Euskaldunon ohiko festa-modua zena, erromeria alegia, asko aldatu da. Dantzatzen direnak, giroa… garaiekin bat aldatu dira. Erromeriek alderdi ludikoa galdu dute. Lehen, zenbait herritan igandero egiten ziren erromeriak baina egun hirietan, herriko jaietan, ospakizun berezietan egiten dira erromeriak. Aian, Ariesterrazun, pilariketan hasi eta sanjuanak bitarte izaten dira, orain dela 76 urtez gero. Antzinako moldeari eutsiz, Ernio mendian, Zelatungo zelaietan, iraileko igandeetan izaten da erromerietarako aukera. Ernioren bi aldeetatik, Asteasu eta Errezildik, jende andana biltzen da eta hango bi txaboletan jatetxea eta taberna jartzen dituzte.
Irunen eta Azkoitia-Azpeitian ere maiz eta auzo askotan egiten zituzten lehen erromeriak, urrian hasi eta sanjuanak bitarte. Gaur egun, ordea, oso gutxi izaten dira, jai berezietan batez ere. Ezberdintasun ugari dira gainera ordukoen eta gaurkoen artean. Lehen oso ezberdinak ziren argitan eta gauez jotzen ziren piezak. Egunez sueltoan aritzeko dantzak izaten ziren, gauez, berriz, erritmo lasaiak nagusi. Gaurko erromerietan trikitia izaten da, baina, antzina ez bezala, bestelako musikarik ere entzun daiteke. Erromerietako protagonistak ere aldatu egin dira, lehen baserri giroko jendea joaten zen batez ere. Orain oso jende gutxi joaten da eta joaten direnak dantza taldeetako dantzariak dira nagusiki. Horrek guztiak erromerien funtzioa eta esanahia aldarazi dute, lehen dantzatzen zirenak ez ziren profesionalak eta ondo pasatzea zen asmoa. Lehengo gazteak ez ziren tabernetara joaten, erromerietara joaten ziren.
Zenbait mugarri
Dantza taldeek plaza eta erromerietako dantzak berpizteko ahalegina egin dute 70eko eta 80ko hamarkadetatik. Herri dantza izeneko dantza bat sortu zen esaterako, Baztango mutil dantzetan eta Iparraldeko jauzietan oinarriturik. Lizarrako Larrain dantza ere Dantzari Egunen bitartez hedatu zuen Euskal Dantzarien Biltzarrak. Ikastaroak antolatu eta dantza horiek herritarrei erakustea zen asmoa, iraupena bermatze aldera. Ondoren, dantza nazional gisa hedatzeko saioak ere egin dituzte, Gasteizen eta Bilbon besteak beste, eta orain hiriko jaien egitarauaren barnean sartzen dituzte dantzok.
Erromeriak berpizteko lan horretan, Gasteizko Folklore Akademiak Dantza Plazan ekimena sortu zuen. Udaberritik udazkenera Gasteizko hiru gunetan egiten da, Folklore Eskolakoen musikarekin. Dantzaren alderdi jostagarria berreskuratzea da asmoa.
Beste zenbait herritan, lehendik zeuden erromeriak indartzen saiatu dira. Plazara Dantzara erromeria saioak egiten dira Debabarrenean 90eko hamarkadatik. Deban, Elgoibarren eta Eibarren, negu aldean, nekazaritza ferien giroan, erromeria saioak egiten dituzte, Eibarko San Andres ferian, Elgoibarko Gabon Zahar ferian eta Debako Zoro ferian. Horrezaz gain, badira dantzako giroari eusten dioten jaiak ere, auzo eta mendi inguruetan. Zarauzko Euskal Jaia, esaterako.
Ikastaroak eta dantza dinamizatzaileak
Erromerien inguruan beste bi elementu dira aipagarriak: ikastaroak eta plazako dantza gidatzen dutenak. Ikastaroei dagokienez, makina bat antolatzen da dantza taldeetan parte hartzen ez duen jendearentzat: fandangoa eta arin-arina, larrain dantza eta jauziak dira horietan lantzen direnak. Bestalde, 90eko hamarkadan plazako dantza dinamizatzaileak agertu ziren, dantzen nondik norakoak eta argibideak ematen dituztenak. Gasteizko Dantza Plazan, Debabarreneko Plazara Dantzaran, Iparraldeko mutxikoetan… izaten dira. Mikrofonoa eskuan, dantzen erritmoa ezarri eta urratsen berri ematen dute. Dinamizatzaile horiek berezko saioak ere sortu dituzte eta horren erakusgarri dira Patxi Perezen Dantza Piko eta Juan Antonio Urbeltzen Dantza Ganbara. Patxi Perez eta Batbiru dantzak plazetara ekartzeko lanean ari dira azken urteotan. Disko bat ere kaleratu dute erromerietan jotzen dituzten piezak bildu (mutxiko, fandango, polka eta zortzikoak) eta horiek nola dantzatzen diren erakusteko. Urbeltzek asteazkenetan egiten du bere saioa Bilboko Kafe Antzokian. Argi meheak ganbara usaina ematen dio aretoari eta lagun arteko giroan, koreografoak ohiturazko dantzen urratsak erakusten dizkio bertaratzen den orori.