Euskal Herriaren geroa gazteen ikuspegitik

  • Frankismoaren azkenetan eta demokraziaren lehenengo garaian haurrak ziren lau lagun bildu ditugu mahaiaren inguruan. Hogeita hamar urte luze iragan dira harrezkero. Iragana nola jaso zuten eta beren oroitzapenak aipatu ondoren, gaurko eta etorkizuneko Euskal Herriaz mintzatu zaizkigu. Euskaldunon elkarbizitzari buruz dituzten ikusmoldeak bildu ditugu euren ahotik. Egungo gazteek eta gizarteak berak etorkizuneko Euskal Herrian dituzten erronkak, aukerak edota gabeziak aditzera eman dizkigute. Beste hiru lagun gazteen iritziak ere paratu ditugu jarraian. Etorkizun gazi-gozoa zirriborratu digute. Mundu berri bat sortuko bada, gazteok, ezkerraz edota eskuinaz eztabaidatzea baino, botereaz gehiago hitz egiten ikasi behar dutelakoan daude.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Belaunaldi bateko lau lagun bildu eta Euskal Herriak etorkizunean izan ditzakeen aukeren gainean solasaldi orokorra burutzea izan da gure xedea. Eztabaida orokorrak ez dira zeregin errazak izaten. Kasu honetan baina, guk bilatu nahi genituen xedeak ondo baino hobeto ulertu eta azaldu dituzte gure solaskideek. Hona jarraian emaitza.

Demokraziarako trantsizio garaian sortuak zarete laurok. Zuetako bakoitzak nola jaso zuen diktaduraren garaia?
UR APALATEGI. Niretzat frankismoaren azken urteak oroitzapen oso konkretu batzuk dira: mugan geratzea, ordubete itxaron beharra, autotik jaistea, autoa miatzea... erritual hori guztia. Nire gurasoak Iparraldean bizi ziren, familia ikustera Hegoaldera joaten ginen eta mugaren pasatzea astero-astero betetzen zen errituala zen. Azkenean, egoera normal batetik egoera ez normal batera pasatzea zen.

GORKA TORRE. Aita bilbotarra dut eta Iparraldean bizi banaiz frankismoagatik da. Nire ama Bilbotik Frantziako Estatura kanporatua izan zen »frantziarra baita jatorriz» antifrankistei laguntza ekartzeagatik. Gu egoera horren ondorioz sortu gara Iparraldean. Ni 1974an jaioa naiz, Franco hil baino urtebete lehenago, eta, beraz, oroitzapen gutxi dut. Nik frankismoaz, ideologia frankistarekin bat egiten ez zutenen aurkako jazarpen oso-oso garai bortitza zela jaso dut, eskubide indibidual eta kolektiboen aurkako eraso bortitzeko garaia. Familiak eta lagunek bizi izandakoagatik jaso dugu lekukotasuna.

DENIS ITXASO. Franco hil baino bost hilabete lehenago jaio nintzen. Amak beti esan izan dit demokrazia besapean neukala etorri nintzela eta ilusio handiko momentua izan zela. Familian beti nahiko "gorriak" izan gara. Nire anai-arrebak nahiko nagusiak dira eta ordurako dagoeneko Guardia Zibilaren aurrean korrika saio batzuk eginak ziren. Bost anai-arreben artean gazteena naiz. Nik ikastolan ikasi ahal izan nuen, nire anai-arrebek ez, euskara ikasi nuen eta haiek ez; nire izena nire amak jarri nahi izan zuena izan zen eta nire anai-arreben kasuan ezin izan zuen horrelakorik egin... Nire familian momentu hura nirekin islatzen da.

IXIAR ROZAS. Nik hiru urte nituen Franco hil zenean eta ez naiz ezertaz gogoratzen. Gerora entzun eta ikusten duzunarekin konturatzen zara zer izan zen. Nire familia ez zegoen zuzenean politikan sartuta, baina nire aita Lasarteko ikastolako sortzaileetako bat izan zen, horrek dakarren guztiarekin. Nire anai-arrebetan zaharrenak 40 urte ditu eta denok joan gara ikastolara. Gure etxean ez dugu modu zuzenean jazarpenik bizi izan.

Segidan demokrazia garaia hasi zen Hego Euskal Herrian. Demokrazia garaiko lehen belaunaldiko kideak zarete. Zein da demokrazia honetaz zuen inpresioa? Zein dira jaso dituzuen baloreak? Zein gabeziak?
D. ITXASO. Nik beti pentsatu izan dut demokrazia ez dela infaliblea. Eztabaida bat da eta eztabaidagarria, gainera. Hala ere, orain arte asmatu dugun eredu egokiena da jendearen borondatea entzuteko eta agintariengana eramateko. Jakina da gabezia batzuk daudela eta jendearen borondatea oso-osorik ez du betetzen demokraziak. Nik nire bizipen pertsonaletik esan behar dut, une honetan frankismotik iritsi zaigun aztarna bakarra indarkeria dela, terrorismoa. Mahai-ingurura eskolta parearekin etorri behar izan dut. Oraindik lotsa ematen dit, ez zait batere gustatzen, baina derrigorrez eraman behar dut. Amak mundu honetara demokraziarekin batera etorri nintzela esaten zidan, baina nire anai-arrebei gertatu ez zitzaiena gertatzen zait niri, eskoltarekin ibili beharra. Gure demokraziak beste zulo batzuk baditu, baina hori zulo oso handia da.

U. APALATEGI. Demokrazia ideal bat da, kontzeptu bat, hari buruz bide egin dezakegu, baina, beharbada, sekula ez da gauzatuko. Churchillek zioen demokrazia sistema txarra dela, baina hau baino hoberik ez dagoela. Defendagarria eta onargarria da, baina ez da ahantzi behar demokrazia, azkenean, gehiengoaren tirania dela. Definizioz horrek esan nahi du demokrazia batean gutxiengoak sufritzen duela. Hortaz, demokrazia ez da berez sistema perfektua eta hortik abiatu behar da.
Euskal gizartean ukaezina da hobekuntzak egon direla, askatasunak handiagoak direla, sektore batzuek hainbat aurrerapen erdietsi dutela. Baina gutxiengoentzat zaila da beti demokrazian bizitzea eta betiko borroka da. Azken 25 urte hauetan batzuentzat oso erosoa eta positiboa izan da demokraziaren etorrera eta beste batzuentzat borrokan jarraitzeko beharrak irauten du.

I. ROZAS. Garbi geratu da demokrazia gauza erlatiboa dela. Niretzat oso abstraktua da. Egun, nora eta nondik begiratzen duzun, argi eta garbi ikusten da demokraziarik ez dagoela. Nazioarteko politikara begiratuz gero ez dago inolako zalantzarik, eskubideak segundo oro zapaltzen dira. Gure artera etorriz, begirada etxebizitzara, langabeziara, gazteon arazoetara, indarkeriara... eramaten baduzu, demokrazia zalantzagarria da. Nik ez dut inoiz begi onez ikusiko Denis bezalako gazte bat eskoltarekin ibili behar izatea, baina ez da zulo bakarra, askoz zulo handiagoak daude. Tamalez, beti zulo horri begira gabiltza eta zulo horrek beste guztiak estaltzen ditu. Ni behintzat orrialde hori noiz pasako zain nago, beste arazo batzuei begira jartzeko. Nahiz eta gure ahotan badabiltzan arazo horiek, egin behar litzatekeena baino askoz gutxiago egiten da hainbat arlotan. Nire ustez, minimoak betetzen ari gara.

G. TORRE. Frankismoaren erortzearekin ez da demokraziarik etorri. Demokrazian urrats batzuk eman dira, baina, ez 70eko hamarkadan, ez gaur egun, ez Espainiako Estatua, ez Frantziakoa, ez dira estatu demokratikoak. Eskubide indibidual eta kolektibo anitz ukatuak dira estatuengandik eta horrek sortzen du euskal gatazka. Nik ikusten dudanean Ipar Euskal Herriko herritarren eta hautetsien gehiengoa euskal departamenduaren sortzearen alde dela eta Frantziako Estatuak nahi hori gauzatzen ez duela, garbi dut egoera antidemokratikoa dela. Eta berdin euskal herritarrek autodeterminazio eskubidea ez baliatu ahal izatea Espainiak eskubide hori ez duelako onartzen. Eskubide demokratiko batzuk irabaziak izan dira, baina gabezia oso nabarmenak ere badaude. Duela hilabete bat Iruñeko Gaztetxean gertatutakoa ikusi ondoren, honi demokrazia deitzea ere... Iruñeko jendeari Euskal Jai pilotalekua bota behar zenentz galdetu al zaio? Iruñeko jendeak bere baitarik kontsulta bat antolatzen du Gaztelu Plazan aparkalekurik ez duelako nahi eta, gehiengoaren nahiaren aurka, auzapezak lanekin aurrera jarraitzen du. Hori niretzat jarrera antidemokratikoa da. Berdin Zornotzan, herriak zentral termikoaren kontra bozkatu eta aurkakoa egiten da. Azkenean, gabezia handi horiek gaurko gatazkaren sortzaile dira. Eta gatazka horren barruan Denisek aipatu duena bezalako egoera onartezinak kokatzen dira.

