Juan Plazaola arte historialariak zera zioen Berrian: «Ondoan inposatzen den estatu handi bat dagoenean, erlijioa, kultura, hezkuntza... ulertzeko modua inposatzen direnean, herri txikiagoen artean ere menpekotasuna agerikoa da. Euskal Herrian ere, menpekotasun egoera oso indartsua izan denean, artearen duintasuna, kalitatea eta kopurua jaitsi egin da, nahiz eta beti egon diren salbuespenak».
Patri Urkizuk hitzok adierazi zizkion Deiari: «Nire ustez oraindik badago desoreka nabarmena: oro har gehiegi azpimarratu dira oraingo egileak eta ahantzi samarrak ditugu gure tradizioa aberastu eta landu dutenak, egoera askoz zailagoan gainera».
Anjel Alkainek esanak Administrazioa Euskarazi: «Aktore lanetan ari garenok espabilatu egin behar dugu. Interesa sorraraziko duen antzerkia egin behar da; nik ez dut egin nahi batere komunikatzen ez duen antzerkirik».
Txema Murugarrenek honako adierazpenak egin zizkion Garari: «Penagarria da egun euskal produktua zein gaizki saltzen eta promozionatzen den gure herrian bertan».