Martin Aranburu: «Gatazkari bide zibiletik aurre egin dakiokeela onartzen hasiak dira ezker abertzalean»


2021eko uztailaren 27an
Martin Aranburu Bilbon bizi da. Gasteizen nahiz Bilbon betetzen ditu bere lan ordu gehienak. Gu, aldiz, Donostiako EAren egoitzan bildu gara berarekin: «Nire lanean kilometro askotxo egiten dut, baina oso gustura ari naiz», esan digu. Gatazka konpontzeko ekimenetan sarritan ikusi dugu hedabideetan azkenaldian. EAko beste zenbait kideren modura, bere burua ezker abertzalekotzat ote duen galdetu diogu: «Nire moduko ezker abertzalekotzat, bai». Martxoaren 11ko »Madrilgo» atentatuen ostean zuhurtziaz agertu zen prentsa eta hedabideen aurrean: «Ezker abertzaleko hainbat jenderekin harremana daukat eta horrek haien inpresioak eta nireak kontrastatzeko aukera ematen dit. Bere abantailak dauzka eta »etxe barruan» bere desabantailak ere bai, nabarmenak gainera. Batzuek ez dute egoki ikusten eta horrek badu bere ordaina».

Non dago EA, eta zuk non egotea nahiko zenuke?
EAJtik jaio zen arren, bide propioa urratu nahi duen alderdia da EA. Espektro politikoaren ezkerralderako bidea egitea konplikatua da ordea, sinesgaitza batzutan. Ezker abertzalearen eremura hurbiltzera, ezkerreko espektro independentista politikoa betetzera pasatzea esan nahi dut. Gure zuzendaritzan ez da orain arte aldaketa nabarmenik izan, baina gutako hainbat kidek bide hori urratu nahi genuke. Orain bi urte baino hurbilago gaude eta hemendik bi urtera are hurbilago izango gara. Dena den, ni ez naiz bide horretan ezker abertzalearen izena neure egiteko lehian ari, ez naiz nomenklatura zale. Funtsean, herri honek bi proiektu abertzale nagusi behar ditu: eskuineko bat eta ezkerreko beste bat. Kultura ezberdinak bilduko lituzkeen azken honek ezkerrekoa eta independentista izan behar du eta EAk parte hartu behar luke.

EAn urak ez dira bare jaisten, antza. Bizkaiko zuzendaritzak Sabin Arana Bizkaiko enplegu diputatua kargutik kendu du. Zer iritzi duzu gertatutakoaz?
Lehenik, ez dut ulertzen alderdi politiko batek kargu politiko bat aldatzen duelako horrenbeste asaldatzerik. Aldaketa hauek logikotzat jo beharko lirateke, baina, dirudienez, hedabideek ez dute zertaz hitz egin edo idatzi. Bigarrenik, Sabin Arana Bizkaiko EAko zuzendaritzak izendatu zuen. Orain, berriz, zuzendaritza gazte eta berri horrek berak, Sabin Aranak ez zuela bere karguaren soslaia ondo betetzen erabaki du. Eta ez du betetzen, Sabinek EAren ezkerreko izaerari erantzuten ez diolako. Beste kide bat hobetsi dute karguan. Hori da guztia.

«Alderdiaren talde independentzia zaleak» desagerrarazi nahi dituztela esan du Sabin Aranak.
Bera sektore independentistako kidea omen da. Bizkaian sektore hori badago. Askoren harridurarako ordea, EAren azken kongresuan sektore horrek Gipuzkoako kritiko deitzen den sektorearekin bat egin zuen. Sektore hori independentista da eta Gipuzkoako sektorearekin batu zen zuzendaritzaren aurka. Zaila egiten zait bere burua independentistatzat daukan batek EAJrekiko ulermen sakon bat garatu nahi dutenekin bat egin duela ulertzea. Sabinek jakingo du zergatik hartu duen jarrera hori. Jarrera hori Bizkaiko hauteskundeetan bere sektoreak galdu zuenean hartu behar zuen, eta ez orain. EAko zuzendaritza nazionalak Gipuzkoako sektorearekin dituen diferentziak eta EAJrekiko aldeak azpimarratu nahi dituelarik, gure etxeko sektore independentista batekin amaitu nahi dugula esatea zeharo harrigarria da.