Euskal Herria izaera politikorik gabeko izate kulturala dugu. Bertan identitate anitzek egiten dute bat: euskaldunak, euskal espainolak, euskal frantsesak, nafarrak... Zer iritzi duzue euskal herritartasunaz?
D. ITXASO. Aitortu beharra daukat nire kezkak beste ildo batzuetatik doazela. Une honetan Ixiarrek aipatu duen nazioarteko egoera nolakoa den ikusita, argi dago egundoko olatu neoliberal baten aurrean gaudela. Horrek kezkatzen nau benetan, horrek eta etxebizitzaren arazoak, esaterako. Euskal herritartasuna nola bizi dugun eta nola bizi behar dugun, herri identitateak nola moldatzen ditugun... neurri batean horrek guztiak kezkatzen nau, horrek Gorkak aipatzen zuen gatazka politiko hori jartzen baitu mahai gainean, gatazka sakona eta oraindik konpondu gabea. Baina horrek ez nau kezkatzen beste gauza batzuek adina. Identitatearen esparruko kezkak soilik azaltzen direnean, kontserbadoreen tranpan erortzen garela iruditzen zait. Mundu honetan nazio asko eta asko daude estaturik gabe eta ez zait hain kezkagarria iruditzen. Hain zuzen, estaturik gabe bizitzen jakitea askoz ere aberasgarriagoa izan daitekeela iruditzen zait. Euskal Herriak izaera politikorik ez duela esan duzue, bada, nik uste dut Euskal Herriak izaera politiko oso konplexua duela: EAE, Frantziako Estatuaren menpe dauden Iparraldeko hiru probintziak eta Nafarroa. Baina esan duzuen bezala, izaera kultural garbia du eta hori bultzatu eta gorde behar dugu, baina nik hori ez dut zuzenean lotzen estatu bat egitearekin. Euskal nazioa eraikitzeko beste asignatura garrantzitsuagoak dauzkagu mahai gainean eta asignatura horiek zerikusi handiagoa dute ezker/eskuin paradigmarekin. Ez dugu izaera politiko bateraturik, baina dauzkagun izaera politiko anitzetan, EAEn, Nafarroan eta Iparraldean, eskuinak gobernatzen gaitu. Izaera kulturala duen Euskal Herri oso hori hartuko bagenu, segur aski ezkerrak botere handiagoa izango luke eta, aldiz, ez du gobernatzen. Zergatik ez dira ezkerreko politika gehiago martxan jartzen?

I. ROZAS. Neoliberalismoaz aritu zara, Denis, nazioarteko mamu bat balitz bezala. Guk hori oso txertatua daukagu eta hortik ez dugu alde egiten. Demokrazia hau neoliberalismoa ahalbidetzen duen demokrazia da. Barkatuko didazu horrela esatea, baina egun Euskal Herrian, Espainian edo Frantzian, nik ez dut ezberdintasun handirik ikusten ezkerraren eta eskuinaren artean, ekonomiari begira jartzen bagara. Ikusiko dugu orain zer gertatzen den sozialistak Espainiako gobernuan dauden honetan, baina nik nire eguneroko bizitzan ez dut alde handirik nabaritzen. Guk, gazteok, zerbait egin nahi badugu edo geure buruan zerbait argitu nahi badugu, aurrera begira botereaz hitz egin behar dugu. Ezker/eskuin eztabaida gaindituta dago. Hemen agian ez da horrenbesterako, edo beharbada ez dugu ikusi nahi, baina beste lekutara begiratzea besterik ez dago, gaur egun filosofia politikoan dabiltzan egile askoren liburuetara jotzea besterik ez dago horretaz konturatzeko. Honekin ez dut esan nahi Denisen hitzak, ideiak edo ametsak eskuineko gazte batenak direnik, badakit ez dela horrela, baina praktikan ezkerrak eta eskuinak egiten duten politika oso berdintsua da.

GORKA TORRE. Nik garrantzia handia ematen diot nortasunaren eta hizkuntzaren kontuari. Burujabetasuna garrantzitsua da hemengo aberastasun kulturala mantendu eta garatu behar badugu. Gaur arte gure zapaltzaile izan diren estatuek ez dute asmatu euskal kulturari etorkizun oparo bat eskaintzen. Kontrakoa frogatzen ez diguten bitartean, gure burujabetasunaren alde egin behar dugu gure nortasunaren biziraupenerako. Beraz, niretzat burujabetasunaren arazoa oso garrantzitsua da ikuspegi kulturaletik. Baina, bestetik, garrantzia ere badu ikuspegi politikotik. Ni Euskal Herriaren burujabetasunaren aldekoa banaiz, gure etorkizunari dagozkion erabakiak hemen hartzea nahi dudalako da, zabaltzen ari den neoliberalismoaren aurkako beste eredu bat Euskal Herritik eraiki nahi dudalako. Badakit munduan kokatuak garela, eta ez dugula ezer egingo inguruan dugun guztia kontuan hartu gabe. Baina boterea hurbiltzea lortzen badugu, baditugu hainbat esperientzia interesgarri praktikara eramaten ahal ditugunak. Adibide sinple bat: Iparraldeko laborarien kasua. Beraiek duten laborantzarentzat oso egitasmo interesgarria dute: aurrerakoia, ingurumenaren babestea kontuan hartzen duena, laborarien munduaren biziraupena kontuan hartzen duena... Baina hori martxan jartzeko tresnarik ez dute, Paueko Laborantza Ganbararen menpe daudelako. Euskal Herrian gehiengoa dira, baina departamenduan gutxiengoa dira eta Paueko laborariak beste logika batean daude. Gure etorkizunaren jabe izateko behar hori ase nahi dut nik, bai ikuspegi sozialetik, bai ikuspegi kulturaletik.

U. APALATEGI. Nik ez dut sinesten ezker partidistak ezer alda dezakeenik neoliberalismoaren aurkako borrokan. Ezkerreko alderdi handi instituzionalek enpresa handien boterea bermatzen dute eskuinekoek bezala. Denak daude enpresa monopolistiko erraldoien menpe. Politikak biztanleria botere ekonomikoen aitzinean defendatu beharko luke, baina guztiz kontrakoa gertatzen da; botere ekonomiko transnazionalen morroi dira. Eta ezkerreko alderdietan ez dut zantzurik ere ikusten horren aurka egiteko. Bestalde, erregimen bat hautsi edo agortzen denean halako itxaropen bat sortzen da, mundu guztia eztabaidatzen hasten da, jendeak prozesuetan parte hartzen du. Baina gero hori guztia izozten doa eta gu orain oso puntu izoztuan gaude. Izugarrizko dibortzioa, amildegia ikusten dut politikagintzaren eta hiritarren bizitzaren artean. Euskal Herrian ere nabarmena da hori eta alderdi politiko guztietaz ari naiz, salbuespenik gabe. Berriro berotzeko beharra dugu, jendeak berriro sinetsi behar du zerbait egin daitekeela politikagintzaren bitartez. Politikagintzaren bitartez gauzak aldatu daitezkeela, horretan fedea galdu da.

D. ITXASO. ... Politika transformazioa dela, alegia, politikaren bidez errealitatea transforma daitekeela. Esan duzue gaur egun ez dagoela ia diferentziarik ezker eta eskuinaren artean...

I. ROZAS. ... Praktikan. Bestela, badakigu badaudela ezberdintasunak.

D. ITXASO. Ezberdintasunik ez balego Fukuyamaren tesietan egongo ginateke, ideologien amaieraren tesian. Eta, hain zuzen, hori da eskuinago daudenek defendatzen duten tesia: diferentziarik ez dagoela eta ideologiak XIX. eta XX. mendeetako kontuak direla.

I. ROZAS. Baina nik ez dut hori esan nahi izan.

D. ITXASO. Zuk esan nahi duzuna da gero praktikan ez dutela benetan politika ezberdina egiten. Ni horrek kezkatu eta frustratu egiten nau, konturatzen bainaiz hori kalean oso presente dagoela, gazte jendeak gero eta urrunago ikusten duela politika. Adibide bat jarriko dut: PSOEk martxoan Espainia mailan irabazi zuenean, Alderdi Sozialistako kide izanik, beldurra sartu zitzaidan: "Zapaterok irabazi du eta orain, boterea lortu duenean, ez ditu Iraketik tropak ekarriko". Ekarri zituen eta lasaiago geratu ginen asko. Eferbeszentzia politiko handiko unea izan zen, jendea kalera irten zen gerraren aurka zegoela esateko, martxoaren 11n gertatutakoaren inguruan gezurrik ez genuela nahi esateko, nor izan zen bagenekiela esateko. Igande horretan bertan jendeak bozkatu eta gauzak, ustez behintzat, aldatu zituen. Bi asteren epean erabaki batzuk hartu ziren, jendeak esaten zuena entzun ondoren. Nire ustez, demokrazia ez dago berez gaixorik, erosionatuta dago batzuek erabili dituzten jarrera antidemokratikoengatik. Guk dauzkagun demokraziaren aurkako kontsigna politiko horiek guztiek askotan eskuinari egiten diote mesede.

