argia.eus
INPRIMATU
Marcel Queheille: «Ez nuke oraingo txirrindularia izan nahi»
  • Gerra oste hartan, Coppiren sudur zorrotzak txunditurik, Marcel zurgina, mailua eta zizela utzi eta bere gorputza ezpaltzen hasi zen bizikleta hartuta. Ez sos, ez talde, bidez bide egunero aldapa bila, bakar-bakarrik, eta haize guztia kontra; nola etxean hala kalean erotzat zeukaten. Hobe zuen ostatura joan izan balitz. Baina ibilian-ibilian, xiberutar guztiek bezala, 57ko uztailean, Marcelek Pariserako bidea ikasi zuen. Pelotoi handiko xiberutar bakar, han ibili zen egunero ihesean, kuraiaz beterik. Handik bi urtera Baionako helmugan besoak altxa zituenean erotzat hartzen zuten guztiak erotu zituen. Ez baita besterik, zu bezalakorik, 74 urterekin ere urtean 14.000 kilometro egiten dituenik, galderei erantzun baino ordu batzuk lehenago Bagargi igotzen duenik, eta hala ere Anquetilen sekretua kontatzen ez duenik. "Hüra segeretü da".
Amets Arzallus 2021eko uztailaren 27a

Zu ttipia zinelarik nolakoa zen bizimodua Zalgizen?
Bizia izugarri sinple zen hemen, sinple baina ongi. Nik aita hargin nuen eta ama dendari, baina bazen laborari paketa bat, eta haur gehiago orain baino. Orduan beti herrian egoten ginen, hemen ontsa ginen. Lehen aldiz Maulera hamabi edo hamahiru urterekin joan nintzen. Eta lehen aldiz ikusi dut itsasoa Donibane Lohitzune edo Hendaian lasterketetan ari nintzelarik, hogeita hiru urtetan. Hori erraten badut gazte bati drole atzemanen du, orain gazteak anitz ibiltzen baitira, ezkontzen dira, joaten dira kanporat... Gero berriz jiten dira erretirora heltzean, baina orain jendeak nahasten dira anitzez haboro.

Mintzaira ere nahastu da orain Zalgizen, zuen garaian denak euskaraz ariko zineten, ezta?
Beti euskaraz mintzo ginen, euskaraz bizi ginen. Nik ikasi dut frantsesa Zalgizeko eskolan. Eskolan bagenuen erakasle bat biarnesa zena, eta euskaraz ari baginen punizioa ematen zigun: errekreazionea kendu, izkiriatzeko lanak... Alta guk ez genekien euskara baizik. Etxekoekin beti euskaraz mintzo ginen, baina ezkonduz geroz, ene emazteak ez baitaki euskara, etxean frantsesez ari izan naiz, eta semeei ere ez diet irakatsi. Amiñi bat dolu dut semeei ez irakatsia.

Uste duzu salbatuko dela euskara Zalgizen, Xiberuan...?
Orain ez da anitz mintzatzen, doi-doi atxikitzen du. Gazteek ez dute orok euskara ematen baina bada atxikitzen duenik. Zenbaitek haur ttipieri irakasten die Xiberuko mintzaira, baina eskolan hasi ondoan galtzen dute. Orain badira eskolan euskara ikasten dutenak ere, baina ariko ote dira aitzina? Hala ere nik pentsatzen dut eskolan, behintzat eskola publikoan, behar lituzkeela gobernamenduak errejentak ezarri euskara irakasteko, pentsatzen dut ontsa litzatekeela. Nik baditut bi biloba ttipi, eta batekin ari naiz usu euskaraz.

Eta biloba txikiaren ordez bizkaitar edo gipuzkoar bat jarriko banizu, ulertuko zenukete elkar?
Ez dakit, baina nik Euskal Telebista ez dut endelegatzen. Ikusten dut txirrindularitza eta esatariak ez ditut ulertzen. Meza, aldiz, bai. Donapaleu, Garazi, eta horietan ere hitz zenbait bai, baina bestenaz ez naiz aise heltzen endelegatzera. Hala ere, Xiberutik agitu naiz Elizondon, eta han baratxe mintzatuz gero, endelegatzen dut. Loroño ere adiskidea nuen Kas-en nintzelarik, eta harekin euskaraz mintzatzen nintzen, endelegatzen ginen.

Euskaldunen artean elkar ulertzeko aski lan, eta mutikotan alemanak ezagutu zenituen Xiberuan.
Gerra garaian, hamabi urte nituen alemanak joan zirelarik Atharratzera eta Maulera. Zalgizen ez ziren izan, pasatzen ziren bidetik, auto, moto, side-car, orotarik bazuten, eta bizikletaz ere ibiltzen ziren. Hemen alemanak xarmant izan dira, ez gaiztoegi, zaharxkak baitziren. Baina, hala ere, ez ziren maitaturik, jendea isil egoten zen, baina barnean bazen lotsa alemanendako.

