Pirinioetan ibiltzea ez aski eta aurten Alpeetara joan gara Euskalteleko txirrindularien sostengatzera. Harantzagoko bidean, Espainiara zihoazen lerro luzeak gurutzatu ditugu, milaka jende leku berdintsuetara joaten, eguzkia aurkitzeko eta pausatzeko. Pausa urrunago bilatu beharko dute, bidea, eguzki azpian eginen baitute, denak autoetan blokatuak, desesperatzeko ere bada edo bederen urtzeko guttieneko baldintzak. Udako migrazioak.
Alpeetako mendi zoragarri horiek ez dute aspalditik basahuntzik ikusten, bakerik ez baita, alde batetik burdinezko igogailuak landatuak dira denetan, eta bestaldetik, mendi tontorretan dauden ostatuetara igotzeko autoz ibiltzeko bideak eginak dira. Inkesta ttiki bat egin eta erraten didate etxebizitzak, hemen ere, gero eta gehiago kanpokoen eskuetan ari direla erortzen, bertakoentzat sobera garestiak direlako, opor agentzia handiek esku hartze handia dute eremu hauetan ere. Alemanak eta ingelesak dira gehien bat etortzen. Turismoari lotutako ingurumen horretan, gure aldean ezagutzen dugun egoera berdintsua sortua da, lurraren, etxebizitzaren jabegoaren mugimendu handiak, giro berri bat ekarriz. Karrikan, alemanez, ingelesez hitz egiten da frantsesez baino gehiago. Egoera hau urtean zehar ezaguna dut. Hemen zenbait ostatutan langileak ingelesak dira, giroa bezala, bezeroek etxean direnaren sentimendua ukan dezaten, Migel Angulok zioen bezala: "Hobe da ekologista bakar bat mendian mila ekologista baino". Mendiaren hondatzea begi bistan dugu. Bi mila metrotik gora igo beharko da mendi lasaiaren zati baten atzemateko. Neguko migrazioa asmatzen dut.
Eta pixkanaka-pixkanaka, etaparen zain, mendia betetzen doa, ingelesak, alemanak, frantsesak, euskaldunak ere ageri dira. Iritsi orduko talde bakoitzak bere bandera ateratzen du. Egunkarietan nazionalista gisa aurkezten gaituzte, mende hauetara etorri behar lukete alemanak, ingelesak, frantsesak, amerikanoak nola aritzen diren ikusteko. Ez al dira nazionalistak? Ala baimendua al da hau? Zoko guztietan kanpin-karrak, mendian izaten den isiltasuna hautsiz. Europa guztitik etorritako jendea elkartzen da hemen, txirrindularien ikusteko. Egun hauetan jendea itzulika ibiltzen da une nagusiaren zain, batzuek baliatzen dute mendia bizikletez igotzeko, txirrinda ederrenak atereaz, profesionalek egiten duten indarra hobeki neurtzeko eta beren indarrak ere zertan diren ikusteko. Gizonak dira gehienak, baina urtetik urtera emazte gehiago ari da.
Urteko une inportantea izaten da Frantziako Itzulia euskaldunok ekipa dugunetik. Besteak baino hobeak? Ez, baina besteak bezain onak eta borrokalariak. Orduan, telebistan lasterketen segitzeak badu interes polita eta postaren aitzinean animatzen aritzen gara, baina lasterketan zehar bide bazterrean egotea eta oihuka aritzea, denak laranjaz jantzita, hori bai xarma!
Txirrindularitzak sortutako migrazioa. Inbasioaren itxura guztia du. Bi mila metrotan izanki ere mendia autoz eta kanpin-karrez josia da eta bidexketan txirrindulariak dira. Zenbait egunez milaka eta milaka zale elkartzen gara, ekipamendu izugarria mugiaraziz, minutu bakarreko ilusioarentzat, gure gazteen sostengatzeko, eta aurten sekulan baino gehiago denak laranjaz. Euskaltel-Euskadi taldearen zaletasunaren migrazioak berrogeita hamar mila jendetaraino zenbatu dute egunkariek. Une xoragarriak!
Baina, honek ez du iraunen, etxerat itzultzeko unea hurbilduko da eta betiko errealitatearekin elkartuko gara, hor ere migrazioa. Lantzen ari garen SCOT delakoan, »Lapurdi Hegoaldeko lurralde antolaketarako eskema», 24 eta 59 urte arteko jendearen %46a, erran nahi baita lan egiteko adina duena, departamendutik kanpo sortua da, ondorioz argi da gure gazteak kanpora doazela lan egitera. Hau migrazio kezkagarria!