Eliteko dantzaria izan zinen, balet akademia handi baten buru... Eta Euskal Herrian apenas ezagutzen zaituen jendeak.
Hemen ez dago balet kulturarik. Pentsa niri Euskal Herrira etortzean zer gertatzen zitzaidan. Herrira etorri eta jendeak agurtzerakoan galdetzen zidan, "kaixo, zer moduz Ingalaterran?". Eta gero, betikoa, "zer lan egiten duzu?" "Dantzaria naiz" »nik». "Bai, baina zertan lan egiten duzu?".
Orain, Lucia Lakarra ezaguna da Euskal Herrian. Balet kultura garatzen ari den seinale?
Oraindik ere balet mundua txikiegia da hemen. Donostian badaude balet eskola onak, Miarritzen ere bada bat... Egia da Lucia Lakarra eta beste euskaldun batzuk badirela onak, baina lastima da, formatzera kanpora atera behar izan dute, hemen ezinezkoa baita. Kursaalera edo Maria Kristinara ere konpainia asko etortzen dira, baina asko kanpokoak, hemengo zerbait egon behar litzateke.
Jendeak ezagut zaitzan, gerrako umea izan zinela esan behar aurrena.
Gerra zibilak Zarautzen harrapatu gintuen, eta anai-arrebak Bilbora joan ginen gurasoekin Eusko Jaurlaritzak prestatutako etxe handi batzuetara. Baina guretzat arriskutsuegia zela eta urte bete baino gutxiagora, 1937an, Bilbotik Ingalaterrarantz atera ginen. La Habana izeneko barku batean joan ginen 4.000 errefuxiatu, denak goseak. Oroitzen naiz itsasontzian behin pastela eman zigutela eta guk maletan gorde genuela, badaezpada, Ingalaterran gosea pasatuko genuenerako. Bi arrebak nirekin zihoazen, Elik hamabi urte zituen, Lorek bederatzi, eta nik zazpi. Haiek nik baino gehiago sufritu zuten, ni inozente bat nintzen. Oroitzen dut Bilbotik ateratzerakoan gurasoek Eliri nola esan zioten: "Orain zu zara bi hauen ama". Elik serio hartu zuen eta beti eskutik heltzen zigun, ez zigun uzten edonora joaten, berak zaindu gintuen.
Ingalaterran, aurrena Southamptonen eduki gintuzten, kanpamentu batean. Hiru hilabeteren ondoren Ingalaterrako kooperanteen elkarte batek hartu eta Kent konderriko etxe batera eraman gintuen. Guretzat paradisura iristea izan zen. Gainera, gerora Bigarren Mundu Gerrarekin juduak eta poloniarrak ere iritsi arren, gu izan ginen Ingalaterrara heldu ziren lehen errefuxiatuak. Nobedadea ginen eta jende asko joaten zen gu ikustera. Burdinen artetik begiratzen ziguten, ea nolakoak ote ginen espainiarrak, zoologikoko animaliei begiratzen zaien bezala. Igandetan familia ingelesak etortzen ziren eta haiekin tea hartzera, edo bazkaltzera gonbidatzen gintuzten.
Gurasoekin nola komunikatzen zineten?
Astean behin-edo, eskutitz bat idazten genien. Uste dut Elik idazten zuela hiruen izenean, guk esan eta hark idatzi. Hori bai, ez zigun inoiz gaizki zegoen ezer esaten uzten, ezin genuen esan ez genuela ez libururik eta ez jostailurik. "Ez, hori ezin duzu jarri, bestela kezkatu egingo dira, zuk dena ongi doala esan." Beraz, gurasoek pentsatuko zuten gu izugarri ongi geundela. Tira, egia esan, materialki ez geunden gaizki, baina gurasoak falta zitzaizkigun, gurasoak eta goxotasuna.
Gerra zibila gutxi ez balitz, gero Bigarren Mundu Gerra...
Bai, gu egon ginen lekutik oso ongi ikusten zen gerra, handik gertu baitzegoen Ingalaterrako armadaren armamentua ekoizten zen fabrika. Gainera, parez pare geneukan soldaduak ibiltzen ziren zelaia, eta han ikusten genituen soldaduak beren metraileta eta beren tanke. Niretzat hura Bilbora itzultzea bezala izan zen, eta beldurra pasa nuen.
