Kirmen Uribe: «Herria bera ere bada poeta»


2021eko uztailaren 27an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Mientras tanto dame la mano argitara berri da. Zertan da itzulpenaren garrantzia?
Ibilbideari begiratu behar diozu: Estonian izan naiz, Eslovenian, New Yorken... Harremanak zeharo estutu dira gaur egun. Erraztu, esan nahi dut. Garai batean ia-ia ezinezko zen New Yorkeko idazle batekin harremana izatea. Orain, berriz, ez da ezinezkorik. Eta, horregatik, itzulpenak gero eta garrantzi handiagoa du. Itzulpenak gu bezalakoen arteko harremana sortzen du, laguntzen du, komunikazioa pizten du. Lehen ere garrantzizko zen hori eta, gaur egun, are gehiago, eskuragarriago dituztelako haiek ere gure lanak, Interneten bidez eta beste. Mundua txikiagotu egin da.

Lehenengo, harremana, beraz, eta harreman horren ondorioz, elkar ezagutu nahia. Bitarteko da itzulpena...
Hori da. Dena dela, nik ez dakit lan denak itzuli behar ote diren, sistematikoki. Azkenean, interesgarri gertatu behar du lanak. Norbaiti zure lana interesgarri iruditzen bazaio, hortik abiatuko da itzulpena, hori da lana itzultzeko arrazoi nagusia. Nik garrantzi handia ematen diot itzulpenari. Berez, ez naiz lan asko argitaratzekoa. Vermeer-ek 35 koadro besterik ez zituen egin. Beethovenek, bederatzi sinfonia. Ni ere, gutxi egiteko zale naiz, baina egindako horri bide luze ematearen aldekoa. Eta itzulpena dela eta, jakinekoa da beti pixka bat beherago geratuko dela, ez duela jatorrizkoaren maila bera iristen, behin ere.

Asko idazteko zale ez, baina asko ibiltzeko zale bai...
Ez, ez. Asko idazteko zale naiz, gutxi argitaratzeko zale. Desberdina da. Idatzi egunero egiten dut. Argitaratu ez. Bide luzea egin nahi dut, eta gauzak patxadaz egitea gustatzen zait. Beste tempus batean. Ibiltzea dela eta, New Yorken, Estonian, Eslovenian, Alemanian, Irlandan, Bartzelonan, Madrilen... izan naiz... Garai berriak dira. Lehen, gure herrian bizi nahi genuen, gure kulturan. Gaur egun, bestela da. Inportantzia handia ematen diot kanpora irteteari, hemen egiten duguna kanpoan erakusteari. Alegia, erakutsi eta ikasi egiten dut erbestean, biak.

Zer ikasten da kanpoan?
Kontatuko dizut. Gure aita, osaba eta beste asko, Ondarroako arrantzaleak, Eskozia aldean ibiltzen ziren, eta dira. Lizentziarik gabe ibili ziren garai batean. Hango kostazainek-eta harrapatu egiten zituzten eta Eskoziako portuetara eramaten. Portu horietako bat Stornoway zen. Txikitan behin eta berriz entzuten nuen etxean izen hori: Stornoway, Euskal Herriko arrantzaleak harrapatu eta hara eramaten zituztela, preso. Bada, Estonian nengoela, Eskoziako idazle bat ezagutu nuen, Allan Jameson, eta Stornowayko idazle baten liburua eman zidan; Kevin McNeill du izena honek. Eskoziako bizimoduaz ari da, itsasoaz. Haren bidez, aurkia eta ifrentzua ditut. Hemen, gure arrantzaleen bertsioa entzun nuen. Han, hangoena. Stornowayko jendea ezagutu nuen McNeill horren liburuan. Gainera, nonbait, kontalari ona zuen idazle horrek bere aita. Behin, haur zelarik, galdetu omen zion: "Aita, zer da istorioak kontatzea?". Eta ondoko herri batera eraman omen zuen, aitak semea, eta han etxe batean sartu eta lapurretan hasi omen ziren. Gero, bueltan, esan omen zion. "Begira, ume, kontalari ona izatea lapur ona izatea da!". Euskaldunak lapur, eskoziarrak lapur eta, erdian, kontagintza.

