argia.eus
INPRIMATU
Eguzkia hartzeak mendetasun fisikoa eragin omen dezake
Jabier Agirre 2021eko uztailaren 27a
Ipar Carolinako Wake Forest unibertsitateko ikerlariek egin duten ikerketa baten arabera »bertako Dermatologia Elkartearen egunkarian argitaratua», eguzkia hartzeak adikzio fisikoa eragin dezake. Zientzialari amerikarrek uste dute eguzkiaren izpi ultramoreek odolean substantzia kimikoak askatzen dituztela, eta gai horiek aldartea "bizitu" eta ongizate-sentsazioa ematen diotela pertsonari. Txostengileen arabera, eguzki-izpiek ematen duten ongizateak azalduko luke zergatik pertsona askok larruazaleko minbiziaren arriskuari muzin egin eta behar baino denbora gehiago ematen duten eguzkipean.
Ikerketak 16-34 urte bitarteko 140 pertsona aztertu zituen, astean bitan eguzkia hartzeko ohitura zutenak. Boluntario bakoitzak 15 minutuz eguzki izpi ultramoreak hartzen zituen aurrena, eta ondoren, izpi ultramorerik gabeko eguzki-oheetan beste 15 minutuko saioa egiten zuen. Zientzialariek ez zieten esaten boluntarioei zein ohetan hartzen zituzten izpi ultramoreak. Eta egun batzuen ondotik, erabili nahi zituzten eguzki-oheak beraiek aukeratzeko eskatu zieten boluntarioei: % 94ek izpi ultramoreak igortzen zituzten oheak aukeratu zituzten, "haietan hobeto sentitzen zirelako, eta erlaxatzen laguntzen zietelako".
Ikertzaileek sumatu zuten beltzarantzearekin batera, gorputzak endorfinak askatzen dituela odol-korrontean. Endorfina horiek berak dira ariketa fisiko gogorreko saio baten ondotik izaten den ongizate-sentsazioa eragiten duten substantziak. Eguzkia sarri hartzen duten pertsonek, beraz, endorfinek eragindako gogobetetasun-sentimendu horrekiko adikzioa edo mendetasuna garatzea bide horretatik ulertu behar da.