Mariano Ferrerrek hogeita hamar urte luze eman ditu goizeko 5etan jaikitzen eta "Donostia Herri Irratiko estudioetara bidea egiten. Irratirako bidean hiru bizikleta lapurtu dizkiote. Hartara, azken urteetan oinez egin ohi du bide. Atseginez eta adoretsu hartu gaitu. Bere bizitzako aro berri bati ekiteko konplexurik gabe: "Orain arte kezkatu nauten gauzek kezkatuta bizitzea nahi nuke aurrerantzean ere. Alabaina, nire lanaren ondorioz hartutako konpromisoak utzi nahi ditut. Konpromiso berriak hartuko baditut, gogoak ematen didalako da. Aurrerantzean ez dut ezer onartuko nire lan bizitzaren herentzia gisa. Konpromisorik gabe hasi nahi dut. Agian egin dudana egingo dut, baina nik nahi izan dudalako berriz ere. Ez behartuta".
Geroari begira egindako gogoetak dira. Guk iraganera bide egitera gonbidatu dugu Mariano Ferrer irratilaria, Herri Irratira iritsi zeneko garaietara, frankismoaren garai gogoangarri bezain ilunetara.
El kiosko de la Rosi saioak izen propioa darama. Nor zen Rosi?
Rosi egunkari saltzailea zen. Orain bizpahiru urte hil zen. Donostiako Gipuzkoa Plazan egunkariak saltzen zituen, bere ama Valentinaren segida hartu zuen Rosik. Urte batzuk geroago, Rosik amaren postua (otarrea eta zerbait gehiagorekin) Askatasunaren etorbidean jarri zuen. Gaur egun, leku beran, Rosiren alaba Aurorik Kiosko Rosi izenekoaren ardura dauka. Bitxikeri gisa, saioa egunsentian egina izaki, bere sintoniaren musikak Aurora izena du. Hau kasualitatea, ezta?
Zer edo nola gogoratzen duzu irratira etortzen zineneko lehen garai haiek?
Irratira etorri nintzen lehen aldian, Gipuzkoa plazan, Camino kalearen kantoian, egunkariak otarre batean saltzen zituen emakumezko batekin (Valentina) topo egin nuen. Ez zen bakarra. Orduan egunkariak kale izkinetan saltzen ziren, ez zegoen kioskorik. Berari erosi nizkion hainbat urtez (orduan El Diario Vasco eta La Voz de España), askoz gehiago ez zegoen-eta. Goizeko ordu horietan ez ziren Madrilgo egunkariak iritsiak".
Nola sortu zen saioa?
Saioaren jatorrizko izena Radio Reloj izan zen. Saio hori bazegoen ni irratira iritsi nintzenean 1971n, modu informalean egiten zen. Hasieran Juan Jose Lopez Rekartek eta biok egin genuen, aldizka, bera egun batean eta ni bestean. Gerora nik hartu nuen saioaren martxa osoa.
1982an, PSOE Espainiako gobernura iritsi zenean, giro eta aldaketa moduko bat eman zen. Sozialisten garaipenarekin Espainiako benetako aldaketaren hasiera antzeman zen. Aldaketa garaia zen politikan eta hedabideetan eta neronek ere nolabaiteko aldaketa bat eman nahi izan nion saioari. Hartara, saioaren formatua eta izena aldatzea erabaki nuen eta El kiosko de la Rosi izena burutu zitzaidan. Kiosko horretako jabeek ordura arte egin zizkiguten mesede guztiak eskertzeko modua izan zen halaber. Fabore asko egin digute. Neuri hainbat egunkari eta aldizkari eskura jarri dizkidate, nire kasa nekez eskuratuko nituen argitalpenak. El kiosko de la Rosi izena harreman bati egindako nolabaiteko keinua izan zen.
Azaldu iezaguzu saioaren ibilaldia.