Xarmant zirela, baina bat baino gehiago eramanen zituzten berriz etorri ez direnak...
Norbait eramaten bazuten, guk jakiten genuen berehala. Baina ez da anitz izan, zenbat? Bizpahiru, lau, bortz haboroenik. Badakit atharraztar bat esparruetarat igorri zutela eta han hil zela, gamear bat ere bai. Gamear hura izan da errusoek eta liberaturik, eta liberatu biharamunean hil zen. Altzürükün ere izan zen norbait deportatua eta etxe bat errearazi zuten. Beraz, izan da, bai, amiñi bat, baina hein batean egon da.

Eta makisetara anitz joan ziren?
Bai, baina guk ez genituen ikusten, gorderik ziren. Alta hemen jendea makisaren alde zen. Oroit naiz makisek Maule hartu zutela, orduan alemanak joan ziren, baina gero berriz jin, igande batez. Hemen herritarrek barrikada egin zuten. Ene aita ere ari izan zen. Gotainen bazen zubi bat bidean, eta aita deitu zuen ez dakit nork gauaz joan zedin ziloen egitera, hargin baitzen. Hola jausarazi zuten zubia, aitak ziloak egin eta. Aita lotsa baitzen, ez zen etxera joaten gauaz, bazuen borda bat eta mendirat joaten zen.
Beste istorio bat ere badut emazteari entzunik. Hemen bazen okin bat pasatzailea zena, eta autoan egiten zuen Santa Graziko itzulia. Pilotu eta paraxutista ingelesak eta amerikarrak gauaz eramaten zituen. Hark ezagutzen zuen aleman gazte bat, eta aleman gazteak bazekien ari zela trafikoan, beraz abisatu zuen kasu eman zezan, hura inportantea baitzen makisean. Usu begiraturik izan zen, etxea miatua, baina ez zioten sekulan deus atzeman. Atzeman baliote, eramanen zuten. Guk okin hura dela medio etxean beti ukan dugu ogia, bi hilabetez salbu. Irina biltzen zuen ez dakit nola eta moldatzen zen ogiaren egiteko.

Gerra utzi eta bizikleta kontuetara pasaz, txirrindulari guztiak oroitzen omen dira beren lehen bizikletaz.
Ene lehen bizikleta gerra ondoan aitak pagatu zidan, aprendiz joateko Atharratzerat. Egun oroz joaten nintzen goizean eta gauaz, berriz, jiten. Osaba batekin zurgintza ikasten nuen. Baina zinez txirrindularitzaren gustua hemezortzi urterekin hartu nuen. Egunean bi orenez ile apaindegian egoten nintzen, Atharratzen. Han baziren Miroir sprint eta bizikleta aldizkariak, eta horiek ikusterat joaten nintzen. Han dut ezagutu Coppi, ene idoloa, eta han hartu nuen txirrindularitzaren gustua. Gero abonatu nintzen aldizkari horietara, eta orduan hasi nintzen bizikleta jarraikitzen. Aldizkari haiek naute partiarazi.

Tourra ere ikusiko zenuen, menturaz, Maulen iragan zelarik.
1949an iragan zen Mauletik, baina nagusiak ez ninduen utzi ikustera joaten, behar nuen lanean ari hegatzean. Dolu nuen baina isil-isila egon nintzen, ezin eskapatua. Bagenuen errespetua eta lotsa.

Pelotoian, aldiz, errespetu eta lotsa guti omen zenuen, egun oroz eskapatzen ari.
Talde erregionaletan libertatea bagenuen. Nik pazientzia ttipixka nuenez, ez nintzen bizkorra, eta deus kalkulatu gabe egun oroz kasik eskapada bat egiten nuen, indarrak galdu arte. Nihaur laket nintzen han aitzinean, eta beti jalgitzen nintzen. Horregatik ez nintzen maitaturik pelotoian, bereziki ekipo frantziarrean. Atakatzen nuelarik borroka bazen amiñi bat prefosta. Hura ez zitzaien ontsa joaten haiei. Eta orduan ez ninduten maite, ni ero samarra nintzen. Orain, aldiz, kilometro batez eskapatzen dira eta telebistan plano handia, eskapatuen izenak, oi oi oi! Orduan ez zen horrela. Gu eroak ginen, beharko genukeen han egon trankil, pelotoian. Erraten ziguten trankil egon gintezen, eta azken hirurogei kilometroetan utziko gintuztela joatera, baina azken hirurogei kilometroak ziztuan egiten ziren, eta orduan ez zen kasik posible. Ezta motorrik gure hanketan, e!

