argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2007ko otsailaren 21


Plutonio estatubatuarra Erresuma Batuko lurretan

1950eko hamarkadan AEBetako Nevadan egindako saiakera nuklearrek Europako mendebaldea poluitu dute. Rothamsted Research-eko ikerlari ingeles talde batek saiakera hauen arrastoak aurkitu dituzte Erresuma Batuko lurretan. Aurkitutako kantitateak oso txikiak izan dira eta antza denez, ez dute inongo arriskurik sortuko ingurumenean.
Aurkikuntza hau orain 160 urte sortutako dinamikan kokatu behar da. Izan ere, 1843. urtean Rothamsted domeinuko nagusia zen John Bennet Lawes jaunak kimikari bat kontratatu zuen ongarriek bertako lurretan eragiten zituzten ondorioak ezagutu asmoz. Garai hartatik gaurdaino ikerketa ugari egin da eta urteen poderioz espezialdu egin dira ingurumenaren aldaketan, poluzioan eta Txernobilen antzeko enpresa-istripuen ikerketan.
Azken ikerketen ondorioek ez dute hautsik harrotu, baina hurrengo saiakera nuklearrak iragartzean ziur urrutiko herrialdeek ere arreta handiagoa jarriko dutela.


Pintura herdoilgaitzak

Ohio State Universityko ingeniariek pintura berria asmatu dute hainbat substantzia berezi erantsita. Pintura honi esker metalak ez herdoiltzeaz gain, abioi, urontzi edo zubi bat noiz birpintatu behar den jakin ahal izango dute. Pintura berria guztiz garatu gabe badago ere, lehen proben arabera, ingurumena hainbeste errespetatzen ez duten beste pinturek adina babesten du herdoiletik.
Pintura berri honek buztinezko partikula txikiak ditu eta hauek dira herdoila eragiten duten substantziak harrapatzen dituztenak. Gehiago garatu ahala, mantenimenduko adituek jakiterik izango dute gainazal bat noiz birpintatu behar den berriro eta horretarako X izpien sistema arrunt bat baino ez dute erabili behar izango.
Pinturaren pigmentuak zerioa du. Zerioa herdoilaren aurkako elementua da eta X izpien sistemek detektatu egiten dute. Egun zerioa hainbat gailutan erabiltzen da, labeetan adibidez, baina era pasiboan. Hau da, labeek zerioa askatzen dute agortu arte eta kitto. Zientzialariek zerioa herdoilak erasotzen duenean bakarrik askatzea lortu nahi dute, beste era batera esanda, askapen adimentsua lortu nahi dute.
Kloruroa da metaletako herdoil gehienen erantzule nagusia eta ura ere bai. Izan ere honek gatza, sodio kloruroa, izaten baitu. Pintura gastatzen denean kloruroak metal-gainazala erasotzen du eta denbora igaro ahala arazo larriak eragin ditzake ibilgailu edo zubien moduko egitura kritikoetan. Herdoilaren aurka egiteko pigmentu berriak kloruroa xurgatu eta zerioa askatzen du eta honek babes-pelikula sortzen du pintura ez dagoen lekuetan.
Egindako probetan metalezko piezak pintura berriarekin estali eta gogor arraskatu zituzten desgastea simulatzeko. Ondoren ur gaziko laino pean kokatu zituzten eta 1.000 ordu igaro ondoren, oraindik ez zen herdoildu. Pintura komertzialek ere 1.000 orduko froga hau gainditzen dute, baina horretarako kromatoak erabiltzen dituzte eta hauek edateko urarekin nahastuz gero, kaltegarri dira gizakientzat.