Britz-a ere, bonbardaketa handia, Kenteko etxe hartatik bizi izan genuen. Londres hirigunea bonbardatu eta txikitua utzi zuten. Gu handik gertu geunden, eta oroitzen naiz kolegiotik atera beharrean ere izan ginela. Pentsa guretzat zer zen, Ingalaterrara errefuxiatu eraman gintuzten, kolegio hartara iritsi, eta kolegio hartatik berriz ere Canterburyra errefuxiatu beharra. Ondoren, gerra purian-purian zegoela, kolonia espainiarrera eraman ninduten, hamalau urterekin. Kolonia hartan ikasi nuen gaztelera.
Eta egun batean, kasualitatez, baleta deskubritu zenuen.
Bai, arte ederrak ikasten ari nintzela irakasle batek Londresera baleta ikustera eraman gintuen. Ikusi eta segidan esan nuen: "Hauxe da nik egin nahi dudana." Txundituta gelditu nintzen, eta hainbestekoa izan zen txundimena, ez nuela baletean hasi arteko bakerik eman. Arte ederretako klaseetara joan beharrean, liburutegira joaten nintzen eta egun osoa han ematen nuen baletari buruzko liburuak irakurtzen. Hamabost urterekin baletean hasi nintzenerako, banekien baletaren historia guztia. Gainera liburuetan ikusten nituen argazkiak, eta nire oinei eta hankei begira, pentsatzen nuen: "Nire gorputza egokia da, nik ere egin nezake hau". Banekien egin nezakeela.
Esana duzu euskalduna zinelako hartu zintuztela Londreseko konpainian.
Konpainiako zuzendaria irlandarra zen, Ninette De Valois, asko gustatzen zitzaion folklorea zen guztia, eta hark esan zuen ni interesgarria izan nintekeela. Euskaldunak ikusiak zituen dantzan, eta pentsatu zuen "hau haiek bezalakoa baldin bada, balio du guretzat". Hala izan zen. Bestalde, hain gazte izanik nuen konbikzio horrek konbentzitu zituen denak. Ikusi zuten mutil hari nahi zuena egiten utzi behar zitzaiola, bestela alde egin edo zer edo zer egingo zuela.
Baina esan behar da nahiko bihurri eta menderakaitza ere banintzela, eta ez neukala baletak eskatzen duen diziplinarik. Bizitza librea eduki izan genuenez ordura arte, asko kosta zitzaidan puntualtasunera jartzea. Berandu heltzen nintzen klaseetara, eta De Valois-ren liburuan hala jartzen du: "Guregana datorren haur euskaldun honi kasu egitea erabaki dugu, bere dantzarako talentua leku guztietara berandu iristeko duen gaitasuna bezain handia baita". Hori piropo handi bat da niretzat.
Hamabi ordu pasatzen zenituzten egunero baletean. Hainbeste lan egin behar da baleteko dantzari izateko?
Bai, landu ezean ez duzu zer eginik, eta egun osoan egin behar da lan. Behin bide bat aukeratutakoan beste guztia sakrifikatu behar da. Baleteko karrera egiteko modu bakarra hori da. Zeren eta baletaren errepertorioa oso zabala da, milaka pauso ditu, eta denak jakin behar dira.
Eta behin profesional egindakoan, nolakoak dira dantzari baten egunak?
Konpainian, goizeko hamarretan hasten genituen klaseak, ordu bata aldera jateko ordua izaten zen, eta arratsaldeko lauak eta erdiak edo bostetan antzokira joaten ginen ikuskizuna prestatzera. Ikuskizuna zazpietan hasten zen, eta bukatu berriz, gaueko hamarrak eta erdiak aldera. Ondoren afaldu, eta gauerdia baino lehen oheratzea komeni zen. Larunbata izanez gero, agian atera eta parranda pixka bat egingo genuen, baina askotan ez genezakeen egin, biharamun goizeko hamarretan klasean behar genuelako. Horrela egunero. Jirak egiten genituenean, berriz, are gogorragoa zen.
Egunero izaten zenituzten jende aurrekoak?
Bai, egunero. Ni Covent Gardenen egon nintzen, Londreseko operan. Oso konpainia ezaguna zen gurea, eta egunero betetzen zen antzokia. Covent Garden antzokian 2.500 lagun sartzen ziren. Igandetan ia beti antzokiko txarteldegira joaten ginen sarrera asko saldu ziren ikustera, eta aste guztirako denak salduak zeudela esaten ziguten. Pozik gelditzen ginen, beste indar bat ematen zizun dantzarako.
Eta noiz iristen da balet dantzaria antzoki beteko ikuslearengana?