I. ROZAS. Ez nago ados. Egia da gazte asko politikatik urruntzen ari dela. Baina beste batzuk bagaude, zorionez, beste politika modu batean sinesten dugunak.

G. TORRE. Nik, beste anitzek bezala, ez ditut gauza guztiak zaku berean sartzen eta ezker eta eskuina desberdintzen ditut, nahiz eta anitzetan egitasmo sozioekonomikoetan, zain egon ondoren, aldaketa ez den etortzen. Denisek esan duenaren ildotik, egia da, Zapaterok Iraketik atera ditu tropak, baina nik beste itxaropen batzuk ere banituen. Esaterako, Herritarren Zerrendak (HZ) ilegalizatua segitu du Europako Hauteskundeetan, eta hori zulo handia da demokraziarentzat.

D. ITXASO. Dezepzio handia izan da hori. Ados.

Trantsizio garai berri batean gaudela aipatzen da, Ibarretxe Plana tarteko, arau marko berri bat proposatu da. Baina klase politikoa eta gizartearen arteko dibortzioa aipatu duzue. Zer iritzi duzue klase politikoaz? Zein da zuen iritzia euskaldunen eta euskal herritarren izaera politikoez? Merezi ditugun politikariak al dauzkagu?
D. ITXASO. Herri hau esklerosi larrian murgilduta dago aspalditik. Klase politikoa »eta ni horren barruan nago» nahiko maila baxua erakusten ari da, ausardia gutxirekin eta beldur gehiegirekin. Beldurra fisikoa beti da zilegi, nik beldurra diot egunero portaletik ateratzeari. Baina jendeari zer nahi duen edo zer ez duen nahi galdetzeko ausardia gutxi ikusten dut. Ez dute ulertu nahi marko juridiko-politikoek eta legeek jendearen elkarbizitza errazteko tresnak izan behar dutela. Ez autodeterminazioak, ez independentziak, ez Espainiako Estatuko unitate sakrosantuak, ezin dute izan ornamentu batean sartzen den Amabirjina bezalakoak. Aldakorrak izan behar dute eta aldatzeko prest egon behar dugu. Independente izateko estatu bat ematen badigute, eta gero gainontzeko estatuek egiten duten gauza bera egiteko baldin bada, nik ez dut estaturik nahi. Euskal Herria horrelako estatu inperialista bihurtzerik ez dut nahi. Zein estatu mota nahi dugun adostuz gero, inor kanpoan utziko ez duen eredu bat aurkeztuz gero, agian ni ere estatu baten alde egongo nintzateke. Edozein kasutan prest egon behar dugu beti gehiengoaren borondatea errespetatzeko, gutxiengoaren borondatea ere errespetatuz.

U. APALATEGI. Ez zait gustatzen beti horrelako diskurtsoetan lerratu behar izatea. Badirudi euskalduna zarenean beti dena justifikatu behar dela. Baina lehen Gorkak esan duenarekin bat nator. Espainiako eta Frantziako estatuek euskal kulturaren garapen normala kaltetzen ez dutela frogatzen ez didaten bitartean, nik beti nahiko dut euskal estatu bat. Baina historiak frogatzen du kalte egiten dutela. Hor arazo bat dago eta ezin zaio bizkarrik eman. Norbaitentzat hori kezka nagusia ez izatea onartzen dut, eta bere euskalduntasuna modu naturalean bizitzea, ez arazo bat balitz bezala. Baina globalki, garbi ikusten da estatu hauen joera gutxiengo kulturalak kaltetzearena dela.
Klase politikoari dagokionez, nire ustez politikak bere ying-a eta bere yang-a ditu. Ying-a eguneroko arazoen gestioa litzateke, herritarren arazoak pragmatikoki konpontzea eta alderdi politikoak botereari eustea. Alde horretatik esango nuke politikoak profesional oso onak direla Euskal Herrian. Yang-a politikaren alde idealista utopikoa litzateke. Gaur egun ying-ak irabazi du eta yang-a erabat baztertuta geratu da. Politikagintzak yang-a ere behar du ordea, utopia pixka bat, etorkizunean gauzak hobeak izango direnaren esperantza. Kudeaketarako eta boterearen mantentzeko logika batean gaude eta ez dago, zoritxarrez, alderdi bakar bat ere utopia pizten duenik.

G. TORRE. Europako parlamenturako hautagai izan banaiz ere, nik ez dut nire burua klase politikoaren barruan sartzen, niretzat horretaz bizi dena, politika lanbide profesionaltzat duena dago klase politikoaren barruan. Gutxi batzuk ikusten ditut lan hori behar luketen bezala betetzen, hau da, herritarren nahiaren gauzatzeko jarduten dutenak, herritarrei hitza ematen dietenak eta herritarren erabakiak errespetatzen eta ahalbidetzen saiatzen direnak, beren burua eta lagunak aberasteko ez daudenak. Ni hauteskundeetan aurkeztu naiz eta segitu dudan pertsona, Gerard Onesta, zentzu horretan ikusi dut eta horregatik joan naiz berarekin. Gutxi batzuk badira, baina askoz gehiago beharko genituzke. Gehiago dira hori lanbide bezala hartzen dutenak eta, hortaz, kalkulatu egin behar dute lau urteren buruan nola jarraituko duten postu horretan. Datozen hauteskundeak irabazten saiatzen dira, ez jendarteak nahi duena betetzen.

I. ROZAS. Nik ezingo nuke politiko izan. Estruktura ideologiko eta burokratiko baten barruan zaude eta horrek sortu behar dituen presioak oso gogorrak izan behar dutela iruditzen zait. Eta hor badago orain arte atera ez den elementu bat: militantzia kontzeptua. Politikariak eskema ideologiko batean hertsirik daudelako espiritu kritikoa falta dela iruditzen zait. Politikoek espiritu kritikoa izatea oso zaila iruditzen zait, baina politikatik kanpo gaudenentzat ezinbestekoa da. Hemen sekulako itxikeria dago. Militantzia kontzeptuaren ondorioak ikusten ari gara orain: militantziak askotan espiritu kritikoa mugatu du, horrek dakarren guztiarekin, nork bere buruaz pentsatzeko ezintasuna... Militantzia baino, nahiago dut konplizitate politikoaz hitz egin eta hori praktikara eraman.

G. TORRE. Hori militantziaren ondorioz dela diozu?

I. ROZAS. Kasu askotan bai, alderdi batengan hertsiki sinesteagatik. Nik sareetan sinesten dut gehiago. Hori jendetzaren kontzeptuarekin dago lotuta: talde heterogeneo bat elkartzen da gauza puntualetarako eta gero bakoitzak bere bizitza aktiboa eta konprometitua jarraitzen du. Horiek dira sareak, egun hainbat gauzetan funtzionatu duten sareak. Ez da gauza berria, urte batzuk daramatzate sareak funtzionatzen, globalizazioaren aurkako mugimenduak, esaterako. Gero ikusi beharko da zertan bilakatzen diren sare horiek, nola gurutzatzen diren konplizitate horiek.

D. ITXASO. Zurekin bat nator, erabat. Ni alderdi politiko baten barruan nago, baina egunero egiten ari naizenak zer edo zer zalantzan jartzen badit, hori da. Militantzia modelo klasiko eta zaharrak, dagoeneko balio ez dutenak, erreproduzitzen dira oraindik. Gazteok, sare batean sartzean, ikusten dugu nola mugitzen den jendea, nola ikasten den... Alderdi politikoak oso erakunde itxiak dira, endogamikoak, exigenteak eta ortodoxoak. Kosmobisio jakin bat konpartitzeko eskatzen dizute eta hortik irteten zarenean, heterodoxo bihurtzen zarenean, dagoeneko ez duzu balio. Nik, alde horretatik, nire bidea aurkitu dut, nire alderdia aurkitu dut eta nire erara ulertzen dut. Alderdi horren barruan nago, baina nire borrokak dauzkat kongresuetan, borroka horietan beti galdu egiten dut, baina sare txiki bat egitea lortu dugu. Baina, egia da, alderdietan oso zaila dela jarrera heterodoxoak eta kritika onartzea. Horrek, agian, aldaketa ekarriko die alderdiei. Agian gehiegi da alderdi eredu hori bukatuko dela esatea, baina egun Elkarri, Bakearen Aldeko Koordinakundea eta horrelako taldeei etorkizun handiagoa ikusten diet alderdiei baino. Militantziak ez baitu pertsonaren garapenerako batere ekartzen. Alderdi batean sartzen zara idazkari nagusiak esaten duena onartzeko eta pentsatzeko. Horrela nola hurbilduko dugu politika jendearengana? Ezinezkoa da.