Liburu bat dut eskuartean, Felipe Juaristirena. Basalimoien usaina du izenburu. Zer da literatura? Sentsazioa, mugimendua, sentimendua....
Oso izen polita, Basalimoien usaina. Nik esango nuke bizia dela literatura, ez bizitza, bizia baizik. Bizia da, etengabe aldatzen ari delako. Hizkuntza bera bezala, bizirik dago, eta kultura, eta literatura. Bizirik daude. Etengabeko mugimendua da literatura. Nik, orain artean, poesia landu dut gehienbat, eta esango nuke poesia ez dela pentsamendua, ez dela hizkuntza... emozioa baizik. Alegia, errealitateak zure baitan sortzen duen emoziotik sortzen dela esango nuke. Ez da erraz esaten, poesia zer den. Pentsamendua filosofiarekin lotzen da. Poesia da, nola esango nuke, esan gabe duzun hori esatea. Marea gora denean, hondartza bustitzen du. Marea behera denean, txirla, harri eta bestelakoak ageri dira hondarretan: horixe da poesia. Hizkuntzak uzten duen aztarnarik lehena da poesia.

"Poetak idazten du herriaren historia". Nola ulertu behar dugu Mohamed Choukriren esan hori?
Polita. Beste batek zera zioen, alegia, irabazleek idazten dutela Historia, baina galtzaileek kontatu. Nik uste bat datozela esan bi horiek. Milosz-ek zioen ez dagoela poesia mugatzerik: "Lirika da, edo narratiba". Ez, bien artean dabilela zioen, beste gauza bat dela poesia, beti. Bizitzatik argigarri diren irudiak jasotzea, horixe da poesia; haren ustez, behintzat. Irudi bidez bizitza argitzea. Choukri ere zuzen ari zen, baina herria bera ere bada poeta. Uste dugu idazleak beste inork ez dituela kontatzen istorioak egoki, hark bakarrik duela izaera poetikoa, baina herrian milaka pertsona daude ahalmen hori dutenak, bizitzaren lerro artean irakurtzeko ahalmen hori dutenak. Hamaikatan ikusi dut hori Ondarroan: sententzien bidez hitz egiteko modu hori-eta! Bizitza laburtzen dizute bi esalditan!

Herrian milaka pertsona duela izaera poetikoa diozu. Hobe bai, uste hori zabaldua balego...
Banaketa egin da eta horrek irauten du: ahozkoa, batetik, eta kultoa, bestetik. Azken 30 urte honetan, literatura bere buruari bueltaka ibili da. Frantziako eskolaren kontuak dira, hizkuntzaren gaineko hizkuntza zuten helburu, muturreraino eraman zuten forma bera lantzea. Gaur egun, krisian dago argumentua bera, plot ingelesezkoa. Zergatik, gauza bat kontatu behar eta, eraiki behar duzu halako egitura bihurri eta dekoratu handia? Pertsonaiak bertan kokatuz joan, eta hau eta hori... Nire hurrengo liburua narratibakoa izango da eta hutsik ikusten dut eszenatokia, ez dago dekoraturik. Eszenatokiaren erdian, aktore bat besterik ez. Handikeriarik gabe.

Midas errege zaitut. Hark zer ukitu, urre bihurtzen zuen. Zuk zer ukitu, literatura egiten duzu...
Eskerrik asko. Duela gutxi Silvia Plath-en testua irakurri dut jendaurrean. Bere senarrak kontatzen du nola idazten zituen Plath-ek hasierako poemak. Hiztegia hartzen zuen eta errotulagailu gorri batez, azpimarratu egiten zituen gustuko zituen hitzak. Euskal Herrian ere egiten da hori: "maindire", "oinaze", "lanturu"... badugu joera. Horiek ziren haren hasierako poemak, metrikari garrantzi handia emanez, asonantziari, erritmoari... Poemek indarrik ez zeukaten, ordea. Gero, bere barrura begiratzen hasi zen, bere baitako kezkak eta motibo autobiografikoak hartzen, baina ez modu erraz batean jartzen, modu landuan baizik, orduantxe lortu zuen poema on eta gogoangarriak egitea. Bere modua aurkitu zuen. Literaturarako bidea, ofizio hutsetik haratago dago, jauzi egin behar da. Estonian nengoela, Norvegiako poeta bat ezagutu nuen, Jan Erik Vold. Hark esan zidan idazle batzuek blues-a dutela, eta beste batzuek ez. Esan nahi zuen idazle batzuk bizirik daudela, errealitatetik hurre bizi direla. Shakespeare aipatzen zuen, adibidez. "Goethe-k, aldiz, ez du blues-ik", zioen. Idazleak, argigarri diren pasarte horiek »usainak, pertsonak, irudiak», bizitzatik ateratzen jakin behar du.