Horretarako publikoa konkistatu behar duzu. Ikusleak ordaindu egin du zure dantza ikustearren, eta zuk zure dohainak erakutsi behar dizkiozu, beldurrik gabe, konfiantza handiz. Adierazkortasuna da gakoa, mugituz adieraztea. Baina, hori niretzat ez zen batere zaila izan, nik berez nekarren hori. Adierazten banekien, teknika landu behar nuen, eta hori lantzea izan zen zailena. Teknikarik gabe ere ezin baituzu nahi duzuna adierazi.
Nola adierazten da zerbait, pauso batzuen bidez?
Pauso bakoitzak badu bere magia. Pauso bat egin zenezake automatikoki edo egin zenezake adierazkortasunarekin, sabel guztia sartuta, gorputz eta arimarekin. Zaila da hitzez azaltzen baina, esate baterako, oroitzen naiz nire maisuak nola esaten zidan jauzia gehiago eutsi behar nuela, airean iraun. Hasieran ezin nuen ulertu nola ote zitekeen airean iraute hori eta probatu gabe ezin da jakin. Hain zuzen hori da Nevskyk zuena, airean gelditu egiten zen. Fisikoki ezinezkoa da, baina sentsazio hori ematen zion ikusleari, bazirudien une batez airean izoztuta zegoela.
Bestalde, zuk mezu ezberdinak transmititzen dituzu baletean. Baleta erromantikoa bada, era batera mugitzen zara, komikoa bada beste era batera, eta klasikoa bada eskola klasikoko mugimenduekin. Ibiltzeko beste era bat da finean, pauso berdinak emanda ere ezberdin egin zenezake. Baletak aukera hori ematen dizu, balet bakoitza ezberdina baita. Balet bakoitzak bere pertsonalitatea du eta horixe da zaila, horra iristeko egiten da lan.
Gorputzaren poesia bezalakoa da...
Bai, mugimenduen arabera, izan zaitezke oso dramatikoa, edo oso komikoa. Nik egin nituen balet dramatikoak ere, eta asko gustatzen zitzaizkidan gainera, dena zen indarra. Suertea izan nuen nire errepertoriorako balet ezberdin asko egin nuelako.
Koreografo batzuk libre uzten zaituzte, musika jarri eta zure zain egoten dira, sortzen uzten dizute. Frederick Ashton ingelesak esaterako, notak entzun eta "zuk zer egingo zenuke?" galdetzen zizun, eta zure erara egiten zenuen, ateratzen zitzaizuna. Orduan, "hori gustatzen zait", edo "hori aldatu egingo dugu" esaten zizun. Zure pausoak jartzen zenituen eta gero bere estilora moldatzen zituen. Beste koreografo batzuk ideia jakinekin etortzen dira, eta beraiek agintzen dizute.
Baleta ikustera doanak ere, mezua jasotzeko, baleta ezagutu behar al du pixka bat?
Ez dut uste, kultura orokor pixka bat behar du, baina teknikarik ez du zertan ulertu. Ikusleak, baleta edo opera ikustera joanez gero, teknika ulertzen badu badaki ongi egin duten edo ez, baina ignorantzia ere ez da txarra izaten. Hanka sartzen duzu nonbait, eta espezialistak ez baldin badira, ez dira ohartuko. Kritikoek bai, garbi esaten dizute "halako lekutan erori egin zara", eta orduan, zuk kopeta zimurtu eta isildu egin behar duzu. Gainera, baleta ez ezagututa ere, konpainia on bat ikustera joaten bazara ezinezkoa da baleta ez gustatzea. Hain da osoa, pausoak, pertsonak, musika... Hainbeste erdipurdiko ikusi dugu, ona ikusita ezinezkoa dela ez gustatzea.
Erdipurdikotik horrenbeste al dago?
Munduan gehiena erdipurdikotik dago, eta nik mania pixka bat badiot horri. Baina hori horrela da eta onartu beste erremediorik ez dugu. Nik hogeita hamar urterekin belauneko lesio bat izan nuen eta erretiratu egin nintzen, oraindik beste hamar urte on aurretik neuzkan artean, baina. Zergatik? Segitzeko esan zidaten, konponduko zela eta tratamenduan ere jarri nintzen, baina nik ezetz pentsatu nuen: "Erdipurdikoa izateko, nahiago dut utzi". Askotan, mina sentitu arren ez nuen ezer esaten eta dantzan segitzen nuen, baina are okerrago jartzen zitzaidan zauria. Egun batean, jauzi bat egin eta airean nengoen bitartean pentsatu nuen: "Hauxe da azken aldia dantza egiten dudana".
