argia.eus
INPRIMATU
Zer da: Funtsen komisioak
Daniel Udalaitz 2007ko otsailaren 21a
Inbertsio-Funtsen errentagarritasuna asko baldintza dezakete funts jakin bat kontratatzerakoan aplikatzen diren tasa edo komisioek. Hainbesteraino, non zenbait funts ez baitira errentagarriak kontratatzeak sortzen dituen gastuengatik eta une bakoitzeko egoera ekonomikoagatik (inflazio handiagokoa edo txikiagokoa, esate baterako). Funtsen komisioak tasa batzuk dira, haien kudeatzaileek (gehienetan finantza-etxe edo aseguru-etxe bat) harpidetzeagatik, kudeatzeagatik, gordailutzeagatik eta berrordaintzeagatik kobra dezaketena. Komisio horiek muga batzuk izaten dituzte. Muga horiek ezberdinak dira diru-funtsak (MMAIF) ala inbertsio mobiliarioko funtsak (IMF) izan. IMFen kasuan, gordailuko komisioak ezin du gainditu ondare gordailutuaren %0,20a urteko, eta harpidetzeagatiko eta berrordaintzeagatiko komisioen baturak ezin du gainditu partizipazioen prezioaren %5a. Kudeatzeagatiko komisioaren mugak ezberdinak izaten dira ondareari aplikatzen zaizkion (%2,25), errendimenduari (%18) ala bi aldagai horiei batera (%1,35 eta %9 hurrenez hurren). MMAIFen (Merkatu Monetarioko Aktiboetako Inbertsio-Funtsak) kasuan, kudeatzeagatiko komisioak halaber ezberdintzen dira ondareari aplikatzen zaizkion (%1), errendimenduari (%10) ala bi aldagai horiei batera (%0,67 eta %3,33 hurrenez hurren).