argia.eus
INPRIMATU
Partitura
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Landuena zeukanak eraman du Portugaleko Eurokopa. Inor gutxik sinesten genuen grekoengan. Famadun gutxi tartean, kazetaritza ergelean presentziarik ez. Bakarlariengan jarrita geneukan gure konfiantza, futbol zelaia publizitate agentziaren estudioa bailitzan. Marketing ikonoek sei mila metro karratuko eremu berdetan berenak eta bi ikusi dituzte baina baloirik ez, bakarra baitzegoen hogeita birentzat. Inprobisazioa aski zutelakoan, instrumenturik gabe eta eztarriak hartuta azaldu dira jokalekuan, zertan zenbiltzan eta zer egin zezaketen asmatu ezinik. Grekoek prestatua zeukaten emanaldia. Hiru gol berdintsuz eraman dute txapelketa. Euren eskubitik erdiratu eta lehen zutoin eta atezainaren artean kokatutako bi eskumatik, zast eta barrura. Sekulako abantaila arerioek eman dietena, eskumatiek hor defentsan dituzten ahulezi motrizak kontutan hartuz. Ez dut nik ezagutzen jauzia egitean pertiga alderantziz hartzen duenik. Ez eta zango eskubiaren gainean salto egiten duen jauzilari eskumatirik, arerioari abantaila emateko ez baldin bada. Beckanek Barthez ezkertiari gerriaren alturan eta honen eskubira penaltia bota zion bezala. DoM-eko arpegioa ez ezagutzea da, nahiz eta bakarlari bikaina izan bere musika jotzen. Besteekin batera jotzean datza asuntoa.