argia.eus
INPRIMATU
Ezpalak
Katixa Garate 2021eko uztailaren 27a

Ospitale zaharra arteaz betetzeko

Amorotzeko XIV. mendeko ospitalea, tenplarioena izandako baserri zaharra, biziberritzeko asmoz Harriarka elkartea sortu dute Iparraldeko hainbat artistak. Bi helburu ditu egitasmoak: arteaz bizitzeko arazoak dituzten artistak laguntzea batetik eta arteen truke eta sustapenerako gunea sortzea bestetik. Izuran erakusketa bat egin berri dute eta lanen salmentatik lortutako dirua proiektura bideratu dute. Asmoa arte diziplina ugariko lantegiak sortzea da oso kaltetuta dagoen eraikinean eta, hari atxikita, Guanes Etxegarai artistaren sendiarentzako etxebizitza eraikitzea.


Trikitiaz gogoetatzen

Debekuak izenburupean, Trikitixaren II. Jardunaldiak egingo ditu Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean, hilaren 27tik 30era. Hiru mahai-inguru izango dira, honako gai hauek jorratzeko: XX. mendeko dantzarako giroa eta arrimuan dantza egiteko debekua; trikitia eta musika eskolatuaren arteko lehia, eta abertzaletasuna eta trikitia. Azken egunean, Dantza debekatuak zuzenean saioan, Laja, Luis Astiasaran eta Joxe Mari Esteibar trikitilariek gerraostean helduta dantzatzeko jotzen ziren erritmoak eskainiko dituzte.


Ikus-entzunezko sektorea bero

Polemika piztu zen Donostiako Zinemaldiaren bezperatan. Euskal Zinemaren Egunaren aurkezpenaren harira, ikus-entzunezko alorreko taldeek (IBAIA, EPE, Gidoigileen Elkartea, EAB eta Zuzendari Berrien Plataforma) Europako Legea »Espainiak uztailean onartutakoa» indarrean jartzeko eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta ETBri. Aipatu taldeek jakinarazi dutenez, lege horren arabera, ETBk publizitate eta diru-laguntza sarreren %5 produkzio independenteetara bideratu behar luke, alegia 5.400.000 euro. Sektoreko taldeen arabera, oraingo kopurua 1.500.000 eurokoa da. Horri erantzunez, ETBk adierazi du Ikus-entzunezkoen Liburu Zuria (2003) martxan jarri zenetik, konpromiso guztiak bete dituela eta inoiz baino laguntza handiagoa eman duela ETBk: 4 milioi euro.


Latinoamerikarekin zita Biarritzen

Filmak, dokumentalak, arte erakusketak, mahai-inguruak eta hitzaldiak izango dira Biarritzen, La Cita Latinoamerikako Zinema eta Kultura Jaialdian, irailaren 27tik urriaren 3ra bitartean. Guztiek Latinoamerikako kulturak izango dituzte ardatz. Guztira, hamar film luze eta zortzi film labur lehiatuko dira. Bestalde, dokumental onenari La Cita-Unión Latina saria emango diote. Fernando Solanas zinemagile argentinarrari omenaldia egingo diote eta bi atzera begirako eskainiko dituzte Mexikoko zientzia fikzio filmekin eta Kubako iraultzari buruzko dokumentalekin.


Diskoetxeak eta eragileak batuta

Ez da berria musikaren sektorea garai gogorrak bizitzen ari dela. Azken urteetan Euskal Herriko diskoen salmentak %35-40 egin du behera. Diskoetxe eta musika promotoreen esanetan, musikak garai batean zuen kultur izaera galdu du eta barne merkatuan pisua galdu du. Horri buelta emateko euskal disketxeek eta promotoreek bi elkarte osatu dituzte: Euskal Herriko Diskoetxeen Elkartea (EHDE) eta Euskal Herriko Promotoreen Elkartea (EUPRE). Irtenbideak bilatze aldera, EITBrekin, SGAErekin eta Eusko Jaurlaritzarekin bildu nahi dute. Entzuleak eta zaletuak gehitzeko.


Talkanpada: Sormenaz hausnartzeko

Zer egin behar da hiri bat sortzaileagoa izan dadin? Leku batean beste leku batean baino sortzaileagoak izan gaitezke? Garai digitalean, garrantzia du non gauden? Galdera horiei eta beste batzuei erantzuna emateko eta kultur sorkuntzaz gogoeta eta trukea egiteko asmoz, Funky Projectsek, Gasteizko Montehermoso kulturunearen laguntzaz, Talkanpada ekimena antolatu du. Topaketa hauen hirugarren aldia da, lehena Donostian egin zen 2001ean eta bigarrena aurtengo maiatzean Mexiko DFn. Ostegunetik larunbatera, 30 sortzailek euren lanaren aurkezpena egingo dute Montehermoson. Bertan egingo dute gogoeta. Baita lo egin ere kanpin dendetan.


Debagoienean Danbaka

Debagoieneko I. Musika Lehiaketa antolatu du Goiena multimedia enpresak udazken honetarako. Parte hartzaileek ibar horretako musika talde edo bakarlariak izan beharko dute »taldekideetako batek gutxienez Debagoienakoa izan behar du» eta edozein estilo jorratu ahal izango dute. Lehen saria eskuratzen duenak disko bat grabatu ahal izango du.