Ezin ditugu bandoleroak leku zehatz batera mugatu; noski bandolerismoak leku bakoitzean ezaugarri ezberdinak zituela, baina munduko bazter guztietan zeuden; zer dira bada Ingalaterrako Robin Hood, edo Txekiako Johan Georg Grasel famatuak?
Baina ez bazter guztietan bakarrik, garai guztietan ere existitu dira bandoleroak, XII. mendean Aymeric Picaud frantziar erromesa euskal lurraldea igarotzeko beldur zen, Ibañetako gainean bidelapurrek bertan hilko zutelakoan. XV. mendean, berriz, Sancho Rota izeneko gizon bat oso ezaguna egin zen, garai haietan basoz estalirik zeuden Bardeetan gordetzen zen, bertan lapurretak eta bahiketak egiten zituen; Navarro Villosladak «Blanca de Navarra" printzesaren bahiketan parte hartu zuela dio eta lagunekin eskuzabala baina arerioekin krudela zela.
Agintarientzat gaizkile, herritarrentzat ongile
Ezin dezakegu ukatu ordea, bandolerismoaren urrezko garaia, Aitzin Erregimenaren krisiarekin batera etorri zela, XVIII. mende bukaeratik XIX.aren hastapenetara. Urte hauetako krisiak biztanleria txiroa gogor kolpatu zuen eta askok lapurretetara jo zuten diru sarrera gehiagoren bila.
Baina bandolero hitzak badu esanahi sakonagorik, ez ziren lapurretak edo delituak egitera soilik mugatzen, nahiz eta garai haietako dokumentu ofizialek, gaizkile, delinkuente eta pertsona maltzur bezala tratatzen zituzten. Esaterako, 1799an fiskalak heriotza zigorra eskatu zuen Joaquin Iturberentzat, antza denez: lapurretak egin, asmo maltzurrak izan eta edonor hiltzeko prest egoteagatik. Paradoxa nabarmena hala ere, Santua ezizenez ezagutzen zen bandoleroa baitzen Iturbe hau. Beraz, agintarien ustez, maltzurrak, hiltzaileak eta bidegabekeriak egitera ohituak genituen lagun hauek.
Zein irudi gorde zuen ordea gizarteak pertsonaia hauen inguruan? Bandoleroa ez zen gizon maltzurra; alderantziz, lapurretan hasi baino lehen lanbide duinetan ibilitakoa zen, baina gertakizun zehatz batzuek bandolerismora bultzatu zuten. Bandoleroak ez zuen sekula inor hiltzen, lapurretak edo asaltoak justizia bere modura banatzeko tresna ziren. Horrelakoa genuen Baztango Txitxos, seminarioa utzi eta aberatsei lapurtzen hasi omen zen behartsuei emateko; Eltzoko apaizak ere abituak utzi zituen gauza bera egiteko. Bandoleroa mito bizidun bihurtzen zen horrela, bizkorra baitzen, makina bat aldiz kartzelatik ihes egindakoa eta hamaika istorio bizitakoa. Baina gehienetan amaiera garratza izaten zuen, adiskideren batek engainaturik harrapatua eta ia beti heriotzara kondenatua.
Guiñi eta Patakon, euskal bandolero bi
Euskal Herrian bandolero ezagunak ez ziren asko izan, baina badaude adibide batzuk. Horien artean aurkitzen dugu Juan Joseph Ibargoien, Guiñi deiturikoa eta 1767an Irungo Urruzenea baserrian jaiotakoa. Lapurretetan hasi aurretik soldadu, mikelete, eta kontrabandista izan zen, kortsario lanetan ere ibili zen. Baina 1800 urtearen bueltan Guiñik Euskal Herriko bazter guztietan makina bat lapurreta burutu zituen, ia beti Pedro Carderecar Frantses Txikiak lagundurik: Bizkaiko Zaldropon, Gipuzkoako Zubietako Araetan, Errenteriako errege bidetik pasatzen ziren bidaiariei eta Aramako alkatearen etxean ere lapurtu zuen. Baina kartzelak ere ongi ezagutzen zituen, Gasteizen, Gernikan eta Ferrolen egona zen, guztietatik ihes egitea lortu bazuen ere.