Begoña Erraztiren «demokratizazio gogorra» aipatu du Aranak, halaber.
Erraztik bere kudeaketan «gogortasuna» aplikatu duela? Bai, baina, EAn gogortasun hori behar dugu. Nik aniztasuna eta barne estrategia ezberdinak defendatzen ditut, baina ez »alderdiaren zuzendaritza nazionalaren erabakiei uko eginez» norberak bere burutazioaren araberako estrategiak aplikatu nahi izatea.

Zer dago borroka luze honen ostean?
Zaila da azaltzen. Oso ulergaitza baita Anjeles Iztueta, Sabin Intxaurraga eta Gorka Knörr Gipuzkoako sektorearekin bat eginda ikustea. Nire ustez, kongresuan batek baino gehiagok hanka sartu zuen. Zehazki zein motiboengatik ez dakit, baina analisi politikoaren ikuspegitik Bizkaiko sektoreak hanka sartu zuen. Nik sektore horretako kide askorekin harreman ona daukat eta ideologikoki ehuneko ehunean bat egiten dut hainbat gaietan. Beraz, konplikatua egiten zait oraingo zuzendaritzaren aurkako borroka ulertzea.

Barne gorabeherak direnak direla ere, EAJtik aldenduta, ezkerreko proiektu bat gauzatzeko moduan al dago EA?
Alderdiaren gehiengoak proiektu propio bat gauzatu nahi du, EAJrenganako diferentziak ondo markatuta. Baina, horretan sinesten duen jende askok, "espainolak" datozelakoan, EAJ-EA koalizioaren beharra ere ikusten du. Ezin dute lehendakari espainolista bat onartu. Nik hori ulertu dezaket, baina horrekin puskatzeko bidea landu behar dugu. EAk ausardia gehiago behar du. Gure jendeari nahiz herritarrei EAJrekin batera ez ditugula gure helburuak errazago lortuko ulertarazi behar diegu. Herri honek EAJ oposizioan ikusi behar du. Herri eta abertzale bezala komeni zaigu.

Lehendakari espainolista baten beldurra izateaz gain, boterearen morrontzak ere eragingo du ziur aski EAren baitan.
Hori egia da, eta gogorra. Gobernu batean sartzea erraza da, baina gero konplikatua da berari uko egitea. Boterean eroso egoten da, eragiteko aukera daukazu eta hainbat egoera aldatzeko aukera ematen dizu. Baina kontuz gero, jendea ohitu egiten da gobernatzen. Guk ere boterearekiko dependentzia badugu, noski. Beraz, «espainolak» datozelako beldur horren eta botereak dakarren erosotasunaren aurka borrokatu behar dugu. Baina, hara, nik orain esandakoa duela bizpahiru urte esatea tabu zen gurean.

Bestalde, zer deritzozu Batasunak Jaurlaritzaren proposamenaren hitzaurreko hiru puntuei buruz egin duen eskaintza. Hau da, Euskal Herria, autodeterminazio eskubidea eta herri kontsultari buruzkoa.
Ezker abertzaleak bere diskurtso politikoari Nazio Eztabaidagunearen bidez eutsi ahal izan dio. Batasunak gatazka gainditzeko gakoa kontsulta izan daitekeela ikusten du, nonbait. Alderdi gisa, EA eta Batasuna aritu gara zeregin horretan, nagusiki. Batasunak EAJri kontsultaren proposamena eskaini badio, kontzeptuak balio diola dirudi. Nazio Eztabaidagunearen bidez EArekiko ate bat zabalik eduki nahi izan du eta Ibarretxe Planaren hitzaurrearen bidez beste bat EAJrekiko. Batasunaren eskaintza ateak zabalik mantentzeko ahalegin bat bezala ulertu behar da. Nik, batetik ondo ikusten dut, baina bestetik Batasunaren definizio falta ikusten dut. Batasunak ez du garbi ikusten zein bide landu behar duen gatazka konpontzeko. Ez daki zehazki EAJrengana edota PSErengana hurbildu behar ote duen. Batasunak Nazio Eztabaidagunean burutu duen lana ez dator bat orain arteko bere planteamenduarekin. Batasunak abertzaleen arteko akordioa lortu nahi zuen. Orain, aldiz, PSErekiko atea ez du itxitzat jotzen. Erabaki bat hartu behar du ordea. Abertzaleen arteko akordioa bilatu behar du edo akordio zabalago baten bila joan.

Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Batzordean alderdi eta eragileen arteko hitzarmena adostea gakoa dela diozue. Gero osatuko omen duzue alderdien arteko mahaia. Horrek baina, gutxienez, aldez aurretiko beste mahai bat eskatzen du, sukaldeko mahaia edo dena delakoa?
Hasieran aurre-mahai anitza osatu nahi izan dugu, aurrebaldintzak jarri gabe, baina ez da posible izan. Alegia, ezin dugu Lizarra-Garaziko Akordioan izan genituen akatsak errepikatu. Fase honetan kontua ez da zein alderdi garen, zer egin nahi dugun baizik. Beraz, lehenbizi, mahaiaren oinarria jarri dugu, ondoren, gainontzeko alderdiek mahaian landu beharreko puntuak adostu ditzaten. Alegia, prozedura aldatzea erabaki dugu. Mahaian eseri aurretik hainbat puntu adostu behar dugulakoan gaude.
Hasteko, alderdiei gatazkari buruzko bere kontzeptua azal dezatela eskatu nahi diegu. PPk izan ezik, denek aitortzen dute gatazka politikoa egon badagoela. Puntu horren inguruan abiatu gaizteke gatazkaren soluziobidean. Ondoren, kontsultara iristeko baldintzez hitz egin beharko dugu, eta baliteke adostasun bat lortzea. Hori posible ote den jakiteko, bakoitzaren iritzia behar dugu.

Adibidez, Elkarri-ren mahaiak zertarako balio du, orduan?
Elkarrik alderdi guztiak mahai baten inguruan bilduz gero, gurea bertan behera geratuko litzateke. Elkarriren proposamenarekin alderatuta, honek abantaila bat dauka, ordea.


Zein?
Gure proposamenaren abiapuntuan Batasuna eta EAren arteko kultura politikoaren akordioa dago. Bi aldeak mugitu gara, erdi akordio moduko bat dago. Elkarrik ez zuen hori lortu. Baina gu ez gara horregatik Elkarri ordezkatzeko ari. Elkarrirekin harreman ona dugu eta errespetuz ari gara biok. Gure lorpena ezker abertzaleak aurrera pausoak emateko borondatea agerrarazi izana da. Hainbat dogma erori da. Aurrera pauso horiek zerbait zehatzago ekarri beharko dute aurrerantzean, ordea.

Zein dira pauso horiek?
Lehena, gatazkaren konponbidea sustatzeko batzordea sortu eta eraikuntza nazionalari buruzko debatea bigarren fase baterako geratu izana. Batasunak fase hori geroko uztea onartu du, alegia. Pauso handia da hori onartu izana. Bigarrena, gatazka militarra gaindituta ere, gatazka politikoak jarraituko duela konturatu da Batasuna, gatazka politikoak ez duela ezinbestean militarra izan behar onartu du. Ezker abertzalearen baitan gatazka politikoari bide zibil eta demokratikotik aurre egin daikiokeela onartzen hasiak dira. Ez da ezer sinatu, baina filosofia hori indartu da. Eta hirugarrena, eta oso inportantea: gatazka definitzeko unean, Batasunak orain arte gatazka Frantzia eta Espainiarekin zela esan du; orain, gatazka euskaldunon artean ere badela onartzen du, euskaldun izateko modu asko dagoela eta barne konfrontazio bat badagoela. 1998ko ezker abertzalearen jarrerekiko aldaketa eta mugimendu nabarmenak eman dira. Aukera hauek ez aprobetxatzea akatsa litzateke. Nire ustez, gizarte eragileak eta gainontzeko alderdi politikoak pauso horietan guztietan erreparatzea funtsezkoa da.


Azkenak
Goya sariak eta esaten (ez) diren hainbat kontu

Euskal herritar ugari saritu ditu Espainiako zine akademiak pasa den asteburuan banatu diren Goya sarietan. Artikuluaren bigarren partean, zeresana eman duten hainbat kontu aletuko ditugu.


Bosgarren preso trukea egin dute Hamasek eta Israelek

Bien arteko su-etena indarrean sartu zenetik hiru aste bete direnean, Hamasek guztira 21 bahitu askatu ditu eta Israelek, berriz, 730. Bahitu israeldarren irudiak "gizateriaren aurkako krimen baten adibidea" direla salatu du Israelgo presidente Isaac Herzogek.


Carrefourren kontrako boikota oinarri izanik, baterajotze nazionalera deitu du DBZak

Gizarte Palestinarrak luzatutako Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak kanpainak baterajotze nazionalera deitu du otsailaren 15erako Carrefourrek Hego Euskal Herrian dituen bost merkataritza zentrotan. 


