Mutriku Gipuzkoako herria da. Bizkaia eta Gipuzkoa mugatzen ditu Mutrikuk: Ondarroa, Berriatua eta Markina-Xemein ditu herri-lagun Bizkaiko aldetik eta Deba eta Mendaro Gipuzkoakotik. Mutrikuko kaskoak badirudi, itsasotik ihesi lurraren erraietara ezin sartu eta, nola edo hala maldan zintzilik egina dagoela. Erdi Aroan harresia egin zenetik, eliza, komentu, jauregi eta etxeak bata bestearen gainean kale estuetan pilatu dira.
Itsasoari begira beti, marinel eta arrantzale herria dugu. Itsasgizon, bidaiari eta zientzialari aparten sorleku izan da. Horietako bi dira Antonio Gaztañeta Iturribalzaga eta Cosme Damian Churruca Elorza. Baina gizon prestu hauek mantentzen arrantzatik bizi izan dira bertakoak mendeetan zehar. Atuna eta bisigua arrantzatu eta gatzatzen zituzten baina, tamalez, ez dago bizibide horrekin jarraitzeko asmorik.
Burumenditik, haitzez haitz
Mutrikun 7 hondartza daudela esaten da. Benetan 7 diren jakin nahian, hauek kontatuz herriko portutik hasiko dugu ibilbidea. Portua herriaren euskarri izan da eta azken urteetan ere sortu du iskanbilarik. «Portu berria Bai», «Portu berria Ez», ibili dira azken urteetan eta ez dela egingo dirudien arren, bertara iristeko errepide berria egina dago. Errepide honetan biltzen diren urak kanalizatu eta hondartzako itsas labarrean askatzen dira bertako arroka bigunak desegonkortuz. Portuan, horma bat itsatsiz eraikitako piszina dago eta bertakoek lehenengo hondartza deitzen diote honi. Ondoren, portuaren atzealdean hondartza txiki bat dago, bigarrena. Bidean atzera egin eta malda koskor bat igoz hirugarrena, hondartzarik zabalena, Burumendikoa. Hondartza honetatik eskuinera arroketan aurrera jarraitu eta hondarra pilatzen den guneak kontatuz zazpigarrenera, edo hamaikagarrenera, iritsiko ote gara? Burumendiko hondartzan itsas behera dagoenean hasiko dugu arroketan egingo dugun zatia.
Putzu-zuloetako bizilagunak
Arrokatan, urradura-plataforma zeharkatuko dugu. Olatuek itsasertzeko arroka biguna higatu eta eratzen den arrokazko zabaldiari deitzen zaio urradura-plataforma. Adi! Hemen itsasgorak harrapatu eta irtenbiderik gabe geratu gaitezke! Mareen taula eta ordulariarekin joatea komeni da. Behin mareak berarekin batera jaisten dituenean olatu, zurrunbilo eta korronteak, arroka geruzatuan aurrera egingo dugu. Kontu izan arroketan itsatsirik agertzen diren alga berde horiekin, oinetako egokiekin joan behar da bertara eta ahal bada lehorretik egin bide gehiena. Baina ibiliak erakusten du egokien. Arroka erosoenetik joan arren, ez utzi bidean ikusi gabe alga eta knidario eta molusku eta krustazeo eta arrainez beteriko putzuak. Ekinodermoen artean, itsas izar, itsas triku eta ofiurak bizi dira hemen eta moluskuak ere ugari dira; karrakela edo mangolinoak, mila koloretako nudibrankio edo itsasoko bareak, muskuilu eta lapak. Artropodoak ere badira, lapa-zorriak eta karramarro beltzak ugarien. Porifero, tunikatu eta arrain txikiak ere bai. Putzu hauek oso emankorrak dira eta elikagai ugari pilatu arren, tenperatura eta gatz kontzentrazioa asko aldatzen denez, bizi baldintza gogorrak dituzte bertakoek. Elika kateak ere ez dira oso luzeak eta ekoizletik azken harrapakarira maila gutxi izaten dira.
Saturrarango hondartza
Hiru-lau kilometro egin eta pasatutako hondartzen kontua galduta, Saturrarango hondartzan salbu gaude. Ez gaitu itsasoak irentsiko eta mendiz mendi itzuli gaitezke. Itsasotik urrundu aurretik, bertako landareei erreparatuko diegu. Margazko arroka bigunak ez die landareei lur egonkorrik eskaintzen eta nola edo hala ur zipriztinen gatzak eta eguzki gogorrak jasaten dituzten landareren bat edo beste topatuko dugu. Itsas mihilua Crithmun maritimun edo itsas plantaina Plantago maritima, mandaperrexila Daucus carota edo Asplenium maritimun. Lurra egonkortzen doan heinean gure kostaldeko endemismoa topatu dezakegu »Armeria euskaiensis», azkenik txilar, ote eta otaberatan murgiltzeko.
Itzuli, mendiz
Saturrarango hondartzatik atera eta errepide nagusira iristean, eskuinean marra zuri-gorriz markaturik agertzen den GR121arekin bat egingo dugu. Ez da galbiderik bidea zuzen adierazita dago eta. Artadirik ez dugu topatuko, bai ordea artadiaren aztarnak, edozein zuhaitzetan gora egiten duten endalaharra (Smilax aspera) eta otxar basatia (Rubia peregrina) igokariak eta baita artadiko zuhaitzak diren txorbeltza Rhamnus alaternus, gurbitza Arbutus unedo eta, nola ez, artea, Quercus ilex ere. Mutrikura bidean belardi eta soroak igaroko ditugu, baita bi kanpin ere. Itsasoari begira itzuliko gara.
Kanpin ugari dago Mutrikun eta egun batzuk igarotzeko paraje ederrak dira. Ibilbide gehiago ere bada inguruan, Olatzeko bailara eta Arnoko Artadia, besteak beste, ezagutu beharreko guneak dira.