argia.eus
INPRIMATU
Azaburuak itsasoan
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a

Sekula gorritzen ez den belazerik bada. Itsasoa. Hego haize zakarrenak jo ta su ta gar astinduagatik, ez da lehortzen. Nola lehortuko da, bada, ura nahiz izan gesala? Beti berde, beti urdin, beti beltz belazea. Horrelako larrean gustura bazkatzen da artaldea. Ardia ugaria izan ohi da itsasoan, haizeak altxatako olatuen mutturrak haize berak hautsi eta apartzen ditu, zuri; horra hor artaldea. Itsasoa ez da, ordea, bat, belaze bat; Bermeon kasu, ardiak arkakusoak izaki, itsasoan bekerekeak.

Belazeak luberritu ere egiten dira, soro edo baratzetarako. Estropada sasoi honetan traineruen besabeak eta arraunek ubera zabalak irekitzen dituzte. Ontzietako txaranbelen bozinek eta urgildutako arraunlarien kolpeek haizearen ardi, bekereke, arkazte, ahari, xaxardi eta behinardiak uxatzen dituzte. Belazea baratze bihurtua. Arraunak ura bultzatzerakoan egiten du azaburua eta errenketan azaburuak landatuz ubera. Beranduko aza jendea landatzen da orain eta presakako lanean arraunlarien matrailak eta musuak hori-gorritzen dira.

Estropada garai gorena da aza-pipilak landatzekoa. Abuztuan hasi eta irailaren amaia artekoa. Goizekoak, tartekoak eta hemendik aurrera jarritakoak negu hondarrean edo udaberrian jango diren aza zuriak, azalore edo peilak, Bruselazak, lisoak, kizkurrak, txinatarrak, aza gorriak, buru-azak, bazka-azak. Bada, arraunlarien lanaren emaitzaren zain ezin egongo gara, eta badaezpada "oreina larrean eta pertza laratzean": azak baratzean.