argia.eus
INPRIMATU
Jabier Muguruza: «Nahi nuke jarraitu umeei istorioak eta poza eskaintzen»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 12a
Erraza al da irakurle gaztetxoentzat idaztea?
Ni behintzat oso gustura sentitzen naiz momentu honetan adin honetako umeentzat idazten. Garai batean, nerabezaro aurrean-edo kokatzen direnentzat idazten aritu nintzen gehienbat, baina orain geroz eta gusturago sentitzen naiz zazpi-zortzi urteko mugan, principio de realidad delako muga bitxi horretan kokatzen diren haurrentzat idazten. Errealitatea-fantasia borrokan noraino bereganatu, ez bereganatu, principio de realidad hori ez dakitenentzat idazten. Niretzat oso adin interesgarria da.

Istorioari buruz zer diozu?
Bidaia dago liburuan, bidaia fantastikotik-eta baduen bidaia; fantasia eta errealitatea, biak azaltzen dira. Bestetik, guregana datozen etorkinen mundu berri horri egindako begirada bat ere ageri da istorioan. Eta hirugarrenik, alaitasuna ere badu, nire ustez. Umeei alaitasuna eta poza ematen badiegu, zerbait oso ederra ematen diegulakoan nago, eta horretan saiatu, behintzat, saiatu naiz.

Musikaria izateaz gain, idazlea ere bazaitugu, beraz?
Idatzi ere egiten duen musikaria naiz ni. Denborarik gehiena musikari eskaintzen diot, baina jarraitu nahi nuke istorio batzuk idazten. Umeak tankeetan ezkutu gisa erabilita ikusten ditugun garai hauetan, niri Saramago etortzen zait gogora, aipatu zuenean ez garela inozoak, badakigula okerrena eta hoberena daramatzagula gure baitan, baina guk onenaren alde egiten dugula apustua. Nik bat egiten dut horrekin, eta nahi nuke jarraitu umeei istorioak eta poza eskaintzen.