El kioskok -ordutegi aldaketak aldaketa-, goizeko 7:00etatik 9:00etara bitartean aireratu izan da. Hasierako saioa inprobisatua zen erabat, ez nuen ezer prestatzen. Izan ere, ez genuen albisteak jasotzeko bitartekorik, ezta teletiporik ere. Hitz batez: ez genuen informatzeko sistemarik. Francoren garaian zen, frankismoa. Ez zegoen informatzerik erregimenaz kanpo. Gaur egungoa beste mundu bat da.
Egoera hartan, orduan zeuden aipatu ditudan bi egunkariek esaten zutena ematen nuen aditzera. Egunkariek kontatzen zutena eta kontatzen ez zutena aditzera ematen hasi nintzen, poliki-poliki. Egiteko horretan, kontakizunak zentzu bikoitza hartuz joan ziren. Esanek ironia eta txantxa biltzen zituzten, distantziaz kontatuak ziren, nolabait.
Gure helburua jendea aktualitatearekin sintonian jartzea zen, modu leunean. Egunkariak irakurtzea ez zen eguneroko bizitzan gauza arrunta, irratian irakurria izatea ere ez zen gauza arrunta, ez funtsezkoa. Giroa itogarria zen, informazioaren diktaduran jendearen etsipena zen nagusi. Orduan, nahiz eta benetako daturik eman ez, ahots batek aktualitatea komentatzea normaltasuna urratzeko modua izan zen. Arian-arian, ahots horrek diktadurari kritika egiten ziola entzuteak jendearen arreta piztu zuen eta hainbat entzule bereganatu ere.
Zer bilakabide izan du saioak?
Hasieran, saioa baliabide eskasiaren emaitza eta agerpide izan zen. Diktaduraren ondoren, albistegiei normaltasunez ekiteko garaia iritsi zen. Nahia eta helburua goiz parteko albistegi entzutetsu horietako bat egitea zen. Baina horretarako jende asko behar da. Hartara, aurreneko hogei urteetan saioa nik bakarrik egin nuen. Azken hamar urteetan, berriz, lankide baten laguntza preziatua izan dut, baita laguntzaile teknikoarena ere. Baina hasiera-hasieran, saio osoaren pisua eta kontrol teknikoa nik neraman. Goizeko lehen bi orduetako audientzia imajinatzen nuen, nire tresnak mikrofonoa, egunkariak eta inprobisatzeko gaitasuna nituela. Horrek saioaren izaeraren arrazoi nagusia agertzen digu: informatu ezin zen garaian informatzea, alegia.
1982tik aurrera, hala ere, El kiosko de la Rosi saioak formatu sendoago bat hartu zuen.
Bai. Herri Irratiak ezin izan du goizeko beste emisoretako informatiboekin lehiatu. Baina, egunkariak irakurtzeaz gain, formatu propioa lantzen joan nintzen. Atalak sortuz eta garatuz. Alabaina, saioak aurreko garaiaren espiritua gorde du bukaera arte. Izan ere, ezinbestean horrela izan da. Nik ez nituen munduan barrena korrespontsalak, ez ekonomian adituak. Baina, era berean, ez dut behin ere saio konbentzional bat egiteko asmorik izan.
Horiek horrela, nola iraun ahal izan du saioak horrenbeste denbora? Nola laburbilduko zenuke zure ekarpena?
Nire ekarpena lan egiteko ahalmena izan da. Irratiak irakurtzeko tarte zabala eman zidan informazioa neureganatu, nire baitan digeritu eta gero kontatzeko. Honekin batera, entzuleekin konplizitatea sortzeko aukera izan dut. Nahiz eta (entzuleek jakin badakite hori) beste kolaboratzaileak sartu ahala, saioa ez den Marianoarena soilik izan, saioa Herri Irratiarena bilakatuz joan da. Logikoa dena, bestalde. Hala ere, nik bakarka egiten nuenetik ezberdina da, baina oinarrian konplizitate bera gorde du. Entzuleek badakite, gure saioa albisteak esatea baino gehiago izan dela aktualitatea nola kontatzen zaigun kontatzea. Aktualitatea kontatzen den aldi berean, aktualitatea berau nola kontatzen zaigunari buruzko saio bat izan da nire ekarpena. Aktualitatea, gogoeta eginez, kontatzeko modua. Miraria da horrenbeste urte iraun izana, ni erabat harrituta nago.