G. TORRE. Egia da nire inguruko jendearen artean militantzia hitzak oso konnotazio negatiboa hartu duela. Garbi dut badela militantzia mota bat espiritu kritikoaren apaltzea dakarrena. Baina espiritu kritikoa apaltzea dakarren fenomeno nagusia kontsumo gizartea da. Badira militantzia mota batzuk espiritu kritikoa mugatzen dutenak. Baina militantziarik gabe gauza gutxi sortzen da eta nik gaur egun militantzia eskasia antzematen dut. Militantzia niretzat taldean egitasmo bat mahai gainean jarri eta horren alde lan eginez berau eraikitzea da. Zentzu oso positiboan ikusten dut militantzia. Idealismo gabezia ikusten dut, sistema berak jendea itsutzen du eta idealismo horren ezagutzeko aukerarik ez dio ematen. Idealismo horretara iristeko egile batzuk irakurri behar dira, pentsalarien hausnarketak ezagutu... eta eskolak, telebistak ez zaituzte horretara eramaten. 60 eta 70eko hamarkadatan militantzia positibo bat egon zen, gauza asko eraiki zuena, eta horren faltan gaude gaur egun. Eta, hala ere, ados nago badela militantzia mota bat espiritu kritikoa mugatzen duena eta kaltegarria dena.

I. ROZAS. Militantzia hitza erabili dut, baina militantzia eredu batez ari nintzen, militantzia tradizionalaz. Adierazi nahi nuena zen eskema hertsiak ez duela hitzetik ekintzetara pasatzea ahalbidetzen.

D. ITXASO. Modaz kanpo dago militantziaz hitz egitea, baina oso beharrezkoa da, eta militantzia esatean bakoitzak sinesten duen baloreekiko konpromisoaz ari naiz. Dena dela, demagogia pixka bat ere badago kontu hauen inguruan, politikariek soilik euren boterea mantentzeko lan egiten dutela esaten dutenean. Nik Zientzia Politikoak ikasi nituen eta irakasle batek hauxe esaten zigun: "Alderdi politiko batek transformazioan sinesten badu, agintean denbora gehiago egon nahiko du transformazioa gauzatzeko aukera gehiago izateko". Egitasmo bat aurrera eramateko hamar urte behar badituzu, denbora horretan han egoteko ahalegina egingo duzu. Hori, berez, ez da txarra. Beste gauza bat da horrekin batera beste hainbat gauza etor daitezkeela, soldatak igotzea, korrupzioa... Baina boterean egon nahi izatea gauzak aldatzeko ez zait txarra iruditzen. Bestalde, hainbat elkarte eta GKEk alderdi politikoek garatzen dituzten bizio berdintsuak garatzen dituzte. Ez dut uste hori guztia alderdi politikoen minbizi bitxi batean dagoenik soilik. Boterearen arazoa ez da politikaren arazoa bakarrik. Egia da politikoei plus etiko bat eskatu behar zaiela, baina bizio asko bizitzaren beste arlo batzuetan ere garatzen dira.

U. APALATEGI. Ados nago ohar horrekin. Gizartearen bizioak ere badira eta ezin zaio dena egotzi politikagintzari. Militantziaren gaiarekin jarraituz, militantzia eredu bat da modaz pasatu dena, zaharkitua geratu dena. Baina garai bateko militantziarik gabe ez zen hainbat gauza sortuko. Pentsatzen dut militantzia transformatuz joan dela, ez dela desagertu. Badaude ekintza-sortzaileak gizartea aldatzen dutenak »mikroaldaketak nahiz makroaldaketak izan daitezkeenak» eta ez daudenak zuzenean alderdi politikoei atxikiak. Soilik eredu bat da zahartua geratu dena.

D. ITXASO. Esango nuke zenbait gauzetan aurrera egin dugula gizarte bezala. Nire gurasoekin alderatuz, askoz hobeto hezia nagoela iruditzen zait, baliabide handiagoak dauzkadala jakiteko. Horrela, ideologiak kosmobisio bat diren neurrian, gero eta zailagoa da norbera alderdi bakar baten barruan kokatzea. Kontraesan asko dago: asko gustatzen zaizu alderdi bat esparru batean egiten ari dena, baina ez zaude ados defendatzen duen beste gauza batekin. Jakinduria gehiago duen neurrian, jendea libreagoa ere bada, pentsatzeko, kritiko izateko.

Gatazkan bizi da Euskal Herria, azken 30-40 urteetan jite bortitza duen gatazka. Aldatzeko aukera ikusten duzue? Zuen belaunaldiak eta hurrengoek ekar al dezakete gatazka gainditzeko bidea, elkarbizitzarako bidea?
U. APALATEGI. Eztabaidan zehar askotan aipatu dugu gizartearen aldaketa. Esaterako, militantziaren eredu aldaketaz hitz egin dugu, sareak sortzeaz. Hainbat hitz erabili dugu terminologia postmodernotik hartuak eta badirudi gizartea izugarri aldatu dela. Egia da zertxobait aldatu dela, baina neurri handi batean «ez aldatzen» jarraitzen du. Prozesu horretan gauza asko maila pertsonalean bizitakoak dira. Oso zaila da horrelako gatazka bat ikuspuntu orokor batetik soilik ulertzea, ikuspuntu pertsonaletik ere ulertu behar da. Borroka armatuan sartzea erabakitzen duen gazte baten kasua ikuspegi orokorretik ulertzen saiatzea »badago gatazka bat Euskal Herria eta Espainiaren artean...» izugarrizko akatsa da. Oso maila pertsonaletik abiatu behar da gauza hauek ulertzeko. Askotan politikagintzan familia historia luzeak daude, zure aurrekoek bizitako gauzak transmititu egiten dizkizute eta zuk bizitakoak transmititu egingo dituzu. Hortik abiatu behar da problema hauek ulertzeko lehenik, eta gero konpontzen saiatzeko. Sufrimenduak oso maila pertsonalean, oso sakonean bizi ditugu. Dimentsio pertsonal hori belaunaldiz belaunaldi ondare psikologiko-historiko bat bezala transmititu da eta aintzat hartu behar da.
Bestalde, sinplifikazio bat da gizarte gatazkatsu batean gaudela esatea. Ezagutzen al duzue gizarte ez gatazkatsurik? Ez dut uste bereziki gatazkatsua denik euskal gizartea. Gizarte bakoitzak bere frustrazioak, sufrimenduak ekoizten ditu eta modu batera edo bestera manifestatzen dira, batzuetan modu ikusgarrian indarkeria partikular baten bitartez, beste batzuetan beste modu batera... Baina gizarte guztiak dira gatazkatsuak eta bortitzak, bortizkeriak forma asko hartu baititzake. Gure gizarte moderno honen eredutzat hartzen den Amerikako Estatu Batuak (AEB) ezagutzen den gizarterik gatazkatsu eta bortitzena da. Berriki eman diren datuak ikusi besterik ez dago: populazioaren %12tik gora, 38.000.000 pertsona, pobrezian bizi da. Eta, gero, bertan gertatzen diren hilketa "esporadikoak" aurkezten dizkigute esanaz ero bat supermerkatura joan dela eta tiroz hasi dela besterik gabe. Barkatu, baina horiek gizarte arazoak dira. Gurean frustrazioak modu batera agertzen dira eta han beste modu batera. Gizarte guztiak dira gatazkatsuak eta, gainera, ikuspegi askotatik, gure gizartea nahiko zibilizatua dela uste dut, badago elkarrekin bizitzeko, gozatzeko, gauzak eraikitzeko artea. Ez dugu gure gizarteaz horrelako ikuspegi negatiboa izan beharrik.

I. ROZAS. Ados nago. Azkenean, gure zilborrari begira gaude beti eta kanpora joan behar duzu, besteak beste, eskoltarekin joan behar duten gazteak eta borroka armatuan sartu direlako bizitza izorratuta daukaten gazteak kenduta, hemen oso ondo bizi garela konturatzeko. Suitza txiki batean bizi gara zentzu askotan. Orokorrean begiratuta desdramatizatzeko moduan gaude, baina drama pertsonalak asko dira eta drama pertsonal horien batuketak drama kolektiboak sortzen ditu. Hori belaunaldiz belaunaldi hedatzen joango da, Ur Apalategik esan duen bezala.

U. APALATEGI. Zerbaitek oztopatu egiten du hobeto bizitzea. Utopia kaltegarri batekin bizi gara: gizarte egoera egonkorrak existitzen direla, noizbait lortuko dugula pentsatzen dugu. Ilusio kaltegarria da hori. Gizartea dinamikoa da, aldakorra eta etengabe estabilitate fase laburretatik desestabilizaziora pasatzen gara. Desestabilizazio egoeran bizitzen ohitu behar dugu.

Baina ikusiko ote dugu gure gizartea eskolta eraman behar duten gazterik gabe, gazte belaunaldi bat berriro kartzelatik pasa gabe?
I. ROZAS. Atxagak esan zuen, eta ni erabat ados nago, bi gizarte daudela: telebistarena eta liburuarena. Galderari bide kulturaletik erantzuten diot: espiritu kritikoa piztuko duen kultura bat sortuz etor daiteke aldaketa, kultura modernoa, kosmopolita eta aldi berean gure tradizioari lotua, atzera malenkoniarik gabe begiratzen dakiena... Bi gizarte horiek gero eta nabarmenagoak dira eta Atxagak dioenez, iritsiko da momentu bat non ezingo dugun elkar ulertu. Gero eta ghettoago izango gara irakurtzen dugunak.

U. APALATEGI. Nire ustez oraindik eta konplexuagoa da kontu hau. Telebista ikusten duen jendea dago, irakurtzen duena, eta baita Interneten dabilena ere. Beste termino bat da, ez da ez telebistaren mundua, ez liburuena.

