argia.eus
INPRIMATU
Bill Viola: zentzumenak hausnarketarako
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko uztailaren 19a

Zentzumenentzat opari ederra osatzen dute Bill Violaren azken lanek, ikusmenarentzat bereziki. 70eko hamarkadan hasi zen Viola baliabide elektronikoekin lanean eta ordutik bideoa izan da bere artelanen oinarri. Erakusketa honetan azken urteotako bideo eta soinu instalazioak biltzen dira: Egunera irtetea (2002), Bost aingeru milurtekorako (2001), Mezularia eta Gurutzatzea (1996koak biak).

>Egunera irtetea

Soinuz lagundutako bideo digitaleko bost proiekziok osatzen dute lan hau. Ura, sua, paisaia, gizakia... erabili ditu estatubatuarrak, fresko pintura gogora dakarren estetikarekin. Baina gozamen estetikoaz haratago, artelan honek bizitza, heriotza eta birsortzearen zikloa iradokitzen du 35 minutuko proiekzioan. Titulua bera, Egiptoko hildakoen liburutik hartua da. Antzinako egipziarrek sinesten zuten moduan, lan honetan arima gorputzaren iluntasunetik aske geratu eta argira irteten da.

Bost aingeru milurtekorako

Hau ere formatu handiko instalazioa da eta bost proiekziok osatzen dute. Guztietan gizaki bat, «aingerua» ageri da uretan murgilduta, ur azpiko mundu misteriotsuan, zeruaren eta lurraren artean edo, nahi bada, bizitza eta heriotzaren artean. «Aingerua» ustekabean azaltzen da aretoko paretetan, bat-bateko argi eta soinu eztandan. Eduki aldetik aurreko instalazioa baino anbiguoagoa da honakoa, baina indartsuago astintzen ditu bisitariaren zentzumenak.

Mezularia eta Gurutzatzea

Bi instalazio hauek ez dira besteak bezain berriak, baina edukietan duten loturagatik hautatu dituzte erakusketa honen osagarri. Mezularia bideoa iluntasunaren erdian agertzen den forma txiki eta zehaztugabearekin hasten da eta, denborak aurrera egin ahala, gero eta garbiago ikusiko da gizaki baten irudia dela, azkenean ozen arnas hartzen entzungo dugun gizakia. Gurutzatzean alderantziz gertatzen da, bi proiektorek aretoaren erdian sortzen duten giza irudia naturaren indarrek suntsituko baitute.

Lau obra hauetan artistak elementu berberak erabiltzen ditu (sua, hura, gizakia...) gai berberen inguruan hausnarketa egiteko (bizitza eta heriotzaren zikloa). Finean, ikuslearen erantzuna lortzeko formula betetzen du Bill Violak: gai sakonak lantzen ditu, baina modu oso estetikoan eta ikuslearen zentzumenetara zuzenean joz.