Ehun biztanle inguru ditu Azkaratek eta etxe eta baserri dotoreek osatzen dute. Herriko frontoi aldamenetik irten gara. Ondo-ondotik pasa garen etxe batean egiten ditu bere grabazioak euskal diskoetxe batek. Kanposanturantz hartu dugu eta gorako bidean Balerdi mendiaren edertasunaz ohartu gara. Hala ere, ez da gure gaurko helburua izango bere malkar arriskutsuetan ibiltzea. Gu Marik inguru hauetan utzitako lorratzen atzetik goaz.
Urdileko lepoa
Ohartzerako Urdileko lepoan gara, Balerdi mendiaren amildegiaren eta Urreagako haitzaren tartean. Ataka zeharkatu eta lehendabiziko izerdiak baretuko dituen ordekan barneratu gara. Urritzagako larreak zeharkatu ondoren, baso itxi batean alertzeek inguratuko gaituzte. Infernuko errekatxora iritsi aurretik, Bedaiora doan bidea utziko dugu eskuinetara eta aurrerago, baita Amezketara doana ere. Ezkerrari helduta altuera eta gosea irabaziz hasiko gara. Ohartzerako, txabolatxo batzuk aldamenean utzita, eta jaitsiera baten ondoren, Buruntzuzineko txaboletara iritsiko gara. Orain arte bidelagun izan ditugun marka edo arrastoak alde batera utziko ditugu.
Mariren arrastoan
Haran eder bat dugu ikuspegi. Garai batean meatzeak izan ziren inguru hauetan. Ezkerretara joanez gero, Pardelus iturritik Igaratzara iritsiko ginateke. Gure asmoa oso bestelakoa da, ordea. Hamaiketako txiki bat egin ostean behera jaitsiko gara eta begien aurrean dugun malda igoko dugu Txindokirantz. Mendiaren edertasunaz gain, Mari jainkosaren arrastoak garamatza bertara. Aztertzaile eta aditu guztiek aho batez aitortzen dute Mari dela euskal mitologiako pertsonaiarik ospetsuena. Bera da Euskal Herriko ahozko tradizioa osatzen duten jeinu, sorgin, numen, espiritu... eta gainerakoen burua. Euskal Herri osoan dago hedaturik Mariren sinestea. Elezaharretan emakumezko gisa agertzen da. Batzuetan dama eder baten itxura du; beste zenbaitetan, sugarrez inguratutako andre bat da; ilargierdi, zekor, bele edo zaldi itxura ere hartzen du; baina zerua zeharkatzen duen suzko igitai gisa agertzen da maizenik.
Haitzulo edo leize ugari ditu bizileku, Euskal Herriko leku askotan. Aparteko ahalmenak ditu eta saritu bezalaxe zigortzen ditu beregana iristen direnak. Mendian galdu denari lagun diezaioke, baina baita haize eta ekaitzak igorri ere.
Kontuak kontu, behera jaitsi gara eta Larraone eta Uzkuiti mendien tarterantz abiatu gara. Aldapa dago gero! Lasai-lasai, borda baten ondotik, belardi ederretatik helburu dugun lepora goaz. Goia jo eta zer ikusiko dugun irrikak arindu egin dizkigu, geldoak ziren hamaiketako astunaren ondorengo pausajeak.
Muitzeko errekastora
Harriak inguruan, borobildua dagoen ikuspegiak hartu gaitu. Ezkerretik joanda, bidea luzea; aurrera eginda, zokora jaitsi ostean igo egin behar. Biak hala biak, gustura egiteko modukoak. Guk aurrera jarraitu dugu Muitzeko errekastora. Itzulera hemendik egingo dugu. Ordubete eskasean Larraitzen geundeke. Aurretik, ordea, Txindoki tontorretik dagoen paisaia ez galtzekoa izanik, gora egin dugu 15 minutuz.
Txindoki tontorrean
Egurrale izeneko lepora iritsi garenean, mendizale ugarirekin egin dugu topo. Bisitari ugariak Mariren arrastoak uxatuko dizkigun beldur gara. Baina ez da hori atzera egiteko aitzakia. Tontorrera bidean bisitarien oin arrastoek markatutako bide nabarmenak pentsarazi digu Larrunarri edo Txindokiri bisita egitea zein derrigorra den. Igotzeko ez dago hain zaila, eta uste baino lehen gara goian. Mendebaldeko ertza ikusgarria da, zorrotza eta bortitza. Eskalatzaileek ere estimatua izan eta soka eta guzti iritsi dira bi lagun. Aralarko mendirik garaiena ez izan arren »Ganboa altuagoa da», edonor gustura egoteko gailurra da.
Ostera, Muitzeko haranera jaitsi eta bertatik abiatu gara ibilbidearen azken zatira. Bide ezezagunagoa izanik, arrastoak ez dira hain markatuak. Bidea bera ere, estuagoa da. Ur-jauzi txiki batetik igaro eta han goaz, Larraitz inguruetara noiz iritsiko. Urritzaren gainean katagorri bat ikusi badugu ere, Mariren suzko bolarik ez da inon ageri. Beste egunen batean itzuli beharko gara bila...