argia.eus
INPRIMATU
Argi bila
Itxaro Borda 2007ko otsailaren 21a
Begiak ireki eta ikusten da itsasoa zabal, ezti, urdin. Ortzaizean eguzki arrasaren argia harrizko mutur ilunagoekin jostatzen bezala da. Uharteak itsasoa bezain urdin daude: nekez iragartzen da bat-batean lur eta ur hegiaren muga, bat baldin bada bederen. Zerua arros bilakatzen da eta bidaiariak begiak hersten ditu.
Ontziaren motorra aditzen da, txori zeihar zenbaiten heiagorak, han urrunean delfin saldo baten uhin arteko punpearen oihartzuna: goizaldea izan daiteke, jendeak elekari higatzen dira, gurutzearen seinalea dagitela kapera zuri ortodoxoa begistatzen duten ber. Eskuan daramaten kundera musukatzen dute aldi oroz. Argiaren mirakuilua eskertzen dute buruak makurtuz: aintza!
Badoa oraindik ere lurtasuna ahantz lehiaz. Ez daki itzuliko denez eta itzultzen bada argiak eragin itxuraldaketaren ondorioak nolakoak suertatuko zaizkion: arroztasunak on egiten dio. Ezezagunak bere eguneroko ohiturak zalantzan jartzen dizkio eta hori gustatzen zaio.
Itsasoa ama bat da, harkor, amoltsu, bero.