Ume horien erbesteratzearenerrudun frankistek egindako erasoaldiak ditugu. Irun frankisten menpe gelditu zelarik hasi ziren lehen erbesteraldiak. Gipuzkoatik alde egindakoek aterpea eskuratu zuten Katalunian eraturiko kolonietan. Baina arazoa larriagotu egin zen 1937ko martxoaren amaieraz geroztik, Molaren armadak Bizkaiaren aurkako erasoaldiari ekin zionean, alegia. Orduan hasi ziren antolatzen Pirinioz bestaldera jo zuten umeen irteera masiboak. La Rochelle aurrean zegoen Oleron irlara joandakoa izan zen aitzindari, 400 ume inguru hara eraman zituztenean. Gero, Durango eta Gernikaren aurkako bonbardaketen ondorioz, nabarmen azkartu zuten barkuen joan-etorria. Izan ere Habana, Goizeko Izarra, Alice Marie eta antzekoak izan ziren milaka ume gerraren triskantzatik at eraman zituzten itsasontzi salbatzaileak. Bizkaiko zeruetatik frankistek izua hedatu zuten heinean, horrelako barkuak euskal umeekin behin eta berriro bete ziren, Almirante Cervera gerra barku frankistari bizkarra emanez, mugaz bestaldera eramateko. Durangoren edo Gernikaren aurka izandako bonbardaketa bezalakoetatik libratzeko, Eusko Jaurlaritzaren ekimenez, giza gaiez arduratzen zen Juan Gracia sozialista eta kultur arloko Jesus Maria Leizaolaren agindutara, ume espedizioak biderkatu zituzten. Ondorioz, 30.000tik gora euskal ume mugaz bestaldera bidali zituzten. Horietatik gehienak, 22.000 inguru, Frantziako Estatuan egokitu zituzten arren, beste aunitz »4.000 inguru» Britainia Handira, 3.000 Belgikara, eta 2.000tik gora SESBra eraman zituzten.
Iparraldeko euskal koloniarik handiena
Frantzian hiruzpalau egonaldi mota atondu zituzten bertako arduradunek zein Eusko Jaurlaritzakoek umeen jardunak aurrera eramateko: batzuk babes familietan egonik, herriko eskoletara joaten ziren bertako mutiko eta neskekin batera. Beste batzuk barnetegietan edo aterpetan egoten ziren, baina Frantziako ikastetxetan eskolak hartzen zituzten. Eta azkenik, baziren barnetegian edo kolonian bertan euskal eskola hartzen zutenak. Azken horien artean, handiena eta iraupen luzeena izan zuena Donibane Garaziko Zitadelle edo Gotorlekuan kokatu zen kolonia dugu. Hara eraman zituzten ia-ia 500 ume »5 eta 15 urte bitartekoak- 1937ko ekainetik, 1939ko azaroa arte, bi ikasturte luze igarotzeko. Garazira joatearen arrazoia bertan zegoen gotorlekua zen. Hutsik zegoen orduan eta eraikin nahiko itzelak zituen makina bat gazte, irakasle eta laguntzaile aterpetzeko.
1628 eta 1640 urteen artean Pirinioetako mugetatik gertu paratu zuten gotorlekua zen: Antoine Deville ingeniariak diseinaturikoa eta geroxeago Sebastian Vauban ospetsuak birmoldatua. Garazikoek "gaztelu" deitutakoak 600 metroko luzera eta 400 metroko zabalerako laukizuzena eratzen zuen, eta bere lau bastioiekin, akropoli baten gisara, Donibane menpean hartzen zuen 80 metroko hormatzarrekin. Belaunaldiz belaunaldi, euskal Pirinioetako mugetara begira zegoen gotorlekuak gerra giroa zekarren Garazi aldera. Esate baterako, Konbentzio gerran edo Independentziakoan, Frantziako soldaduen abiapuntu edo babesleku izan zen. 1914-1918ko gerraren ondorioz, aldiz, gatibu alemaniarren kartzela izan zen. 1920tik, militarrek hustu eta gero, abandonaturik gelditu zen 1936an Donibaneko udalak erosi zuen arte.
Jabe horren menpe eta hutsik zegoenez, hara eraman zituzten trenez, Bordeletik euskal umeak. Bilbo erori baino egun pare bat lehenago ateratako haurrak ziren gehienak. Sondikatik, Areetatik, Bilbotik, Plentziatik... zetozen haurrak. Gordexolan bildu zituzten geroxeago Santanderretik ihes egiteko. Han, Ploubazlanec ikatz ontzia hartu eta bere sotoetan Frantziako Pauillac itsas portura eraman zituzten. Handik, Bordeletik Baionara trenez eta gero Donibane Garazira. Kantabriako hiriburuan ekainaren 22an itsasoratu zirenak, bi egun beranduago iritsi ziren Nafarroa Behereko hiri nagusiko gotorlekura.
