argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2007ko otsailaren 21a

Saguekin saiakera gero eta zailagoak
Animaliekin saiakerak egitea gero eta zailagoa da, aldeko eta aurkakoak gero eta borroka gogorragoan murgildurik baitaude. AEBetako Harvard-eko unibertsitateko ikerlariek OncoMouse izena erregistratu zuten, sagu transgenikoak adierazteko. Jakina denez, sagu hauek batez ere tumoreak garatzeko eta aztertzeko erabiltzen dira, minbiziaren aurkako borrokan.
Berriki, Saiakeren Bulego Europarrak murriztu egin du saguen erabilera laborategietan. AEBetan 1988an hasi ziren OncoMouse-rekin egindako saiakerak mugatzen eta 1992an Europan. Arteko mugaketa "gizakia ez den animalia ugaztunei" zegokien eta marraskarietara mugatu ziren saiakerak. Baina joan den uztailaren 6an beste erabaki estuagoa hartu zen, ia-ia saguaren erabilera erabat mugatzeraino. Erabaki hau Kanadako Epaitegi Nagusiak hartutakoari jarraituz dator, hark horrela zioen 2002an: "Bizi-maila garatua duen edozein izaki ezin da saiakeratan erabili".
Eztabaida mahai gainean dago, batzuek animaliak behar dituzte frogak egiteko eta beste batzuentzat animaliekin lan egitea ez da etikoa. Gatazka honen jarraipena egingo dizuegu lerro hauen bidez.

Atmosfera goitik behera aztertu nahian
NASAk Aura deituriko satelitea espazioratu zuen joan den uztailaren 10ean, ondoko galderei erantzun ahal izateko: ozono-geruza berrosatzen ari al da? Arnasten dugun airea zein neurritan degradatzen ari da? Eta nola eboluzionatuko du klimak?
Datozen 5 urtetan Aurak atmosferako goiko eta beheko geruzak aztertuko ditu. Troposferan, hots, Lurretik 10 kilometrora zabaltzen den atmosfera zatian, sateliteak ozono, aerosol eta nitrogeno oxidoen bidezko poluzioa aztertuko du, beste hitz batzuekin esanda, guk arnasten dugun airearen kalitatea aztertuko du. Goraxeago, hots, estratosferan, Aurak ozono geruzaren egoera aztertuko du, ea zuloak sortzen diren, zulo horiek finkoak ala iragankorrak diren, zein beste konposatu kimiko azaltzen den. Aurak aipatu bi geruzen artean gertatzen denaren berri ere emango digu. Zientzialariek hobeto ezagutu nahi baitute aerosolek, ozonoak eta ur-lurrinak kliman duten eragina.
Satelite honen aurretik beste bi gutxienez aritu dira gai hauek ikertzen Terra, 1999an espazioratua eta Aqua, 2002an.