argia.eus
INPRIMATU
Enkarni Genua: «Adopzioarena ez dago oraindik ondo islatua euskal literaturan»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 12a
Nola hartu zuen bizia zure ipuin honek?
Nik normalean beharrean aurkitzen naizenean idazten ditut ipuinak. Txotxongiloaren bidez zerbait antzezteko asmotan baldin bagabiltza, testuren bat sortu behar izaten dugu, eta niri egokitzen zait hori egitea. Horrela jaio dira ia-ia nire liburu guztiak. Baina badira beste era batera sortu ditudanak ere, nire inguruan gertatutako zerbaitek haiek idaztera bultzatzen nauenean, eta horrela jaioa da Zatoz lehenbailehen! ipuina

Zerk bultza zintuen hauxe idaztera?
Oso maiz joan ohi naiz eskolaz eskola txotxongilo lanak aurkeztera eta orain dela bizpahiru urte arte hemengo haurrek osatzen zuten ikusleria, gure artean etorkinik ez zegoelako, baina gaur egun ezberdina da. Herrialde askotatik datoz honantz umeak bere gurasoekin batera, baina baita adoptaturik ere. Nork ez du ezagutzen Txinara edo ez dakit nora haur baten bila joan den bikoteren bat? Guztiz arrunta den adopzioaren fenomeno hori, ordea, oraindik ez dago oso ondo islatua haur literaturan. Bada, horri buruz hitz egiten du nire liburu honek.

Gainerako gairik ere azaltzen duzu bertan...
Bai. Izan ere, zortzi-hamar urteko haurrek badakite nola jaiotzen den ume bat, baina ez dute informazio gehiegirik. Denek dakite ume hori amatxoren tripa barruan dagoela jaio aurretik, eta beraiek ere horrela egondakoak direla, baina batzuetan hor bukatzen da beren informazio guztia. Eta liburu honek horri buruz hitz egiteko aukera ematen die bai gurasoei, bai irakasleei.