Eta Baionako etapa hura nola irabazi zenuen?
Egun hartan bero alimalea bazen eta nik beroa maite dut. Pelotoia baratxe -baratxe joaten zen eta ni pelotoi gibelean egon nintzen, Anquetilekin eztabaidan, oren laurden batez. Orduan, eskapada bat formatu zen baina guk ez genuen ikusi, ez baikinen artega, han gibelean. Ohartu nintzelarik bospasei aitzinera joan zirela, dolu nuen ez joateaz haiekin, ni lazgarriko ontsa bainintzen, ez nituen zangoak bogatzen ere. Orduan izan nintzen ikustera ene Orthezeko laguna, maillot horia zena, eta erran nion nahi nuela pelotoitik jalgi, ea nahi zuenez joan enekin. Erran zidan ez zela ontsa. Angladek gauza bera. Orduan, nihaur joan nintzen, eta han dut egin marka enetzako. Nihaurek bakarrik aitzinekoak atzeman ditut bi minuta eta berrogeita bost segundo janez Landetan. Gero egon nintzen hogei bat kilometro errotetan trankil, eta hasi nintzen haiekin ibiltzen, erreleboak hartzen. Urt-era heltzean, bada patar on bat, gibelera so egin nuen eta banuen berrogeita hamar metro harturik nihaurek bate konturatu gabe. Heldu nintzenean Urteko herrira, banuen ehun metro. Orduan "klaxk", joan naiz nihaur. Azken hogeita bost kilometroak egin ditut nihaurek. Ez nuen diferentzia anitz eta azken kilometro horiek gogor ziren, izugarri gogor. Ene baitan ari nintzen: "Ez haiz heldüko hihau Baionarat". Ez nuen sinesten. Orduan ukan banuen anfetamina amiñi bat, hobeki helduko nintzen. Ez nuen, baina heldu nintzen burura.

Anfetamina aipatu duzu, ordurako dopinga bazegoen?
Dopinga beti izan da. Alta, lehengo dopingak eta oraingoak ez dute deus ikustekorik. Ene denboran, bazen anfetamina amiñi bat, bi miligramo eta erdiko pastilak eta hola, baina pikurarik ez dut ezagutu. Hori nik, handiek ez dakit zer hartzen zuten. Behin kazetari batek pausatu zuen galdera italiar sendagile bati, ea zer pentsatzen zuen dopingaz. Hark arrapostua eman zuen, dopinga gerraz geroz bazela. Nik beti erran dut, »ez nuke behar erran drole egiten baitu, eta oraingo txirrindulariek erranen dute ni erotuta nagoela» ni %90ean ur garbiarekin ibili naizela. Eta %10a anfetamina amiñi bat, edo Maxiton, Tonedron edo horrelakoekin...

Nork ematen zizkizun?
Horiek nik biltzen nituen handik edo hemendik. Gure artean egiten genuen trafika. Tira, ez zen trafika, baina gu guhaurren artean ari ginen, kirol zuzendaria futitzen zen. Guk ahal genuen hartzen anfetaminak nahi genuen oro, ez zen kontrolik. Baina nik osagarriari buruz pentsatzen nuen. Zeren eta dopingarena alkoholiko batena bezala da azkenean, sobera pintukatzen ari bada ez da on, aperitifa bat artetarik edo banana on bat artetarik, ez da gaizto, baina egun oroz segi, segi, segi, hori ez da on.

Baziren egunero hartzen zutenak?
Nik ez dut erranen izenik baina bazen txirrindulari belgikar ezagun bat, txirrindulari handi bat, hark hartzen zituen miligramoak ehun, eta horrela egun oroz. Gero, txapeldun handi bat zen, baina kasu ez da Merckx. Beste belgikar horrek tourrak ez zituen irabazi baina klasikoetako txirrindulari handi bat zen. Handiago eta haboro hartzen zuten, sobera. Baina erran behar da dopingak ez duela mirakulurik egiten, horiek txapeldunak izanen ziren berdin.
Alta, nik ez nindukezu nahi txirrindulari bat izan orain. So egin zenbat ziklista baden gazterik hilik. Iragan urtean Jimenez hori, Pantani ere, halako igotzaileak, eta hain goiz izorratuak! Hor ikusten da orduko dopinga ez zela izugarrikoa, zeren eta bada lehengo txirrindulari anitz orain ontsa bizi dena. Aldiz, oraingoek nola eginen duten? Bada paketa bat jadanik joanik. Baina kasu, horrekin ez dut erran nahi Anquetil hil dela dopingarengatik! Eta ez da pentsatu behar ere dopinga txirrindularitzan bakarrik badela, kirol orotan bada.