Iruditzen zait Bitartean heldu eskutik liburuak eskola egin duela, modu batera edo bestera...
Aldatu egin da poesia egiteko moldea. Ez da nire lana bakarrik, jakina. Euskal poesiaren norabidea aldatu egin da. Horretan ez da dudarik. Poeta berriek beste era batera idazten dute, eta pozgarri da hori. Nahi izanez gero, Bitartean... muga bat izan liteke, baina aurretik ere hor ageri da Rikardo Arregi Diaz de Heredia. Eta beste batzuk. Baina egia da gaur egun bestelakoak direla erreferenteak, bestela idazten da, bestelako idazleak irakurtzen dira. Errealitatetik askoz hurbilago dago oraingo poesia. Hizkuntza poetikoa garbiagoa da. Ez du sinbolismotik eta abangoardiatik hainbeste edaten. Poesia egiteko beste modu bat da nagusi, narratiboagoa, baina pentsamendua ere sartzen duena, lirikoa alditan...

Oso harrera ona izan dute zure lanek. Horretan ere Midas zaitugu. Oraintxe, Zaharregia, txikiegia agian duzue eskuartean eta New Yorken DVD formatuan grabatzekotan zarete. Bar Puerto-k ere merezi zuen...
Idazlearentzat ez da hoberik irakurleak izatea baino. Ni oso esker oneko sentitzen naiz, bene-benetan. Nik irakurleari gauzak esatea, eta irakurleak liburua bereganatzea, bere egitea.. eskertzekoa da.
Kontua ez da idazleak bere burua brillante agertzea, nerabeen kontuak dira horiek: "Zer ondo idazten dudan! Zer modu berezian idazten dudan!". Inportantea besterik da: irakurleak liburua beretzat hartzea. Horixe.
Bar Puerto dela eta ez dela, erabaki bat izan zen, idazleak hartu beharreko erabakia: egiteko erabakia. Aurretik asko irakurrita nengoen, teoria ere ikasita, Italian ikasketak egina... eta halako batean, esan nuen: "Begira, erabakia hartuko dut: kontatzen hasiko naiz. Nire begiradarekin ikusten dudana kontatzen". Nik ez dut behin ere ahaztuko bideoa hartu eta nola grabatu genuen jende xehea eta nola, gero, jende hori pantailan erakutsi genuen eta idazlearen pare jarri eszenatokian, musika ere lagun genuela. Egiteko modu hori: ginear baten istorioa, gerra zibila bizi izan zuen baten istorioa, Galiziako arrantzale batzuen istorioa eta, era berean, R.L. Stevenson-en pasartea, Silvia Plath-en poema... Nola osatzen da gure izaera, gure oroimena? Sarrionandiak esango lukeen bezala, naufragio ondoko oholak, bata bestearekin nahastea oso gustuko dut. Bar Puerto izan zen hori egin nuen lehenengo aldia, baina orain ere horretan segitu nahiko nuke, erreferente diferenteak, ahozkoak eta idatzizkoak, benetakoak eta fikziozkoak, elkartu eta nahasten.

Lan berri hori bukatu ez baduzu ere, idazten hasi aurretik zuen izenburua: Dos amigos...
Gure aitonaren txaluparen izena zen: Dos amigos. Oso izen bitxia iruditu zait beti. Gauza asko ematen ditu aditzera eta galdera asko eragiten. Txaluparen izena Dos amigos da; ez amabirjinaren izenik, ez santuarenik. Itsasertzeko jendearen izaera jaso nahiko nuke, baina nostalgiarik gabe, ez atzera begirakoa egiten, gaur egungoa baizik, baina aldarririk gabe. Ez dut mitorik sortu nahi. Nik egin nahi dudana toki jakin bati loturik dauden jendearen istorioak batzeari dagokio, batik bat.