I. ROZAS. Nik Internet mundu horietatik hurbil ikusten dut.

U. APALATEGI. Baina non ikusten duzu Internet, liburutik ala telebistatik hurbil?

I. ROZAS. Internauta asko telebistatik hurbil ikusten ditut, batez ere jarrera pasiboa dutenak. Interneten mugatuak gaude zentzu batean, liburu batean ez.

U. APALATEGI. Ez dakit hain sinplea ote den...

G. TORRE. Gatazkaz ari ginen eta gatazka berez gauza oso positibotzat daukat. Gatazka arazo baten aitzinean ematen den harreman bat da eta arazo hori konpontzeko behar den indarra. Aurkakoa pasibotasuna, dagoena dagoen bezala onartzea litzateke. Egun gizarte gatazkatsu bat dugu eta, esan duzuen bezala, ez dugu gauza negatiboa bezala ikusi behar, beharrei, arazoei aurre egiteko bitarteko bezala baizik. Baina Euskal Herrian badugu beste gatazka mota bat, azken urteetan oso izaera kaltegarria duena, kostu pertsonal eta kolektibo ikaragarrienak sortzen dituena. Eta gatazka nola aldatu da mahai gainean jarritako galdera. Aldatu hitza egokia iruditzen zait, ez baitu esan nahi gatazka desagertuko denik, beste molde batzuekin gatazkan aurre egingo dugula baizik. Gatazka bortitzaren aldaketa belaunaldi berrien gain uztea gehiegi litzateke eta uste dut egun aldaketa horretarako giltzak dituztela batzuek. Giltza handiena Espainiako Estatuak, PPk eta PSOEk dute eta eskuetan duten giltza Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea onartzea da, bere etorkizunaz libreki erabakitzeko eskubidea duen herri bat badela onartzea. Azkenean, giltza nagusia oinarri demokratiko funtsezkoena errespetatzea da, baina euren bortizkeria alde batera uztea ere bai. Lehen aipatu dudan adibidearekin jarraituz, Iruñeko gaztetxearen aferan erabili den bortizkeria aldatu egin beharra dago, gatazka beste zentzu batera eraman nahi baldin badugu. Giltza ertaina EAJk izan dezake. EAJk estatuek gaur egun inposatzen diguten jokotik irteteko indarra egingo balu, interes partidista eta indibidualak bazterrera utziko balitu eta herri honen eskubideen alde urrats batzuk emango balitu, beste giltza hori bere eskuetan luke. Kasu honetan ere, Ertzaintzaren bortizkeria salagarria da guztiz. Giltza txikia, hirugarrena, ETAk du, eta giltza hori jarduera armatua utziz erabili behar du. Nire ustez, giltza horiek itzuli bat eman behar dute lehenik, gero belaunaldi berriek zerbait egin ahal izateko. Denek batera ireki beharko lituzkete ateak baina, beharbada ate txiki bat ireki beharko da lehenik eta hori giltza txikia duenak egin beharko du, ETAk. Euskal Herria irrikan dago behingoz ate batetik sartzeko. Jendea poliki sartuko da, atea txikia delako, baina sartuko da eta egoera honi irtenbide bat emateko aukerak atzemango ditu. Egia esan, gero eta giltza handiagoa, gero eta itxaropen gutxiago dut nik.

D. ITXASO. Guztiek esan dutenarekin bat eginez, nik konfliktoa gizarte moderno anitzaren ezaugarria dela esango nuke. Ez nator bat Gorkarekin gure gatazka berezia dela eta oso itxura txarra duela esaten duenean. Egia da indarkeriak kutsu nekrologikoa ematen diola gatazkari, baina bestela gure gatazka naturaltasunez bizi behar dugu eta irtenbidea hori izan daitekeela iruditzen zait. Ez dut sinesten ez ate, ez giltza, ez edabe magikoetan. Gatazka bideratu behar dugu eta nik horretan sinesten dut. Konfliktoa natural kudeatzen jakin beharko dugu, jakinik Euskal Herrian sentimendu identitario desberdinak ditugula eta bateragarriak izan daitezkeela. Gatazka politikoa konplexua bada, irtenbide politikoek konplexuak eta imaginatiboak izan beharko dute eta nik orain arte, mahai gainean, gure gizarte konplexu honen gatazkari aurre egingo dion planik ez dut ikusi. Ez dut ikusi arkitektura politiko berezia egin denik bizi dugun ezegonkortasun hau konpontzeko. Baina desdramatizatu egin behar dugu, eta gure gatazkak ez du zertan Irlandakoa, Korsikakoa edo Quebecekoa baino zailagoa izan behar konpontzeko. Gainera, iruditzen zait indarkeriak ez daukala inongo etorkizunik. Uda honetan hainbat lehergailu jarri dituzte eta agian hemendik bost egunera zerbait gertatuko da, baina amaituta dagoela esango nuke. Halaber, egia da AEBek indarkeria politikoa erabiltzen dutela eta egunero ikusten dugula hori Iraken, baina iritsiko da unea horren kontra egingo dena eta indarkeria politikoak ez du etorkizunik aurkituko. Agian politikaren alderdi utopiko horretan, yang horretan sinesten dudalako diot hau.
Bestalde, iruditzen zait gehiegi hitz egiten dugula gatazkaz. Nire egoera pertsonala jende gutxik ezagutzen du. Eta berdin, iruditzen zait, presoek eta hauen senideek bizi duten egoera ez dela ezagutzen. Arazoa politizatuegia dago, eta arazoa ez da hain politikoa, batez ere arazo humanoa da. Norbait bere alaba edo aita ikusteko Almeriaraino bidaltzea gizatasun falta izugarria da. Gainera, zauri pertsonalak dituzten pertsona horien artean ere kontrastea falta da. Nik falta dut, bizi dugun egoera politiko esklerotizatuaren ondorioz, preso batekin, bere senitartekoekin edo ETAko militante batekin hitz egiteko aukera, zertan pentsatzen ari den jakiteko aukera, berak ere jakin dezan niri zer gertatzen zaidan, zergatik den niretzat hain zaila gauetan ligatzera ateratzea. Intrahistoria kontatzea eta entzutea gustatuko litzaidake. Ez da egiten eta pedagogia ederra izango litzateke.

Amaitze aldera, zeintzuk dira zuen esperantzak? Zuen belaunaldiak zer ekar dezake egoera aldatzeko? Eta Euskal Herriak zer ekar diezaioke munduari? Egia al da, Koldo Izagirrek dioen bezala, "euskaldunok gure buruaren jabe izateko beldur garela"?
I. ROZAS. Niretzat burujabetasuna ez da lehentasuna. Nik ere zalantza asko ditut horrek gure kultur izaera bermatuko ote duen. Orain horretan badugu autonomia eta aurrera eramaten ari garen kultur ereduekin, batzuekin behintzat, ez nago ados. Gure estatus ekonomikoa bermatuko al du burujabetasunak? Ziur baietz. Baina niri gazte bezala interesatzen zaizkidan beste gauza batzuk bermatuko al ditu? Euskarak, esaterako, denok behar gaitu, eta orain arte ez dugu etorkinez hitz egin. Pentsatu beharko dugu zer egin egunero hona iristen diren etorkinekin, dagoeneko Bilboko San Frantziskon ghetto bat osatzen duten etorkinekin. Nola gizarteratuko ditugu? Euskal Herrian bizi dira eta askok Euskal Herriari buruz ezer gutxi dakite. Kezka gehiago ere baditut, baina hau da nagusienetakoa: zein kultur eredu eraikiko dugu? Ekartzen ari diren kultur ereduak, kultur ekintzetan dauden ekimenak ni behintzat ez naute asetzen. Ez dakit burujabetasunak zer bermatuko lukeen, baina argi daukat interes ekonomikoak bermatuko lituzkeela lehenik eta gero gerokoak.

U. APALATEGI. Burujabetasunaren kontuarekin denok ditugu zalantzak eta zalantzarik handiena, niretzat, euskararen ingurukoa da. Burujabetasunak euskararen biziraupena bermatuko ote du? Nork daki. Euskarak izugarrizko bermea aurkitu du hain zuzen lehen hainbeste gaitzetsi dugun militantzian. Militantziari esker garatu da, militantziak eraman du aurrera euskara. Garbi dago gaur egungo konfigurazio mundialean euskara ez dela inoiz berez, normalki, laguntzarik gabe garatuko. Eta ez da euskararen kasua soilik, hizkuntza handiekin ere gertatzen da. Ikusi besterik ez dago frantsesa nolako gainbehera ari den nozitzen. Munduak horrela funtzionatzen du, ingelesa da nagusi eta besteek zaila dute irauten, merkatuaren kontuengatik. Gaur egun errentagarritasuna da kultur arazoan manatzen duena. Hizkuntza bat merkatuan bideragarria ez bada, oso gogorra da mantendu edo hedatzea. Hori jakinik, euskarak beti beharko du laguntza. Laguntza hori estatu batek emango ote dion? Ez dakit, ez nago hain ziur. Nik ez dakit burujabetasunak zer ekarriko dion euskarari, baina oso ondo dakit burujabetasunik ezak zer ez duen bermatuko. Hortaz, burujabetasunaren alde egingo dut borroka, badaezpada.
Bestalde, gure belaunaldiak zerbait eman behar badu, Ixiarrek aipatu duen liburuaren mundu horri eustea da. Bestela pikutara goaz, gizarte osoa barbariera itzuliko da.