Bertze kirolak aipatu dituzunez, errugbia, pilota, horiek badute indarra Xiberuan. Aldiz, xiberutar txirrindulari bakarra zu izan zara. Alta, mendiak bertan dira, baina jendeak ez du afiziorik?
Hemen ez dute maite txirrindularitza izugarri. Norbait ontsa ibiltzen bada, orduan bai. Nik Baionan irabazi nuelarik bonbak esplotatu arazi zituzten oro Maulen. Baina bestenaz, deus ez. Beharrik badugula Maulen gazte bat hamazazpi urtekoa, ontsa partiturik. Kadetetan bi urtez irabazi ditu bederatzi lasterketa, eta ikusi behar orain aitzina ariko denez. Pentsatzen dut ibili behar lukeela, azkar dela iduri du. Baina ez da aisa, oraingo gazteek ez dute sobera maite sufritzea, hamazazpi hemezortzi urtetara heldu ondoan lagunekin bestara joan nahi dute, eta bizikletan behar da sakrifizio paketa bat egin. Lehenik behar da sakrifikatu, gero plazer ukateko.

La lanterne rouge
«Ene denboran, tourrean sailkapen nagusiko azkena la lanterne rouge deitzen zuten. Azken etapan, Parisen, estekatzen zioten argi gorri ttipi bat. Harekin finitzen zuen tourra, baina hura azkena izanik ere munduak ezagutzen zuen, kazetariek seinalatzen baitzuten, bazuen publizitate. Laugarrena edo bosgarrena baino ezagunagoa zen. Orduan, sailkapen nagusiko azken hiruak, ez bazen minuta sobera haien artean, gatazkan egoten ziren. Azken etapan gordetzen saiatzen ziren, azkenak izateko. Denek nahi zuten azkena izan, egunkarietan ateratzeko. Gero, la lanterne rouge kendu zuten horregatik. Orain ez da haboro».

Curriculuma
Sortu: 1930ean Zalgizen.
Bizi: Zalgizen.
Txirrindulari ohia.
Etxahun Iruri pastoralean aktore.

Taldeak
Mercier Ouest (1957)
Mercier Ouest - Sud Ouest (1958-1959)
Mercier Centre Midi (1960)
Kas (1961)

Palmaresa
Tourreko etapa bat (1959an, Baionan)
Dauphine Libereko etapa bat (1959)
Midi Libreko sailkapen nagusian bigarren
Tourreko "super combatif" (1961)
Igotzailerik onena itzuli askotan

Bertsoa

Doinua: Potajiarenak

Pentsatu dut askotan
gaur egun bederen,
famatu bihurtzea
helburu ote den.
Ikusi, la lanterne rouge
deitzen zutenak lehen,
beste denak aurretik
izango zituen
baina bere karrera
irabazten zuen.

Osaba lasterkaria
«Banuen osaba bat lazgarriko lasterkaria. Apairu zenbait jokatu zituen Madalenako gainean den kaperara oren batez iristen zela. Bertzeek ezetz. Hemezortzi urtetan, erran bezala oren batez arribatu zen Madalena gainera. Ahuntz baten gisara ari zen lasterka, bereziki igaten. Gero Parisera joan zen. Han ere, ez entrenamendu eta ez deus, kurtsa batean bostehunetarik zazpigarren heldu zen. Lazgarriko lasterkari ona zen. Orain izan balitz, txapeldun olinpikoa zitekeen, baina orain hila da».

Pastorala
«Pastorala berezi da, Xiberuko tradizioa baita. Guk Etxahunen pastorala egin dugularik, politena izan da Zalgize eta Iruri bi herriak juntatu eta eman ditugula hamar hilabete prestatzen, elkarrekin ontsa. Gero, pastoral egunean ere plazer hartu nuen. Jende anitz bazen. Biarnesak joan dira ikustera, manexak ere bai, eta beste aldetik ere bai. Pastoraletan, maskaradetan, eta bakantzetan joaten da jendea Xiberura. Nik pedalei emanez ikusten ditut autoen matrikulak. BI zer da? Bilbao? Bizkaia?».

Etxahun Iruri
«Etxahun ontsa ezagutu dut nik. Gizon xarmanta zen. Eta badut dolu bat: behin erran zidan kantore bat nahi zidala egin niretako, ziklista bezala prefosta, xiberotar eta txirrindulari bezala. Nik ez nuen animatu, eta orain dolu dut. Ikusiko nuen zer idatzi zuen, kantore egile ona baitzen. Kantore egile ona, baina edale ona ere bai. Etxahunek maite zuen bizi ona, eta ostatuan pintuka ari zen amiñi bat. Baina xarmant zen».