Mezu “faxistak” zabaltzeagatik ikertutako irakaslea behin-behinean baztertu du EHUk, eta irakasleak salatu du sareetan identitatea ordezkatu diotela

"Gaia argitu arte, irakaslea ez da campusera itzuliko", adierazi du Joxerramon Bengoetxea errektoreak, eta gehitu du "bitartekaritza" bat abiatu dutela zer gertatu den ikertzeko eta horren aurrean zer egin ikusteko. EHUko Ikasle Kontseiluko lehendakari... [+]


EH Bilduk zerrenda bateratuak osatzeko eskua luzatu die EAJri eta ezker konfederalari, Espainiara eta Europara begira

"Adostasun zabaleko gutxieneko programa amankomun bat" oinarrian izatea posible da, EH Bilduren esanetan. Zerrenda bateratuak osatzea lehenetsiko du Espainiako eta Europako hauteskundeetan, Frantziako Estatuko Fronte Herritar Berriaren tankera hartuta.


Ibaipeko autobidearen proiektua gelditzea exijitu dute ehunka lagunek Bilbon

Bizkaiko Foru Aldundiak abiatutako proiektuak "herritarren benetako beharrei" erantzuten ez diela salatu dute, Subflubiala EZ! plataformak deituta. Autobideak eraiki ordez, instituzioek garraio publikoa sustatu behar dutela adierazi dute.


Joaquín Beltrán eta Alberto Sololuze oroitu dituzte Zaldibargo zabortegiaren hondamenditik bost urtera

Bi langileak oroitzeaz gain erantzukizunak eskatu dituzte, Zaldibar Argituk igandean Eitzagan eginiko ekitaldian. Justiziaren mantsotasuna salatu dute, sumarioa oraindik instrukzio fasean dagoelako.


“Udala legez kanpo ari da errolda ukatzen gasteiztar behartsuenei”

Erroldarik gabe izaterik ez ekimenak Gasteizko Udalaren bi barne dokumentu eman zituen argitara urtarrilaren 30ean. Udalerrian erroldatzeko irizpide murriztaileak jasotzen dira bertan, “bidegabeak eta ilegalak”, eragilearen esanetan, herritar baztertuenen kaltetan... [+]


2025-02-10 | Behe Banda
Barra warroak |
Gaia atera

Batzuetan ez dakit gehiegi ez ote den. Pipa janean gaudela, beste edozer gauzaz hitz egiten gaudela, gaia ateratzea. Ozen hitz egitea gustatzen zaigu guri, ia isilunerik ez uztea, ahotsak teilakatzea, zeinek handiagoa botatzea. Hitz egitea bakoitzak bereaz, bakoitzak... [+]


2025-02-10 | Hala Bedi
[Hala bideo] Palestinaren aldeko eta Israelen aurkako oihua ozen entzun zen ostiralean Gasteizen

Ehunka pertsona mobilizatu ziren Maccabi Tel Aviv talde israeldarrak Gasteizen jokatu duela gaitzesteko. «Israelgo Estatuaren normalizazioari» ekarpena egiten diola kritikatu diote Baskoniaren zuzendaritzari.


Save the children, saldu bonbak

Pilar Kaltzada Zedarriak taldeko kidea da. Urtarrilaren 15ean taldeak armagintza industria bultzatzeko hurrengo urteotan egongo den “aukera bikaina” aprobetxatzera deitu zuen, oihartzun handia izan zuen ekitaldi arranditsuan. Gasteizkoak talde antimilitaristaren... [+]


2025-02-10 | Jakoba Errekondo
Migranondoa, beste bat etxerako

Mingrana urrutitik ekarritako fruitua da. Punisagarra da mingrana edo alesagarra edo alegorria edo milagrana edo xokorra edo granada: Punica granatum. Punica izena latinetik dator, eta “punicum malum” izenaren laburdura da, eta punicum horrek Poenus edo Phoinikes du... [+]


2025-02-10 | Amanda Verrone
Euskal Herriko lurra deskolonizatu:
Euskara agroekologikoa da

Horrela eman diogu amaiera deskolonizazioari buruzko lantaldeari, joan den azaroan Arraia-Maeztun (Araba) egin ziren “Euskal Herrian ekofeminismoak gorpuzten” topaketen baitan. Lurraldearen defentsaren hainbat espresioren babesleku izan zen, ideia emankorren hazitegi... [+]


Eguneraketa berriak daude