I. ROZAS. Gizarte humanoagoa behar da, eta ez bakarrik zentzu klasikoan.

D. ITXASO. Frantziaren kasua aipatu du Urrek eta ni adibide berdinean pentsatzen ari nintzen. Frantzia burujabetasuna eskatzen dutenentzat bi estatu etsaietako bat izanik ere, bere hizkuntza mantentzeko arazoak dauzka. Ados nago, euskarak beti laguntza beharko du. Ni ez naiz burujabetza politikoaren aldekoa eta horrek ez nau kezkatzen, gaur egun duen burujabetza baino handiagoa izan beharko lukeela pentsatu arren, beti hobea delako instituzioak ahalik eta gertuen izatea. Duela 25 urte Autonomi Estatutua sortuz geroztik urrats interesgarriak eman dira euskararen etorkizunerako. Segur aski ez dira nahikoak, baina duela 25 urte baino egoera hobea ekarri dute.
Bestalde, uste dut euskal herritar bezala ezer gutxi ekartzen diogula munduari. Gureari bakarrik gehiegi begiratzen diogu eta asko falta zaigu herri kosmopolita izateko. Katalunia herri independentista eta errebindikatzailea da, baina askoz ere kosmopolitagoa ikusten dut. Euskaldunoi gehiago irekitzea falta zaigu, kanpotik beste eragin batzuk jasotzeko prest egotea. Munduari hizkuntza milenario eta errepikaezina eskaintzen diogu, nortasun bat eskaintzen diogu, baina bestela ezer gutxi. Ixiarrek etorkinak aipatu ditu eta oraindik etorkinekin gatazka txikia daukagu, askoz ere handiagoa edukiko dugu. Madrila edo Bartzelonara bazoaz, errealitate hori barneratuta eta metabolizatuta dago hiritarrengan. Donostian orain hasi da afera Alde Zaharrean azaltzen eta sekulako istiluak dauzkagu. Etorkinen kontua oso ondo etorriko zaigu, benetako ahalegina egin beharko dugulako egokitzeko, eragin interesgarria izango delako gure gatazka eraldatzeko. Gaurko konfliktoa planteamendu etnikoetan oinarrituta dago, baina etorkinen fenomenoak asko aldatuko du gatazka; beste era batera bizi beharko dugu eta beste gatazka bat bihurtuko da. Benetan jakingo dugu zein arazo dituzten gizarte modernoek elkarbizitzarekin eta aniztasunarekin. Mesede handia egingo digu.

G. TORRE. Burujabetza, orokorrean, zentzu positiboan erabiltzen dudan hitz bat da. Norbere buruaren jabe izatea garrantzitsua iruditzen zaidan bezala, kolektiboki nor bere buruaren jabe izatea ere garrantzitsua da, azken finean. Erabaki behar duguna hemen erabaki ahal izatea, hori ulertzen dut nik burujabetzaz. Ez dut inork nire erabakia baldintzatzerik nahi. Neoliberalismoa transnazionala da eta estatuak eraiki edo ez, ekonomian zaila da gauzak aldatzea. Nik uste dut burujabetza kulturalki zaigula beharrezkoa, euskara Euskal Herri osoan ofiziala dela esateko, adibidez. Atzerritarrak gara gure herrian. Duela hilabete epaile baten aitzinean nengoen Baionan eta euskaraz hitz egitea ukatu zidan. Burujabetza behar dugu araudi batzuk finkatu eta, gutxienez, berdintasuna bermatzeko. Arlo sozioekonomikoan ere, gauzak beti hobeki egiten dira erabakiak bertatik hartzen direlarik, tokia ongi ezagutzen duen jendeak erabakitzen duelarik. Horrek maila txikian, nahiz maila handian balio du. Sobietar Batasuneko inperioak nola kontrolatuko zuen ongi Azerbaijango puntan gertatzen zena? Mendekotasunak eta zentralismoak bere ezintasuna erakutsi du tokian tokiko errealitateak ongi kudeatzeko. Boterea herritarrarengana hurbildu behar da. Euskal Herriaren burujabetza aipatzen dudalarik alabaina, ez nuke nahi Euskal Herrian beste zentralismo bat eraikitzea.

I. ROZAS. Ezberdin ulertzen dugu burujabetasuna. Nik Hegoaldeko ikuspuntutik ulertzen dut. Nik zalantzak ditudala esaten dudanean, hemen daukagun autonomia hartzen dut oinarri. Autonomi honekin dezente egin dezakegu eta zein kultur eredu ari gara sortzen? Daukagunarekin hau egiten dugu eta ez zait nahikoa iruditzen, minimoa iruditzen zait. Zalantza dut gehiago edukita gehiago egitea bermatuta dagoenik.

G. TORRE. Baina Hegoaldeko ikuspuntutik ere burujabetasuna lortzeak gatazka aldatzea ekarriko du. Eta gatazka aldatzerako indar anitz askatuko ditu. Gaur badago burujabetasun maila bat eta batzuek burujabetasun maila hori euren ikuspegitik erabiltzen dute, baina pentsatu nahi dut beste batzuk beste burujabetasun maila baten alde borrokatzen direla, burujabetasuna beste molde batera erabiltzeko. Hegoaldean bada burujabetasun maila bat baina gatazkak indar sortzaile anitz itotzen ditu.

I. ROZAS. Ez dut uste hori gatazkarengatik bakarrik denik. Gabezia gehiago ere badaude.

Jose Luis Padron: «D-generazioa»
Hogeita hamalau urte ditut, ia hogeita hamabost. Uste gabean, bizilegeak atzera idazteko baimena eman dit. Baimena bai, baina ez oraindik jakinduria nahikoa. Gure garaiaren menpeko gara, eta bertan galdua sentitzen naiz egunean ere. Horregatik, ez da bidezko orokortasunari tentatzea, ezin baitaiteke onik atera, gezurraz ez bada, eta nahikoa egingo dut hitza nik dakidan gutxi horretatik eramanaz.

Gutxi dakit nik. Uste dut uste, gerra garaia baino okerragoa dela gerra garaiaren biharamuna. Biharamunean ez baitzen berriz aipatzen erlojuen zorionik. Berotik igartzen nuen bakarra sukarrak hartuta nengoela zen. Geldi-geldia denbora, euliak Gipuzkoa Aurrezki Kutxako egutegien kontra bezala. Sua, bai, pizten zen sua sukaldean, baina eserlekuak, itzalak, irrati ahotsak eta afalondoak, dena zen hotz su aurrean, eta iraganak erre egiten zuen, gauak erre egiten zuen, aiton-amonen erretratuek erre egiten zuten, hotzikaraz erretzen nintzen ni txoriekin edo euliekin edo heriotza hotsekin. Diktaduraren garaia, niretzat, gure aitaren begien azpian pena putzu bat da, eta handik min, amorru, isiltasun, etsipen, maitasun erreka meheak isurtzen zaizkiola bihotzarekin parez pare haur denborantza. Ez dut ahazten.

Gutxi dakit nik. Uste dut uste euri ttanttak grisak direla langile jendearen etxeak bezala. Grisa zen euria gure etxeko paretetatik. Grisak ziren poliziak, grisak txakurrak, mundu guztiko tortura gelatako eskailerak, grisa zen ere tren grisetan urrutitik etorritako jendea, grisa zen ardo beltza, grisak autoak, eskaparateak, eztulak, ikastoletako mapa eta gorputz-eskeletoak, elizak, drogak, masturbazioa, postalak, paradisua. Gero, bai, esnatu egin ziren koloreak, eta marroiak, beltzak, berdeak eta gorriak dira gaur poliziak, ilun distirantezkoak hilotz-kotxetako kristalak, gero eta argiagoa gure beldurra, angustia, depresioa, desesperantza, dezepzioa. Kolore gehiegi, promesa gehiegi, argi gehiegi demokrazia honen gezur gaitza ikusi ahal izateko. Ikusi-makusi zer ikusi, botere alderdiek bere jendea ongi kolokatua uzteko bai balio izan duela demokraziak. Ikusi-makusi zer ikusi, gerrak ziurtatzen du demokrazia gaur. Ikusi makusi zer ikusi, izorratutako jendea berbera da beti.

Gutxi dakit nik. Uste dut uste ergelkeriak sorgindu egiten gaituela telebistak bezala. Gure aurrekoek hitza hartu zuten, euskal eskola ez ezik, unibertsitatea ere emango zigutela, poz-pozez, kosta ahala kosta, euskal gizarte modernoaren defentsa-bide bezala eta bai, batez ere, onbehar guztienganako helburu eder gisa. Ikastolaratu gintuzten, irakasle eta gurasoen gehiengoari kale bana jartzeko moduko ahaleginean, eta sartu ere bai Euskal Herriko Unibertsitatean, eta ai!, laguna! unibertsitate hark, sinets ezazu, orduan, herritarrei adarra jo eta lau katedradun apojaleren txantxulloak egokitzeko makineria gaitza besterik ez zirudien! Hori, bai, EGA, hizkuntz-perfilak denak, Euskal Unibertsala saria, Euskal Telebista, Euskobarometroa, Euskaltel… jende preparatua gara, konpromisoa gaur negozio zikina denik ezin esan, normaltasuna bizi duen beste edozein herri modernoren parera.