Garai bat markatu izanaren inpresioarekin al zoaz?
Ez, ezta pentsatu ere. Ni aritu izan naizen garaian ez zen gauza asko egin behar nabarmentzeko. Nik "nabarmentzeko" izan nituen erraztasunak Franco hilzorian izan zen garaikoak dira. Giro hartan, ez zegoen Francori aurre egiten zion inor. Nik, jesuita ohi izanda, arriskatzeko aukera izan nuen, beste batzuek egiterik izan ez zutena egiteko ausardia, nolabait. Nik beste testuinguru batean ez nuen izango, beharbada, izan nuen adorea. Testuinguru berezi hartan burua altxatu edo agertu ahal izan nuen. Bestalde, irrati honetan bazeuden euskara eta euskal kulturaren aldeko apustu oso tinko eta koherentea egin zutenak, beraz, hori ere gehitu beharreko balorea da. Zentzu horretan irratiak bai, garai bat markatu zuen. Izan ere, egun lanean hasten den gazte batek nabarmentzeko lana dauka, gero! Badaude 50 irrati dialean. Gure garaian hiru ziren.
Tira, El kiosko de la Rosi edo Mariano Ferrer Iñaki Gabilondo edota Luis Del Olmo bezalako izarrekin lehiatu izan da, nolabait.
Ez, ez. Ordu berean emititu dugu, baina lehiatu ez. Ezberdina da guztiz. Ni ez naiz kate handiko esatari handi horiekin lehiakide sentitu. Benetan diotsut. Eta ez da intelektualki gutxiago sentitzen naizelako, ez dut umildade faltsuan aritu nahi. Intelektualki ez naiz gutxiago, baina testuingurua, une batean nire alde izan zen bezala, beste batean, testuinguruak haien alde jokatu zuen. Nola lehiatuko zara 30 lagunekin ari den saio batekin, ia irrati osoa beraien zerbitzura duten esatari horiekin. Ni, berriz, ia-ia bakarrik lanean aritu naiz. Kontziente izan naiz ordu berean aritu naizela. Haiek egin dutena egiten saiatu izan banintz ez nuen ezer egiterik izango. Beraz, nire ekoizpen propioa asmatu eta landu nuen, jende askoz gutxiagorentzako ari nintzela kontziente izaki betiere. Nik ez dut pentsatu Gabilondo, Del Olmo edota enparauei konpetentzia egiten nienik. Bai zera!
Marianoren "komentarioa". Zure eskaintza preziatuena. Zer eman dizu zure saioaren komentarioa deituak?
Lan asko. Nire burua definitzeko aukera. Nire posizioak argitzen joateko abagunea. Ahulezia uneak ditugun momentuetan, esan nahiko genukeena esatera ausartu ez eta gero bere momentuan esan ez izanagatik damua sentitzeko momentuak ere bizi izan ditut. Izan ere, batzutan zuhurtziaz jokatu behar duzulako, bestetan, arrisku handiz jokatu behar duzulako, beste batzuetan erabat seguru ez zarelako, ezin duzu bat-batean bururatzen zaizuna esatera atera. Eta sufritu egiten duzu. Gainera zure komentarioak zure hainbat lagun mintzen duela jakitun zara. Halaber, zure iritzia ez esateak aladurak edota erraietako mina sorrarazten dizkizu. Baita esandakoak zuk nahi ez zenuen moduan eta tokian mina egiten badu ere.
Nolanahi ere, komentarioak satisfazioak eman dizkit. Esan beharrekoa esan ondoren gustura geratzen zara. Komentarioak asko eboluzionatu du gainera. Lehen oso barreiatua zen, gero beste gauza bat bilakatu zen. Orain gauza errituala da. Mugarriak izan dira. Horrenbeste urtetan horren begirada kritikoa izandakoak bere akatsak izan ditu, ziur. Baina pozik nago, gauzak esan behar ziren unean esan nituelako, okerrago edo hobeto. Hala ere, funtsean, entzuleek epaitu behar dute.
