Zientzia eta espioitza uztartu dituzu. Arrazoiak?
Gaztetxoa nintzela Asimoven liburu batean irakurri nuen Sokrates akabatu behar genuela. Zera zioen Asimovek: zer lerdokeria den ezjakintasuna jakinduria gisa aldarrikatzea. Askotan zientzia zerbait abstraktoa, errealitatearekin zerikusi handirik ez daukana balitz bezala saltzen zaigu; eta ez gutxitan aipatu izan didate zer alde omen dagoen literatura eta zientziaren artean. Baina ni oso gaztetxo nintzela maitemindu nintzen zientziarekin, eta ez hainbeste eskolan irakatsitakoengatik, baizik eta Asimov, Verne eta horien liburuek erakutsi zidatelako zer grina, zer poesia egon zitekeen zientziaren barruan. Bestetik, asko erakarri izan naute intrigazko nobelek, bidaia baten modukoak direlako.
Eta zer azaltzen duzu nobelan?
Badira historian hainbat garai miresgarri »Grezia klasikoa, Errenazimendua...», eta horietan, dudarik gabe, XX. mendeko fisikaren historia dago. Liluragarria eta tragikoa da era berean zenbat lorpen eta iraultza egin zituen fisikak eta zer tragedia bizi izan zuen II. Mundu Gerra ondoko bonbekin. Zeren militarrak ez dira kezkatzen, horiek egin beharrekoa egin eta kito, baina zientzialariek oso errudun sentitu ziren, eta nik pixka bat hausnartu nahi izan dut horrelako zerbait errepikatuko balitz ea zer demontre gertatuko zen.
Donostiako International Physics Center-aren papera?
Errealitate ukituak behar nituen nobelan, eta beldurrez bada ere, sinesgarritasunaren mesedetan benetako lekuak eta pertsonaiak sartu nituen.