Gutxi dakit nik. Uste dut uste bizitza bakarra dela, eta politika, gaiztoa. Patera batean bezala sentitzen garela gure herrian, ekaitza batetik bestera dihoakeen patera gisako zerbaitetan. Lau haizetatik babestuz. Zabal-zabal eginda badago ere, zerua itxita ikusten dugula. Kanpoan argi egon arren, ilun dago esaten diogula elkarri. Gurean eta lurraren gainean, orain, politika beste gauza izugarririk ez dago.

Gutxi dakit nik. Uste dut uste gorrotoak eta indarrak, nahiz eta bakearen alde erabili, gorrotoari eta indarkeriari baino ez diotela men egiten. Gaur, bakeaz ari direnean, ez dira gizakien arteko elkartasun estatu modu batekin pentsatzen ari, gizakiaren barne-garapen guztizkoarekin ere ez, gerra edota borroka armatua ebitatzeaz baizik. Gatazka gainditzeko aukerak oso urriak dira. Esperantza gutxi, egia esan, baina bizitzaz eta gizarteaz ari garelako ezin gaitezke ibili kalkulu eta portzentaietan, konponketarako aukera bakar bat existitzen den bitartean horretara jarri beharreko plangintzan baizik. Ez garailerik, ez galtzailerik; interes amankomunen onarpena; gizaki multzo handien mobilizazioa bakearen ideiaren alde, iritzi publikoarengan eta agintariengan eragin zuzena izateko helburuarekin; "humanismo erradikala" gisako zerbait, gizarte berri bat eta gizaki berri bat,… eta hala ere, ez litzateke nahikoa.

Gutxi dakit nik. Uste dut uste, gu garela berpiztu behar garenak eta ez hildakoak. Guretzat antolatu zen esperantza eta amets festa guzti hura, hasieratik amaiera arte, patraña hutsa baino ez dela izan. Konturatu gara, jende preparatua baikara, baina gizarte industrialak eta kontsumo-kulturak hustu egin gaituzte, drogazalearen manerak gugan barneratzeraino manipulatu, alferrik galdu. Atrebentzia handiz esan nezake "berpiztuko gara" Euskal Herrian, Munduan ere bai, baina formula optimistak aipatzen hastea orain euria sortarazteko indiar dantza bati ekitea bezain erromantikoa eta alferrikakoa litzateke.

Santiago Leoné: "Garai interesgarriak"
Garai interesgarriak bizitzea tokatuko ahal zaizu!": Txinan erraten omen den errefraua da. Bitxiena da, hala ere, lagunei ez, etsaiei opa dietela txinatarrek garai interesgarriak bizitzea, halako garaiak zailak izanik ulermen ahalegin bereziak eskatzen baitituzte. Gauzak egoera batetik bertze egoera batera aldatzen ari diren aroak, trantsizio aroak alegia, interesgarrienetako eta, beraz, zailenetakoak izaten dira, eta irudipena dut hori dela hain juxtu Euskal Herrian azken aldiotan gertatzen ari dena. Zehazte aldera, memento honetan bi trantsizio abian daudela erranen nuke, bata Estatu mailan »eta, hortaz, soilik Hego Euskal Herriari dagokiona» eta bigarrena euskal mundu politikoan.

Nire ustez Ibarretxeren plana baino gehiago, Kataluniako egoera dela eta, baliteke Espainiako Konstituzioa »edo Konstituzioaren zenbait puntu» azkenean erreformatuko direla. Erdiesten ahal diren eskumenez gain, balizko erreforma horrek bertze aukera batzuk eskainiko lituzke: Euskal Herria nazio bat dela onarpen sinbolikoa lortzekoa; edo Konstituzioaren 2. artikulua, eta horrekin alde batetik espainiar nazionalismoa eta bertzetik frankis- moaren eragina testu konstituzionalean, eztabaida publikoaren erdigunean kokatzekoa. Biak, uste dut, beharrezkoak dira. Beharrezkoa da Espainian nazio bat baino gehiago daudela onartzea »gero hortik ondorioak ateratzeko, baina baita gertakari horren garrantzia erlatibizatzeko ere»; eta premiazkoa da espainiar nazionalismoaz mintzatzea »eta, beharbada, horretarako ikuspuntu pribilegiatua dugu euskaldunok, oraindik orain plazaratu izan den liburu batek erakusten duenez». Dena dela, baliteke balizko erreforma hori gauzatzea, ez baita gauza batere ziurrik.

Goazen orain euskal mundura eta has gaitezen honako proposamen honekin: baliteke euskal gatazkak beti bezain gatazkatsu izaten jarraitzea, baina agian ez lehen bezain bortitz. Hau da, ez dut uste gatazka amaituko denik »bortizkeriaz haratago doan zerbait den heinean, kultura eta sentimendu nazionalen arteko konfliktoa den neurrian» baina ETAren ondorengo fase batean sartzen ari dela edo, bederen, sartzeko aukera daukala iruditzen zait. Behinik behin, gauzak ildo horretan mugitzen hasiak dira urte batzuez geroztik.

Garai batean bazirudien ETArik gabe umezurtz geldituko ginatekeela guztiok »batzuk zein bertzeak» gure diskurtso politikoan. Eta hala da batzuen kasuan: nabarmenena, ezbairik gabe, PPrena, martxoaren 11ko atentatua kosta ahala kosta ETArekin lotzeko saio desesperatuak erakusten duenez. Bertze tokietan, berriz, gauzak mugitzen hasi dira eta horren froga Nafarroa Bai-k lorturiko arrakasta azken hauteskunde orokorretan. Erran nahi da ETAtik urruntze hori ez dela soilik bortizkeriaren kontrako jarrerara mugatu, baizik eta plan eta estrategia berriak sortzeko bidea eman duela. Beraz, Itxaro Bordak Hiruko liburu bikainean aldarrikatzen duen bezala, euskaldunok ETArekin bukatzeko erantzukizuna gure gain hartu dugu eta, ondorioz, gu geu gara gatazkaren "izaera politikoa" »hots, konpontzeko ere baliabide politikoak, ez militarrak, eskatzen dituena» onartzen dugun lehenak.

Ikus daitekeenez, aipaturiko bi trantsizio-prozesu hauek neurri batean elkarrekin loturik daude edo, hobeki erranda, elkarri eragiten diote »elkarri eragite honetaz gainera, noski, kanpoko indar gehiagok baldintzatzen dituzte biak». Batzuen eta bertzeen jarrerak nolakoak diren, trantsizioak aitzinera atera edo bertan behera geldituko dira. Nire iduriko, malgutasuna da giltzarria, susmoa baitut "tinko eta gogor" leloa »hemen edo Madrilen» erotismorako egokiagoa dela politikarako baino.

Orain arte baikor agertu banaiz ere, ez litzaidake gure ustezko etorkizuna arrosaz pintaturik aurkeztea gustatuko. Zeren, zergatik ez dituzte politikariek gure itxaropenak oraingo honetan suntsituko, iraganean behin baino gehiagotan egin duten bezala? Nik abian ikusten ditudan bi aldaketa-prozesuak hauskorrak dira eta ausardiaz jokatu behar da ongi burutu daitezen.

Hala ere, lehen erran dudan legez, ez dut uste gatazka bukatuko denik. ETArekin edo ETArik gabe, adibidez, beldur naiz UPNk euskararen aurka jarduten jarraituko duela, intolerante batzuek intolerante izaten jarraituko dutela beldur naizen bezala. Neurri handi batean, gatazka identitateen arteko gatazka da »Nafarroa talaia ezin hobea da horretaz konturatzeko» eta alor horretan argudioak aurkezteko eta arrazoiak emateko toki zabala egon arren, jarrera intolerante eta ez-demokratikoak erakustekoa ez da batere txikia.

"Euskal arazoa" ez da, ez hurrik eman ere, bortizkeriara mugatzen; hortaz, ETA aztarna arkeologiko bihurtzearekin »bihurtzen ari den moduan», arazoa ez da desagertuko; alderantziz, zaildu eginen da. Izan ere, hori izan da bortizkeria politikoaren "bertuteetako" bat, aukerak sinplifikatzea eta gai batzuk tabu bihurtzea, alegia: demokratak eta biolentoak, onak eta gaixtoak. Bortizkeriaren estakuru gabe, ñabardurak egiten, ahotsak bereizten eta gai guztiez mintzatzen ikasi beharko dugu. Hori da dugun aukera. Gure garaiak are interesgarriagoak izan daitezen.

Ainara Armendariz: «Euskal Herria gaur eta etorkizunean»
Jada 26 urte baino gehiago pasatu dira arratsalde hartatik eta, hala ere, iruindar askok inoiz ahaztuko ez duten eguna izan zen 1978ko uztailaren 8a. Egia da Francok hiru urte hilik zeramatzala baina berak dena ongi lotuta utzi zuenaren froga adierazgarria izan zen; izan ere, jende askoren ustez gaur egungo azken hamarkadetan bizitakoak eta gaur egungo egoerak berak ere frankismoaren kateen bitartez lotuta jarraitzen du.