Aldeko eta aurkako jarrerak izaki, telefono deiak jaso al dituzu?
Aurreneko garaietan telefono dei gehiago jasotzen nuen, protagonistagoa izan nintzenean. Hedabideetan kritika egiteko aukera eta gaitasun gutxiago zegoen garaian. Orain kritika zabaldu da, jende askok hitz egiten du irratian. Ni bat gehiago naiz beste piloaren artean. Ziur aski badago disgustatu dudan jende asko, eta beste asko ere laketu dut. Batzuk nahiz besteak onartu ditudala uste dut. Badakizu, badago jende bat zuk esan ez dituzun gauzengatik edo gaizki ulertu dizkizuten gauzengatik haserretzen dena. Eta badago jende asko pozik dagoela zuk esan ez duzun gauzengatik. Fenomenoa hau da: sinpatian hartu zaituztenek haiek pentsatzen dutena egozten dizute, hau da, komentarioa entzuten ari da eta zure alde dagoenez, zuk esaten duzuna baino berak pentsatzen duena ari da jasotzen. Zu entzuten baino, berak pentsatzen duena entzuten ari da, eta komentarioa oso pozik jasotzen du. Berak pentsatzen duena zuk esan duzulakoan dago. Batzutan, saioaren ondoren, solasean aritzen nintzen batzuekin, eta entzuleren batek ulertu zuena ez zela nik helarazi nahi nuena jabetzen nintzen. Lehenengo garaietako gauzak dira egungoak baino, hala ere.
Mariano Ferrer: kazetari independentearen eredua. Zer iruditzen zaizu lema?
Gaur egun kazetaritza independentea egiteko asmoa duenak askatasun neurrigabea eta hedabide txiki batean aritu behar du. Askatasun itzela funtsezkoa da, egiten utzi behar dizute. Utzi. Eta hori hedabide txiki batean baino ezin da. Gainera, hedabide txikiak badu bere munta, ondorioak eta oihartzunak txikiagoak baitira. Hau da, entzuten zaituzte baina Herri Irrati batetik esana da. Orduan, txikia izateak errazten dizu jarduna, beste hedabide batean, adibidez, EITBn mantenduko al nuke nire independentzia?
Ez?
Urte batez egon nintzen. Zergatik ez nuen segitu? Hasteko, saioak ez zuelako molderik hautsi, baina baita independentziazko eremuak zabaltzen saiatu nintzelako ere. Hara, zaila zen gero! EITBn bizimodua irabazteko nire independentziari uko egin beharko niokeen. Argi eta garbi.
Zer eman dizu irratiak?
Irratiak aktualitatea, gizartearen pentsamoldeak eta joerak segitzeko sekulako aukera eman dit. Eta hori neurri batean entzuleek ematen dizute. Asko ematen dizute, beraz, egin diezazuketen kritika aise gainditzen duzu. Niri ez zait entzuleen kritika onartzea kostatu, benetan. Oro har, arrazoia izan dute. Edonola ere, ez laidoak ez laudoak ez dira ehunetik ehunean zuzenak ere.
Zer esango zenieke 30 urtez zure entzule izandakoei?
Sinesten ez baduzu ere, izan badaude (irriak). Ez dut uste, ordu konkretu eta irrati konkretu horretan horrenbeste esateko nuenik. Hala ere, afektu eta sintonia harreman moduko bat sortu da. Eskertzekoa da populazioaren parte batekin harreman hori mantendu izana. Nire pena da ez dakidala nola ordaindu entzuleen fideltasuna. Ez dut ikusten nire burua esker onak uhinetatik lau haizetara zabaldu nahian, ez naiz ausartzen. Hara, zuek ematen didazuen aukera hau baliatu nahi dut. Milesker entzule izan ditudan guztiei!