argia.eus
INPRIMATU
Alkoholak botiken eragina aldarazten du
Jabier Agirre 2021eko uztailaren 27a

Medikamentuak alkoholarekin batera hartzen direnean, bi substantzia horiek lehian aritzen dira, gibelean metabolizatu eta prozesatzen dituzten mekanismoak berberak direlako. Lehia horren ondorioz, medikamentuen indarrak nabarmen egin dezake gora edo behera. Normalean, alkohol gehiegi hartzen duten pertsonen gibeleko makineria garbitzaileak bere potentziarik handienean egiten du lan. Horregatik, botika-dosi altuagoak beharko ditu. Baina ez da hori ondoriorik txarrena: edale kronikoen gorputzean dauden entzima batzuk gai baitira botikak osagai toxiko bihurtzeko.
Ikerketa estatistikoek diotenez, larrialdietara iristen diren gaixo guztien %20 »alegia, bostetik bat» alkohola eta botikak nahasteagatik izan daitezke. Adineko pertsonak dira arriskurik gehien dutenak, horiek kontsumitzen baitute botika gehien.
Ikus ditzagun alkohola eta botiken elkarrekintzarik ohizkoenak:
3 Alkoholak elkarrekintza arriskutsuak ditu antikoagulatzaileekin, antihistaminikoekin, diabetes, ultzera eta bihotzeko gaitzen botikekin, analgesikoekin (parazetamolarekin edo aspirinarekin), lo egiteko pastillekin, eta beste hainbat botikarekin.
3 Antibiotikoak. Alkoholarekin batera hartzeak goragaleak, gorakoak, buruko minak eta konbultsioak sor ditzake. Tuberkulosiaren kontrako antibiotikoekin, berriz, alkoholak horien eraginkortasuna gutxitzen du.
3 Antidepresiboak. Botika hauekin, alkoholak batzuen eragin lasaitzailea indartzen du eta besteena, ordea, gutxitu. Gainera, presio arterialaren igoera arriskutsua ekar dezake.
Alkohola + botikak koktel arriskutsua izan daiteke. Zalantzarik izanez gero, galdetu zure medikuari edo botikariari.