argia.eus
INPRIMATU
Mal-gutasun
Koldo Izagirre 2021eko uztailaren 27a
Oraindik luze gabe, malgutasun soziala kaltegarria zela uste nuen nik. Badakizue "malgutasun soziala" enpresari jendaila horren ideologoek asmatutako hitz-ordeko bat dela, "kaleratze librea" edo "jendea langabeziara botatzea" ez esatearren. Halatan, egonkortasuna hobesten nuen nik sozial arloan. Baina konturatua naiz, noizbait, gizarteak ez duela onik egonean.

Nik lehen protesta eginen nukeen inor kalera botatakoan, baina egun ez.

Nire lagun bat malgutu dute, hogeita bost urte lantegi berean jardun ondoren. Ez da bakarra izan, berrogei langile jo ditu mailu handiak. Kaleratu horiek lau multzotan bildu dira, abokatuak hartzeko. Lau abokatuok langileak defendatu dituzte Lan Magistraturako Epaitegian, lanetik kasatzea arrazoirik gabekotzat har dadin, albait indemnizazio handiena kobratzeko. Metalgintzako beteranoak baitira, 30.000na euro gehienez.

Gipuzkoan behintzat, berezia da lan-epaitegien modua: zenbat abokatu, hainbat epaiketa. Horra hor lehen onura. Nola da posible, esanen duzue zuek, kasu bakarra izanda? Nik ere ez dakit, baina hala da, sinets egidazue, paperak dauzkat etxean. Burgosko epaiketa hogei aldiz egin izan balitz moduan, baiki. Sekulako onura dakar horrek, epaileak epaitzen eta abokatuak defendatzen jartzen dituelako, Justizia Jauregi berriko aretoak betetzen direlako...

Horra hor malgutasun sozialaren onuretarik bat.

Ez dira defendatzeko kasu zailak izaten, oro har, handizkako kaleratzeak. Baina ez da hori abokatua ordaindu gabe uzteko arrazoia. Abokatuak ehuneko hamar kobratzen du. Adibide honetan, 3.000 euro. Malgutasunaren beste ondorio polita dugu hau, dirua korrituan jartzea. Izan ere, abokatuak ehuneko hamar kobratzen du... kalte-ordaineko. Baiki, baiki. Hamar langile defendituta, langile bakoitzaren indemnizazioaren ehuneko hamar, alegia... 30.000 euro lan-epaiketa bakarragatik, hala dio etxean daukadan paper txukunak. Ez al da zoragarria? Langileak lau multzotan zeudenez, kausa bera lau aldiz epaitu da -sinets egidazue, epaiak ez dira derrigor binkulanteak-, eta ondorioz lau abokatuk kobratzen ahal zuten hogeita hamarna mila euro epaiketa batengatik, metalgintzan hogei urtez izerditu izan balira bezalaxe! Esadazue, asmatu ote liteke identifikazio hoberik defendatuen eta defendatzailearen artean?

Gauza ederra dela malgutasuna.

Eman dezagun metalgin xume bat zigortu dutela hogei egunerako, nire beste lagun bati gertatu bezala. Halako lagunak, bai. Hogei egunekoa gabe, defentsa on baten ostean abokatuak lortzen badu zigorra bost egunekoa besterik ez izatea, langileak 788 euroko gehigarria kobratuko du, zigortuta egon zen hilekoan jaso zituen 40 euroez gain. Badago aldea! Baina oraingoan abokatuak ez du ehuneko hamar kobratuko, ezta hogei ere, tarifa jakin bat baizik: 460 euro. Hara non langilearen soldataren erdia baino gehiago abokatuak eramanen lukeen, barrenik ez balu. Abokatuak, ordea, borondatezko merketze bat egiten dio langileari, eta 300 euro besterik ez dizkio kobratu (BEZa barne, 348). Langilea irabazian atera da orain ere, malgutasunak beharginak ez ezik abokatuak ere kutsatu dituelako!

Hauek ditut inor malgutzen dutelarik »lagun mina banu ere» ez protestatzeko arrazoiak. Malgutasun sozialaren aldekoa naiz, besteak beste, langileek beren interesak defenditzeko daukaten armada pozik edukitzen laguntzen duelako.

* * *

Irakurle bizkorrak, zuek guztiok alegia, ohartuak zarete honez gero ironiazko konbertsioa izan dela neurea, batekoz bestera ulertu beharrekoa, eta hauxe ibiliko duzue gogoan: baina zein abokatu ote da halakorik...?

A, irakurle maiteok! Abokatu laboralista bat, langileen defendatzaile bat, ezkerreko egunkari batean etikaz eta munduko injustiziei buruz aritzen dena, adibidez.

Etxean dauzkadan paperak zeharo faltsuak ez badira behintzat.