Guiñiren lapurreta sonatuena 1800eko uztailean Hernanin egindakoa izan zen, bertan, 30 lagunez osaturiko talde batek 134.000 erreal lapurtu zituen herrian tiroka sartu eta gero; antza, kontrabandorako dibisak ziren, udalak, konfiskaturik eta etxe batean gorderik zituen sosak. Baina lapurtutakoa ez zen talde honen artean banatu, Iparraldeko kontrabandistei eman baitzitzaien, beraz, diru erreskate bat izan zen eta ez lapurreta soil bat. Hernaniko ekintza honen ostean Guiñi iheska ibili zen, baina azkenean Donostiako Motako gazteluan bukatu zuen preso, 1804ko apirilean Bartholome Aguirre kidearekin batera hil zuten, hiriburuko Plaza Berrian garrotea emanez.
Bizirauteko bakarrik lapurtzen zuen Guiñik, baina bandolero nortasuna ere bazuen, nahiz eta aberatsei lapurturikoa behartsuen artean banatu ez. Horretan zintzoago jokatzen zuen Patakonek, Manuel Antonio Madariaga izeneko bandolero famatuak: "Patakon, dekonari kendu eta estekonari emon", diote Bizkaiko Larrabetzuko zaharrenek. Lanbidez errementaria zen, idazten eta irakurtzen ere bazekien, baina osaba bat apaizaren etxean lapurreta egiteagatik kartzelan egona zen eta askazi berekoa genuen Patakon. 1823an bere lehenengo lapurreta burutu zuen eta hortik aurrera, lapurretak eta kartzela aldiak besterik ez zituen ezagutu: Arabako Kexaan, Bizkaiko Bizkargin, abade eta aberatsen etxeetan... Azkenean 1848an harrapatu ostean Melillara eraman zuten eta bertako kartzelatik ihes egitea lortu bazuen ere, Afrikan hil zela esan ohi da.
Patakoni buruzko makina bat istorio eta sinestek iraun dute gaur egun arte, bizkorra zela esaten dute: behin, sortu berria zen Guardia Zibila atzetik segika zuela, zaldiaren erradurak atzekoz aurrera jarri zituen eta modu horretan arrastoa galtzea lortu zuen. Beste behin, errenta ezin ordaindurik zebilen alargun bati dirua eman zion, baina berriro berreskuratu zuen ostera, ugazaba errenta kobratzetik zetorrela, bidean azaldu eta diru-poltsa kendu baitzion. Inork ez zuen zalantzan jartzen Patakon lapurra zela, baina "lapur onratue" omen zen, beti behartsuen alde egiteko prest.
Bandolerismoa: Krisiaren adierazle
Menderik menderako igarobide horretan, Erregimen Zaharraren krisi ekonomikoaz gain, gerrak ugaritu ziren. 1893an Konbentzioko Gerra, 1808an frantsesen kontrakoa, 1820an liberalen kontrako partida errealistak eta 1833an lehen Karlistaldia gauzatu zen. Krisi ekonomiko eta gerra giro honetan murgildurik, bandoleroek leku erosoa aurkitu zuten, askok gerra hauetan parte hartu zuten gainera »Guiñi eta Joaquin Santua soldadu izan ziren eta Patakon partida errealistetan ibilia zen»; izan ere, ezegonkortasun politikoak eraginda, bandoleroek justizia euren kabuz erabili nahi zuten, herritarrak goseak baitzeuden eta bizirauteko modu bakarra lapurreta zen.
Bandolero gehienak ez ziren sekula herritarrengandik urrundu, askotan bizilagunek laguntzen zietelako jarraitzen zuten libre, hauen etxeetan lo egin eta jaten zuten, atxilotzera zihoazenean berriz, abisua pasatzen zieten ihes egiteko... Noski, bandolero bakoitzak bere nortasuna zuen, batzuek elkartasuna zer zen ere ez zekiten, beste batzuk berriz herritarren begiko ziren. Onartu beharra dago ordea, bakoitzak bere modura, baina guztiek garai haietako gizarte ezberdintasunaren kontrako borrokan parte hartu zutela.