Aljeriak lo zirudien ekaitz bezperan duela 50 urte


2021eko uztailaren 28an

Aljeriako gerra edo independentzi matxinadaren 50. urteurrena ospatuko da heldu den azaroan. 1954ko Omiasaindu edo Santu Guztien egunez lehertu zen zortzi urteko gerra latza; eta milaka krudelkeria eta milioi bat heriotza beranduago, Suitzarekin muga egiten duen Evianen sinatuko zuten bakea Parisko agintariek eta FLNko -Front de Liberation d'Algerie- buruzagiek.

Munduko borroka antikolonialetan mugarri ahaztezina ipini zuen Aljeriako iraultzak, eta euskaldunon artean belaunaldi bat baino gehiagoko militante abertzale eta ezkertiarrengan izan zuen eragina. Mende erdi beranduago, azaroko ospakizunek balioko dute gure memoria kolektiboari astindu bat emateko. Gazteek ikusi ahal izango dute ahantzia genuen Gillo Pontecorvoren «La bataille d’Alger», XX. mendeko 50 eta 60ko hamarkadetako ezkertiar antikolonialisten izenak azalduko dira berriro... eta Aljeriak independentziaren ondoren bizi izan duen historia kontraesanez betea eta latza ere analizatuak izanen dira.

Aldiz, beste ikuspegi batetik hurbildu zaio gaiari Benjamin Stora. 1950ean Aljeriako Constantine eskualdean sortutako historiagile honi gerra lehertu aurreko hilabeteetako giroa deskribitzea interesatu zaio, eta horretaz idatzi du artikulu saila Le Monde egunkarian. Lehen artikulua «Alger à la veille de la tourmente» »Aljer ekaitzaren bezperan» bataiatu du.

Hain zen hiriburu lasaia Aljer

«Duela berrogeita hamar urte, ‘Alger la blanche’ 2,8 milioi biztanleko departamendu frantses bateko hiriburua zen, eta lasai zirudien. Hala ere, europarren eta ‘indigenen’ artean leizea zulatua zen, azaroan lehertuko zen gerra prestatuz».
1954ko uda beroan, Aljerreko erdiguneko Isly karrikan neska europarrek soineko arinak zeramatzaten, izozki saltzaileek mahuka zuten eta kafetegietako terrazak ez ziren husten. Clemenceau plazan, gaztetxoek oihuka eztabaidatzen zuten estreinatu berria zen azken filma: Elia Kazanen Sur les quais »La ley del silencio titulua espainolez» zen eta protagonista Marlon Brando zeukan.

315.000 biztanle zituen orduan Aljerrek, eta bertara hegazkinez edo baporez iristen zen bisitariak itsasotik sartzean munduko badiarik ederrenetako bat aurkituko zuen. Aljer hiriari kutsua arabiarrek, turkiarrek eta frantsesek eman zioten X. mendetik aurrera »nahiz eta urte labur batzuetan espainiarrena ere izan zen».
Joan den mendearen erdi aldean kutsu horiek guztiak eta gehiago nabari ziren hiriko karrika eta auzoetan: italiarrak nagusi ziren Marine-n, espainiarrak Bab El-Oued-en, juduak Lyre, Randon eta Marengo kaleetan, musulmanak Casbah eta Hamma auzoetan biltzen ziren eta frantsesena zen mugimendu gehien zeukan Isly kalea eta bere ingurua. Gainera baziren turkiarrak, greziarrak eta beste hainbat jatorritako jendeak bertan. Hiri honek biltzen zituen Aljeriako enpresa eta sozietate nagusien egoitzak. Giro lasaia arnasten zen Aljerren. Europar haietako bakar bati »‘indigena’ gehienei ere ez seguruenik» ez zitzaion burutik pasako lurralde hura laster ez-frantses izatera irits zitekeenik.

Geroztik ikasi behar izan zuten, baina 1954ko uda hartan metropoliko intelektualak ez ziren ohartzen Camus eta Simone de Beauvoir-en azken eleberriak ahotan zituen Aljer hura uharte ttiki bat baino ez zela, inguratzen zuen itsasoaren bizkar bizi zena. Aljerian orduan 7.900.000 musulman eta 922.000 europar bizi ziren. Baina hauteskunde sistema bitxi bat zela medio, frantses baten bozak bederatzi aljeriarrenak baino gehiago balio zuen.