Airean zeundela?
Bai, airean nengoela. Pauso batean jauzi egin nuen, baina airean nengoela banekien lur hartu beharra nuela, eta hartuko nuen kolpeak beldurtuta hala erabaki nuen: "Hauxe azkena".
Eta gero irakasle hasi zinen.
Orduan Portugalen dantza eskola bat zabaltzeko eskaini zidaten eta hara jo nuen. Nik sorterrira itzuli nahi nuen baina hemen ez zegoen balet girorik. Ez dago oinarririk eta hori gabe oso zaila da baleta indarrean egotea.
Zertan asmatu behar du baleteko irakasle batek bere ikasleak puntako dantzari atera daitezen?
Artea transmititzen. Balet irakasle batek eman egiten dio gazte bati, eta, esaterako, nire bi ikasle oni segidan antzematen zaie nirekin ikasiak direla. Batik bat adierazteko duten moduagatik.
Horretaz irakasleak dantzaria izandakoa behar du?
Bai, batzuk ezetz diote, baina nik uste inoiz dantzatu ez baduzu ez zenezakeela irakatsi. Artista izan gabe izan zaitezke irakasle, baina ez da berdina, eszenan behar den adierazkortasun handi hori bazterrean uzten baituzu. Enrico Cecceti irakasle handia izan zen, besteak beste Ana Pavlovari eta Vaslav Nijinskyri irakatsi zion eta hark beti esan zuen: "Zorionekoa aurrez dantzaria izan den irakasle bat duen ikaslea".
Dantzari gazteak ikustean segidan antzematen da nork duen talentua eta nork ez?
Bai, aitaren batean jakiten duzu nork balio duen. Talentua segidan antzematen da, oso nabarmena da, berezkoa. Gero gerta liteke zuk etorkizun ona aurreikusi eta huts egitea, edo ezin dezakeela ezer egin esan eta izar handi bihurtzea. Ikusi izan ditut horrelakoak.
Baina zenbat dira izar bihurtzen direnak?
Oso gutxi. Nire eskolatik milaka pasa dira eta bost atera dira onak. Ingalaterrako Royal Ballet-en ere, hirurehundik gora ikasle dituen eskola batean, urtero behar bada pertsona bat aterako da talentu handikoa. Beraz, oso zaila da.
Dantzariak ba al du askatasunik inprobisatzeko?
Bai. Koreografo batzuei ez zitzaien asko gustatzen, baina, nik batzutan niretik zerbait jarri nahi izaten nuen eta ia inoiz ez zidaten esan gaizki zegoenik. Izatekotan ere esan izan zidaten: "Kontuz ibili zure inprobisazio horiekin". Aldiz, bizpahiru pertsona daudenean zurekin batera dantzan ezin zara aldatzen hasi, bestela besteak nahasten dituzu. Baina bakarrik bazaude inprobisatu dezakezu. Dena den, inprobisazioa ez da pausoak aldatzea, baizik eta egiteko modua. Esaterako, eskuineko belaunarekin izan beharrean ezkerrekoarekin lur hartzea pentsatzen duzu. Pentsatu eta egin.
Koreografoa ere izan zara, nola sortzen da koreografia bat?
Nik musika asko entzuten dut, eta entzutearekin bat "honekin baleta egin nezake" pentsatzen dut. Orduan, daukazun jendearekin koreografia osatzen hasten zara. Baina garrantzitsuena musika da. Beharbada, baduzu egin nahi duzun zerbaiten inguruko ideia bat, eta gero horrekin doan musika aurkitzen duzu. Baina nik nahiago dut lehenik musika entzun, musikak berak esaten baitit: "Hemen dago!".
Bukatzeko, hitz egin dezagun euskal dantzaz. Esana duzu euskal dantza nahiko mugatua dela.
Esaten nuen koreografiak egiteko unean dela mugatua. Nahiko trinkoa dela uste dut, gerritik behera asko lantzen da, baina besoak gutxi mugitzen ziren lehen. Urratsak, errepertorioa ere, ez da izugarria, beraz, zaila da hortik koreografia bat sortzea. Hala ere, gustatuko litzaidake egun batean euskal dantza baten inguruan koreografia bat egitea. Moldatu egin beharko litzateke, bere gordinetik atera, eta balet pixka bat sartu. Urrats horiek hartu eta baleta egiteko modura egokitu. Norbaitek hasi behar du.