Herri euskaldun peto-petoa zen orduan Donibane Garazi, bere ingurua bezala. Hala ere, Espainia aldeko gorri-separatistak ez zituzten maite. Fronte Popularra Frantzian nagusi bazen ere, eskualde nafar hori eskuin muturrekoek aise menperatzen zuten. Jean Ibarnegaray, ondoko herrixka Uharte-Garaziko auzapeza izateaz gain, Frantziako parlamentuan diputatua zen eta 1940tik aurrera Petainen gobernukidea. Bera nabarmendu zen euskal errefuxiatu guztien aurkako ekimenetan eta Francoren aldeko goraipamenetan. Antzeko zerbait erran daiteke Iparraldean kaleratzen zen Eskualduna astekariaz. Molaren aldeko jarrera sutsua ez ezik, euskal nazionalistak ere bortizki arbuiatzen zituen, gorriekin bat eginda zeudelako.
Gotorleku izatetik ikastetxe izatera
Garazira iritsi zirenean, gotorlekura doan aldapa estua baino latzagoa izan zen beraientzat garaztarren hoztasuna. Hala eta guztiz ere, Munoa, Iparla, Autza, Mendimotxa, Ortzantzurieta ikusgai zituztelarik, gotorleku hori babeskelu izan zuten bi urte luzez, mendi horiez bestaldean gerrak iraun zuen bitartean.
Euskal eskolen ereduari jarraituz euskal irakaskuntza martxan jarri zuten bertan Bingen Ametzagaren agindutara kementsu bildu ziren irakasleek. Aipaturikoa, lehen zuzendaria izan zen, Eusko Jaurlaritzak Bartzelonara antzeko lanak burutzera bidali zuen arte. Luis Arbeloak ordezkatu zuen ondoren. Honekin batera, euskal irakaskuntzaren teorizatzaile eta irakasle esanguratsuenak ziren Pelayo Bernedo, Mikel Arruza edo Diego Pascual Eraso aritu ziren zuzendaritza lanetan. Eguneroko jarduera, aldiz, irakasle andana luze baten eskutan gelditu zen. Beste askoren artean, bertan aritu ziren Pilare Alba, Polixene Trabudua, Libe Altuna eta Genoveva Leibar. Euzkadiko eskoletatik, euskal eskoletatik edo estatuko irakaskuntzaren sailetatik zetozen irakasle horiek, bat eginik, ikastaldeak eratu zituzten Garaziko gotorlekuan, hizkuntza eremuen eta adinen arabera. Euskaldunak alde batetik, erdaldunak bestetik; 14 urtetik gorakoak, lanbide ikasketetara batzuk eta batxilergora besteak. Ordutegia eliz jardunek mugatzen zuten, nabarmen gainera: eguna mezarekin hasi eta errosarioarekin amaitzen zen. Bitartean, klaseak, otorduak, baita dantzak eta kirolak ere egiten zituzten. Higiene kontutan, gotorlekuak eskas zituen bainugelak ordezkatzen zituzten inguruko Errobi eta Laurhibarreko ibaiek, baita negu gorrian ere.
Euskal dantzak eta musika ikasteak garrantzi handia hartu zuen orduko jardunean. Martin Anuzita maisu zela, euskal dantzak eta kantak ikasteari eta gero hedatzeari ekin zioten bertako gazteek. Zitadellen bertan emandako ekitaldiez gain, inguruko herrietan eta elizetan hasi ziren dantzatzen eta kantatzen arrakasta handiz. Hori dela eta inguruko euskaldunekin harremanak gorpuzten hasi ziren. Espainiako gerra amaituta, zenbait hilabete gehiagoz iraun zuen koloniak, Frantziako armadak berreskuratu zuen arte. 1939ko udazkena zen eta orduan euskal umeak Armendaritze, Poyanne, eta Cagnotte bezalako herrietan zeuden beste euskal kolonietan barreiatu zituzten. Zaharrenek nekazal lanetan »mahatsa biltzen bereziki» laguntzen zuten bitartean, txikiek beste ikasturte bati ekin zioten. Dena den, urte horretako azaro aldean, behin betiko bueltatzea gauzatu zen, bertako koloniei amaiera emanez. Orduan ez zen barku zeharkaldirik izan etxeratzeko. Lasterbidea egina zegoen: Baionatik Iruneraino trenez abiatzen ziren eta, frankisten galbahetik pasa ondoren, Donostiaraino edo Bilboraino. Mugaz bestaldean egoera gazi-gozoa zen: familiakoekin berriro elkartzearen irrika batetik, diktadura frankistaren egoera latza bestetik. Kolonietan egondakoen testigantzek bat egiten dute kontraste hori azpimarratzerakoan. Horien arabera, 40ko hamarkadan bizi behar izan zuten egoera politiko eta ekonomiko larriak »ogi beltzak, lehengaien gabeziak eta espekulazioak laburbiltzen dutena», Garazin igarotako urteak estimu handiagoz gogorarazteko akuilu gisa balio izan zien behien baino gehiagotan. Era berean, gotorleku horretako sotoetan, ikasgeletan eta patioan bizi eta ikasitakoa oso baliagarria izan zuten frankismoaren tunel luzea duintasunez zeharkatzeko.