Nik ez dut egun hori gogoratzen oso txikia bainintzen, baina izebak kontatutakoa frankismoaren inguruan dudan bizipen garrantzitsuena dela esan daiteke. German Rodriguez hil zuten egunean poliziari ihes egin nion korrika nire izebaren besoetan eta 26 urteren ondoren, duela bi edo hiru aste besterik ez, Iruñeko Euskal Jai gaztetxearen aldeko manifestaldietan nire belaunaldiko askok bere seme-alabak besoetan zituztelarik berriz ere poliziaren bortizkeriari ihes egin zioten.

Errepresioa da gure herriak bizi duen errealitate gordinaren adierazlerik garbiena eta sasi demokrazia honen benetako aurpegiarena ere bai. Trantsizioa deitutako garai horretan diseinatutako eskemak ez du gure herria aitortzen eta ditugun eskubideak bermatzen. Estatuaren indartzeko helburuz jarri zen martxan eredu autonomikoa, Francoren Espainiaren kontzeptua mantentzeko haustura eta aldaketaren itxura eman behar zelako. Euskal Herrian inposaketa besterik ez zitzaien gelditu. Konstituzio espainiarra Euskal Herrian ez zen onartu, EAEn aukera bakarra jarri zen mahai gainean Estatutuarekin jendarteari izugarrizko txantajea eginez eta Nafarroan, paktuaren teoriaren bitartez iruzur ikaragarria egin zitzaien nafarrei eta Foru Hobekuntza onartzeko ez zen erreferenduma ere burutu.

Nire belaunaldikoak aldaketaren ilusioarekin hezi gaituzte gure gurasoek, irakasleek eta abarrek, eta ondoren heldutasunera iristerakoan errealitatearekin topo egin dugu. Guk ere ez dugu bakea ezagutu.

Herri honek urteak daramatza estatuen errepresioa pairatzen, otso beltzaren aurrean korrika egiten, baina herri honek korrika egitea baino piztiari aurre egiten ere jakin izan du eta lana eta borrokaren bitartez urrats garrantzitsuak eman ditu askatasunaren bidean.

Euskal Herriaren izena eta izana bera ere ukatzen dute espainiar eta frantziar estatuek; espainiartasuna eta frantziartasuna inposatzen digute. Baina Euskal Herria, Nafarroako erresumatik hona bizirik iraun duen herri bat da. Bere nortasuna, bere hizkuntza, bere kultura eta bere izateko nahia bizirik mantendu dituen herri ireki eta anitza. Hori da momentu honetan gure belaunaldikook eskuetan daukagun altxorra, ederki zaindu behar duguna, hurrengo belaunaldientzat betirako irabazi behar duguna.

Frankismoaren erreformak gure herriaren zatiketa berretsi zuen baina Euskal Herriak ez ditu horregatik bere eskubideak galdu. Zazpi lurraldez osatutako herri bat da eta herri honek bere etorkizuna askatasunean erabakitzeko eskubidea dauka. Autodeterminazioaren gauzapenaren bitartez, euskal herritar guztiok dugu eskubidea gure herriarentzat nahi dugunaren inguruan iritzia emateko.

Eta bi hamarkada luze baino gehiago pasa direnean, egungo ereduak ez duela balio esaten dute batzuek eta besteek; batzuek, hasieratik markoak balio ez zuela argi zutelako; besteek, behingoz, zorionez, ikusi dutelako euskal jendartearen gehiengoak erabat barneratuta daukala herriak duela hitza eta erabakia. Guk geuk erabaki behar dugula zer nahi dugun izan. Horregatik trantsizio berri batez hitz egiten da. Eta egia da momentu hauetan aukera handiak daudela herri honek horren beharrezkoa duen eskenatoki demokratikoa lortzeko.

Jada 40 urtez luzatzen den gatazka gogor batean bizi gara. Bakera iristeko bideak ireki behar dira Euskal Herriko eragile ezberdinen arteko elkarrizketa eta akordioaren bidez. Guztion erantzukizuna da ausarki eta herri perspektibarekin jokatzea. Egungo egoerak eskaintzen dizkigun aukerak ezin ditugu galdu. Beraz, irtenbide partzialak eta partidistak alde batera utzi behar dira egoera konpontzeko balio ez dutelako eta Euskal Herri osoak herri gisa duen autodeterminazio eskubideari bide ematen ez diotelako. Prozesu horretan jendartearen sektore ezberdinen parte hartzea ezinbestekoa da. Azken hilabeteetan urrats garrantzitsuak eman dira zentzu horretan, eztabaida gune nazionalaren sorrerarekin eta mahai gainean jarri dituen proposamenekin. Hori da gure herrira askatasuna eta bakea ekarriko dituena; alde batetik, gure herriaren etorkizunerako ezinbestekoak diren elementu politiko, kultural, sindikal eta sozialak eraikitzea guztion parte-hartzearekin eta bide batez, gatazka gainditzeko eta Euskal Herriarentzat demokrazia eta bakea erakarriko duen elkarrizketa eta akordioa ahalbidetzea; euskal herritar guztion borondatea azalaraziko duen galdeketa bermatzea.

Esan daiteke gure belaunaldiko gazteok errealitate faltsu batean bizi izan garela; demokrazia batean jaio omen ginen baina gure bizian zehar demokrazia faltsu horren mozorroa erori da. Orain errealitate hori gure eskuetan daukagu eta guri dagokigu errealitate faltsu hori benetakoa bilakatzea gure Euskal Herrian. 78an German Rodriguez iruindarra hil zuen estatu faxistari aurre egiten jarraitzea dagokigu, arratsalde horretan iruindarrek egin zuten bezalaxe, azken urteetan hainbat eta hainbat euskal herritarrek egin duten bezalaxe. Eta horrekin batera, AEK-k antolatzen duen korrikan gertatzen den gisara, gure herriaren askatasunaren alde pauso arinez eta tinkoz jarraitu beharko dugu. Guk geuk eraiki beharko dugu demokrazia gure herrian; hatzaparretatik kendu beharko diegu estatuei geurea dena. Guk daukagu orain lekukoa.

Mahaikideak
Ur Apalategi Idirin
Paueko unibertsitateko irakaslea

Parisen jaio zen 1972an. Euskal literatura garaikidea irakasten du Paueko Unibertsitatean. La Naissance de l'écrivan basque /Euskal idazlearen sorrera lanaren egilea da, Bernardo Atxagaren obraren azterketa. Beterriko liburua saria irabazi zuen 1997an Gauak eta hiriak nobelarekin. Hurrenez hurren Elkar eta Erein argitaletxeen eskutik plazaratua. Gaztelaniaz Las Relaciones imperfectas (Hiru). Berriki Gure gauzak S.A. eleberria (Utriusque Vasconi‘) kaleratu du.

Denis Itxaso
Donostiako udal zinegotzia

Donostian jaio zen 1975ean, baina pasaitar da izatez. Pasaia-Lezoko lizeoan ikasi zuen. Leioako Euskal Herriko Unibertsitatean Zientzia Politikoetan lizentziatua da. Gemma Zabaletak gidatzen duen Euskal Sozialismo Berria ildoko kidea da. Mano izquierda. Una nueva política frente al colapso vasco (Alberdania) liburuaren egilea da Gemma Zabaletarekin batera. Donostiako udalean zinegotzia da PSE-EEren izenean, Kultur eta Turismo Ekintzetxeko (CAT/KTE) arduraduna izaki.

Ixiar Rozas
Periferike egitasmoaren sortzailea

Lasarte-Orian jaio zen 1972an. Kazetaritzan lizentziatua, idazle eta gidoigilea da. Edo zu edo ni du lehenengo literatur lana. Gero etorriko da/Luego les separa la noche (Erein, 2003) berak burututako Sartu, korrontea dabil (Erein, 2002) nobelaren itzulpena da. Urrian Gau bakar bat/Una sola noche antzezlana (Hiru) kaleratuko du. Hainbat genero jorratzen ditu: antzerkia, poesia, gazteentzako nobela eta ipuingintza. Periferike egitasmoaren sortzailea eta bultzatzailea da.

Gorka Torre
Seaskako irakaslea

Baionan sortu zen 1974an. Iparraldeko ikastoletan ikasketa guztiak egin dituen lehen ikasle belaunaldikoa da. Goi mailako ikasketak Okzitaniako Tolosan egin zituen, Natur Zientzien arloan. Baionan bizi da eta Natur Zientziak irakasten ditu Seaska ikastolan. Gazte idealistak eleberriaren egilea da (Gatuzain, 2001). Demoak »Demokrazia Euskal Herriarentzat» Iparraldeko talde desobedientzialarietako kidea da. Europako bozketan Gerard Onestaren Berdeak hautagai zerrendan aurkeztu zen.


Azkenak
Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


2024-11-29 | Euskal Irratiak
Eguberriko merkatu solidario, etiko eta euskaltzale bat Baionan

Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.


Komunikazio libreago baterantz

Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.


Eguneraketa berriak daude