Seaskako kideek. Mila ekimen helburu bakarrerako: euskaraz irakasteko baliabide duinak lortzea.
Soziolinguistika Klusterrak liburua argitaratuko du
Urriaren 14an aurkeztuko du Klusterrak Ibon Usarralde eta Iñaki Martinez de Lunak prestatutako lana. Euskal Hizkuntza Komunitatearen Bizindar Etnolinguistikoari buruzko liburu honetan Gipuzkoako bost udalerritan oinarritutako ikerketa jasotzen da.
Janamari Malharini omenaldia
Euskaltzaleen Biltzarrak egin zion omenaldia joan den larunbatean, 1912an Donapaleun jaio eta 2001ean hil zen Janamari Malharini. Euskararen eta euskal kulturaren aldeko ahalegina kristau fedearekin uztartu zituen. Horrela, katekesiko haurrekin hasi zen antzerki lanak prestatzen eta Mugerre eta Itsasuko gazteekin antzezlan asko egin zituen. Antzerkiaz gain, irakaskuntzan, Herria astekarian, Gure Irratian eta Ohidurak dantza taldean aritu zen. Euskaltzaleen Biltzarrean ere aritu zen eta horiek, hain zuzen, eskaini diote omenaldia Janamariri.