Europarrek ez zituzten ikusten, baina hiriburuetako bidonville edo arrabaletara milaka herritar iritsi ziren laborantza utzita miseria periurbanoan bizitzera. Jacques Chevallier Aljerreko alkate liberala kezkatuta zegoen: «1938an 4.800 pertsona bizi ziren txabolategietan eta gaur 125.000 dira». Casbah auzoa ere gainezka zegoen. Gizon honek usaintzen zuen zerbait bazetorrela, lehertu behar zuela, seguruenik herri hura zen bezalakoa maite zuelako. Ez zen kasualitatea izango Aljerreko alkate izan ondoren, 1962an, »independentziarekin» beste gehienak ez bezala bertan geratzea eta nazionalitate aljeriarra hartzea.

Aljerreko eliteak bezala Frantzia metropolitanoak bizi zuten uda barearekin kontraste egiteko, Benjamin Stora historialariak Ferhat Abbas-en egun haietako urratsak kontatu ditu Le Monden. Constantine eskualdean dagoen Setif hiri txikian botikari ezaguna zen Ferhat Abbas. Eta 1943tik Aljeriarentzako estatutu politiko berri bat eskatzeko bilkura guztietan nabarmendua zen, egoera aitzinatu nahi zuten notableen artean. 1945ean frantsesek erabili zuten errepresio basatia ere gertutik bizi izana zen. 1954an Parisen Mendes France ipini zuten presidente eta Setifeko botikari nazionalista moderatu ezagunak idatzi egin zion ekainean. Mendes Francek abuztu hasieran hartu zuen Ferhat Abbas Quai d’Orsay-ko jauregian. Lekuko zeuden Chevallier Aljerreko alkate zena eta François Mitterrand, orduan barne ministro zena. Gure Mitterrand.

Frantziako presidentea Tunisiaren autonomiaz Kartagon hitz eginda iritsi berria zen eta Ferhat Abbasi esan omen zion seguru: «Tout est calme en Algérie». Botikariak: «Oker zaude, lehendakari jauna, Aljeria isilik dago haserre delako. Ez du konfiantzarik bere buruzagietan, lege frantsesak ere ez baitituzte betetzen. Gure eskariek erantzunik ez badute, Aljeriak beste alde batera begiratuko du».

Ferhat Abbasek bazituen motiboak horrela mintzatzeko. Kairotik pasea zen Parisa jo baino lehen, eta han atzerriratutako buruzagi independentistek hitz erditan adierazia zioten udazkenerako eraso berri eta ezberdin bat prestatzen ari zirela. Abbasek ere Mendes Franceri hitz erditan eman zion abisua, baina «ez iezadazue denok dena aldi berean eskatu» erantzun omen zion errepublikano musulmanari.

Baina aljeriar andana bat aseak ziren Paristik albiste onak noiz etorriko zain egoteaz. Nazionalisten arteko hainbat krisiren ondoren FLN sortua zen eta militanteak hurrengo urratsak prestatzen ari ziren, Kabilian. Klandestinitatean eta buruzagi Krim Belkacem zutela, errebolta armatua martxan jartzeko kasik prest zegoen, armak hemendik, propaganda egiteko multikopistak hortik...

Salbuespenen bat kenduta, komunikabideek jarraitu zuten Aljeria lasai bateko albiste koloretsuak eskaintzen. Hala, 1954ko azaroaren 2an, Omiasaindu bigarrenean, harrituta irakurri zuten titulu hau Aljerreko herritarrek: «Aljeriako hainbat lekutan atentatu terroristak egin dituzte aldi berean». Estreinako trumoia besterik ez zen.

http://www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
EAEko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren analisia aurkeztu du Gorbeialdeko Herri Unibertsitateak

EAEn, energia berriztagarriko instalazioak non jarri daitezkeen biltzen du Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak (LPS). Plana osatuta dago, eta laster onartuko dute. Alabaina, zenbait adituk hutsuneak dituela ohartarazi dute, tartean, Gorbeialdeko Herri... [+]


2025-04-09 | Sustatu
UEUk aurtengo uda ikastaroen zerrenda finkatu du

UEUren 53. Udako Ikastaroak izango dira aurtengo udakoak. Zein jardunaldi eta ikastaro izango diren jakinarazi berri dute. Matrikulazioa aurrerago, maiatzean.


ANE LABAKA MAYOZ:
“Ama izatean bizitako zurrunbiloari hitzak jartzen saiatu naiz”

Ane Labaka Mayoz bertsolari eta idazleak ‘Hezur berriak’ (SUSA, 2025) poesia liburua plazaratu berri du. Bertan, amatu aurreko eta ondorengo hilabeteetan bizitako beldurrak, ilusioak, biolentziak, presio sozialak, erruak, pozak eta nekeak bildu ditu.


