argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2021eko uztailaren 16a

Juanma Bajo Ulloak Fragil bere azken filma aurkeztu du Valentziako Cinema del Mediterrani jaialdian. Valentzian aurkeztutako bertsioa ez da aretoetan erakutsiko den bera, Bajo Ulloak ez baititu bukatu oraindik filmaren muntaketa lanak.

Hasier Larretxeak poeta arraioztarrak Bazaudete? olerki liburuxka kaleratu du, Juan Angel Perotxenaren ilustrazioekin lagunduta. Iruña Hiria poesia saria eta NUPeko literatur sari bi jasotakoa da Larretxea.

Pablo Sorozabal musikagilearen La tabernera del puerto zarzuela taularatuko du Auream produkzio etxeak Euskalduna Jauregian, abuztuaren 14, 15 eta 16an.

Ixone Sadaba artista gazteak Clip Art izeneko erakusketa paratu du Bilboko Marzana galerian. Freehandekin egindako marrazkiek egoera dramatikoak irudikatzen dituzte, pertsonaia errealetatik abiatuta.

Takolo, Pirritx eta Porrotx pailazoen azken lana dugu errodatu berri duten Gaueko loreak filma. Hik Hasi elkarteak ekoitzitako filmaren gidoia Maialen Lujanbiok idatzi du. Agustin Mujika Takolok taldea utziko duela jakinarazi du berriki.

Gatuzain argitaletxeak bost urte bete ditu. Egoitza Baionan duen argitaletxea zubi lana egiteko asmoz jaio zen, euskaldunak ez direnei Euskal Herria ezagutarazteko batetik eta eta euskaldunei munduko beste idazleak gerturatzeko.