argia.eus
INPRIMATU
Tximistak jota
Jakoba Errekondo 2021eko uztailaren 27a

Sua naturaren osagai garrantzitsua dela nioen aurrekoan. Bizirauteko landareen arteko etengabeko borroketan oreka harrigarriak ezartzen ditu. Lurralde epeletan badira ekosistema bereziak, zeintzuk urtero, biz behin edo tarte handiagoarekin suaren bisita behar dutenak.
Egunero zortzi bat milioi tximista zartatzen dira ludian. Ekaitz laino beltzen beheko barrenean karga elektriko negatiboak metatzen dira, honek lur azalean karga positiboak pilatzea dakar eta zuhaitza, laguna... dena delakoan gora abailtzea. Positibo-negatibo gorabehera honek airearen erresistentzia gainditzen duenean gertatzen da, zirt-zart deskarga. Suteak pizten ez dituzten tokietan ere triskantza ederrak utzita desagertzen dira, azkar »segundo ehunenekoan 50 milioi voltioko karga».
Zuhaitz garaiak dira tarrateko latz honen igurtzia gehien nozitzen dutenak. Punttako muturretik, ipurdirainoko bide osoa egin ohi du tximistak zuhaitzean. Hostajea, enborraren azala eta barruko egurra bera ere kiskali dezake bisitan, edo ezer gertatu ez balitz bezala gelditu.
Zauri hauen konpontzeko zartatu den egur guztia barrenago sano dagoen egurretik moztu behar da, osorik dagoen horretan zauria itxiko duen orbaina errazago osatuko baitu. Azaleko erredurak baldin baditu, erretakoa zorrotz kendu, izerdia garraiatzen jarraituko duen berderaino. Urtetan nabarmena izango da, tximistak jotakoa, baina bere onera etortzeko bidea erraztuko diogu.
Tximistak laguna, tximistak jotakoa edo ez, jotzen duenean buru hezurrean halako krakateko bat sumatzen omen du. Zuhaitzek non sumatzen ote dute? Landareek ez dute, ez, buru hezurrik behar, tximistak jotzeko...