“Badaude diskriminazio egoera baten zantzu nahikoak, gutxienez eskatzen dutenak Debako liburutegian ikerketa bat aurrera eramatea”

Irati Aizpurua Alquezar abokatuak zuhurtziaz erantzun ditu ARGIAren galderak, eta testuinguru juridikoa eman digu, Debako udal liburutegian gertatzen denaren inguruan. Elkarrizketa zabal batean berriki kontatu dugunez, 2 urtera arteko haurrek galarazita dute Debako haur... [+]


Lekeitioko Udalak etxebizitza turistikoen lizentziak geldiarazi ditu

HAPOn etxebizitza turistikoak arautu eta mugatzeko aldaketa puntual bat egin arte eten egingo da herrian gisa horretako etxe gehiago irekitzeko aukera. Alokabiderekin hitzarmen bat egin duela ere iragarri du udalak, etxe hutsak alokairuan jartzeko.


Israelek eginiko beste sarraski bat atera da argitara: Rafahn hamabost osasun langile hil eta ondoren hobi komun batera bota zituen

Palestinako Ilargi Gorria larrialdi zerbitzuak baieztatu du gorpuei eginiko autopsiak erakusten duela soldadu israeldarrek tiro egin zietela medikuei. Hil aurretik osasun langileetako batek soldaduek eraso egin zien unea grabatu zuen mugikorrarekin, eta bideoan ikus daiteke... [+]


50.000 plakako zentral fotovoltaiko bat jartzeko proiektua aurkeztu dute Agurainen

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez ezagutarazi da Cañaveras Solar enpresak egingo duela zentrala. Cañaveras Solar enpresaren zuzendaria Rafael Benjumea da, oligarkiako Benjumea familiako kidea. 15 milioi eurotik gorako kostua izango du proiektuak... [+]


Eskola publikoarentzako lehenengo plan estrategikoa aurkeztu du Pedrosak

“Etapa berri baten hasiera” eta “historikoa” moduko hitzekin aurkeztu du Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak Euskal Eskola Publikoa Eraldatzeko I. Plan Estrategikoa, Eusko Legebiltzarrean. Edukiak oraindik ontzeko eta zehazteko daudela, plana hamar... [+]


2025-04-08 | ARGIA
Grebara joko dute Donostiako gizarte zerbitzuetako langileek

Bost greba egun deitu dituzte apirilerako, "lanez gainezka" daudela eta giza baliabide eta material "oso murritzak" dituztela argudiatuta. ELA sindikatuaren esanetan, udalak "ez du mugimendurik egin nahi".


2025-04-08 | Bertsozale.eus
Gasteizko Pinto pintto taldea garaitu da Kuadrillartekoan
Urtarrilaren 18an hasitako 2025ko Arabako bertso Kuadrilla artekoa amaitu da, 14 bertso egun eta 4 finalerdiren ostean helmugara heldu da larunbatean ospatutako finalarekin. Bat bateko 14 talde izan dira eta talde bakoitza hamaika lagunez osatua egon da.

2025-04-08 | ELA sindikatua
Medikuen artean euskararen eskakizuna gaztelaniarena baino 47 puntu txikiagoa da Osakidetzan

Osakidetzan egun, ez dago bermatuta euskarazko zerbitzua. Zerbitzu gehienetan ez dago hizkuntza irizpiderik eta herritar euskaldunek bere burua nabarmendu beharra daukate, egoera oso zaurgarrian, euskarazko zerbitzua jaso ahal izateko.


Gaixo dagoen Gotzon Telleria euskal presoa etxeratzeko eskatu dute sindikatuek

ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT-LKN, CNT, HIRU, EHNE eta ETXALDE sindikatuak, Sarek abiatutako Gotzon SOS kanpainara batu dira. 2019an antzeman zioten gaixotasun genetiko sendaezina 68 urteko preso politiko bilbotarrari. Sindikatuek gaixotasun larriak dituzten presoak kartzelatik... [+]


Hiru eguneko greba zikloari ekin diote Bridgestoneko Basauriko langileek, eta arratsaldean mobilizazioa egingo dute

Astearteko greba egunak %100eko jarraipena izan du, sindikatuen arabera. Hilaren 11rako eta 15erako deituta daude beste bi lanuzteak. 335 langile kaleratu nahi ditu Japoniako pneumatikoen multinazionalak Basauriko (Bizkaia) plantatik.


Eguneraketa berriak daude