argia.eus
INPRIMATU
Likore pontxea
Hasier Etxeberria 2021eko uztailaren 28a

Osagaiak:

Kg bat azukre
Botila bat cointreau
Litro laurdena ron zahar
Litro laurdena benedictine
4 laranja, puskatan
4 sagar, puskatan
4 banana, xerratan
Mahats mordo eder bat, aletua
2 udare, puskatan
4 aran, hezurrik gabe eta zurituak, puskatan
Meloi erdia, dadotan moztua
3 mertxika, zurituak eta puskatan, naturalak edo almibarrean
2 limoi oso, azalarekin, ataletan moztuak

Gehienok lanera itzuli garen honetako aldapa gorari eusteko, ez dago lagun arteko festa bat baino hoberik. Errezeta honen araberako kopuruak egundainoko oturuntza baterako dira. Bukaera hoberena opa dizuegu guztioi. Eutsi goiari! Beratzen utziko ditugu gai guztiak, betekada baino 24 ordu lehenago, lurrezko tina handi batean edo xanpaina-ontzi izugarri batean edo ahal dugun tokian nahasiak. Fruta ere bestelakoa izan daiteke, merkatuaren eta norberaren gustuen arabera, angurriak, mandarinak, kakiak, eta abar… Koadrilako lehen lagun xaharrak hartu baino lehentxeago, edabe hau erantsiko dugu: 4 botila ardo zuri »txakolin on bat ere izan daiteke»; 6 botila cava edo champagne brut, oso hotza; eta izotza, ugari eta koskor loditan.
Biraka nahasi, nahastea dastatu eta parrandan hasiko gara. Errezeta honek badu gauza on bat, goizeko seietarako mokoiloa kristorena da, sekulakoa, eta gosea ere berebizikoa. Jendeak hondoko fruta-puskak jango ditu, beste erremediorik gabe, ahitu egingo baitira ordurako soberan geratu diren pintxoak eta patata tortilla idorra.

Arrautzopil krematsua nola egin

Bi modu daude arrautzopil krematsu bat egiteko. Arrautza hutsez egin behar badugu, arrautzopil frantses bat alegia, koilarakada batzuk esnegain urtu erantsiko dizkiegu arrautzei sutan mamitu baino lehentxeago. Esnegaina erants dezakegu, era berean, arrautzopila paderan biltzen hasi baino lehen; opila mamitu denean, erdian isuriko dugu esnegaina. Modu horretan, mamitsu geratuko da esnegaina erdian, arrautzopilaren barruan itxirik. Patata tortilla egin behar badugu, patata eta arrautzak alde batetik mamitzen ari direnean, buelta eman aurretik, erantsiko ditugu arrautza gorringo batzuk, joak. Zurezko zaliaz gaien erdian zulo bat egin eta egoki zabalduko ditugu gorringo joak. Bizkor irauliko dugu orduan tortilla beste aldea ere ongi mami dadin. Tortillak arrautza gorringo gehiago izango du eta mamitsu eta hori geldituko zaigu.