Kanpora joaten zarenean, literatur lana besterik erakusten da?
Dudarik gabe, gure kultura. Ez da literatur lan soila. Inoiz ezin dira bi asmoak bereizi. Gure kulturaren berri ematea da asmoa, ezagutaraztea eta, aldi berean, hango berri eta erreferentziak hona ekartzea. Trukea da, azken finean, komunikazioa. Gainera, gure arteko bat kanpora joaten denean ere, ez da, besterik gabe, egile jakin baten lana kanporatzen, euskaldun baten lana baizik, gure kulturaren erakusgarri bat. Aurrekoan, Estonian ere esan zidaten: "Euskal Herria maitatzen erakutsi diguzu!". Handia da haiek esan zidatena. Ze beste ikuspegi bat zuten gure herriari buruz, edo idilikoa, edo indarkeriari lotutakoa. "Euskal Herria maitatzen erakutsi diguzu!". Gauza handia, ez?

New York, New York
Joan ginen eta emanaldiak egin genituen. Batean, psikiatra bat etorri zen eta emanaldia eta gero kontatu zigun gaixoak, askotan, logikarik gabe hasten direla hizketan, ez dagoela haiek ulertzeko modurik. Baina, hala ere, berak jakiten duela triste dauden, pozik, haserre... Esan zigun euskara entzutean ere horixe sentitu zuela, ulertzen zuela, nahiz eta hitzen esanahia ulertu ez.

Garmendia eta Zaldun Beltza
Garmendia-rekin ikusi dut ume batzuk gozatu egin dutela liburua irakurtzen. Horretan umeek ez dute gezurrik esaten. Askotan ahaztu egiten zaigu literatura gozatzeko dela, eta umeei ere halaxe eskaini behar diegula, gozatzeko bide bezala. Baloia hartzea bezala, liburua hartzea. Zergatik ez? Gustatzen ez bazaie, utzi dezatela. Nik ez dut uste gutxi irakurtzen denik. Denetarik dago. Adin txikian irakurtzeko zaletasuna duenak, jarraituko du irakurtzen gero ere.

Estonia
Naturalista bat izan zen poesia emanaldian. Zazpi hizkuntzatan jardun genuen han bildu ginen idazleok. Emanaldia eta gero, afaria, eta naturalista hura gurekin. Zinta bat jarri zigun eta bertan, txorien kantuak. Esan zigun: "40 urtean ibili naiz txorien kantuak aztertzen eta zuei entzun eta kantu horiexek etorri zaizkit burura. Nahiz eta hitzen esanahia ez jakin, esan nahi zenutena ulertzen nuen, txoriek zer esan nahi duten ulertzen dudan moduan". Bi toki, New York eta Estonia, eta gogoeta bat, antzekoa.



BERTSOA
Doinua: Gregario edo laguntzaile naiz

New York-en batek zentzugabeko
hizketaldien harira,
hizlari haien barruan zena
azaltzen zuen argira.
Estonian berriz, hitzik ez eta,
naturalista begira
txioen tonu-neurrira
ulermen soila desira,
ulertu gabe zentzua jaso,
transmititzea hori da,
hitzak hizkien bilduma soilak
baino gehiago baitira.


Azkenak
2024-11-26 | Leire Ibar
Kutsadura akustikoa egotzita isuna jarri diote Barakaldoko Oxinorte enpresari

Barakaldoko Udalak 11.800 euroko isuna ordaintzea eta gauez hiru hilabetez ixtea exijitu dio Bizkaiko enpresari. Abuztuaren amaieratik txistu etengabe, desatsegin eta jasangaitza igortzen du inguru zabalean entzuten dena.


Laguntza humanitarioa, etenda: 130.000 haur, elikagai eta botikarik gabe

Save the Children erakundearen esanetan, Gaza iparraldeko 130.000 haur artatu gabe daude 50 egunez, gutxienez.


2024-11-26 | Leire Ibar
Nafarroako Musika Kontserbatorioko bi irakasle salatu dituzte indarkeria matxistagatik

Hainbat ikaslek egin dute salaketa.  Irakasleetako bat sexu proposamenengatik eta sare sozialen bidez ikasleei egindako jazarpenagatik salatu dute. Bestea, berriz, ikasgelan izandako jarrera desegokiengatik eta iruzkin sexistengatik.


2024-11-26 | Iñigo Satrustegi
Lorategiak eta lorezainak zaintzeaz

RR
Nork: Maialen Lujanbiok
Noiz: azaroaren 21ean.
Non: Katakraken (Iruñea) plazan.

----------------------------------------------

Hementxe gaude, Katrakakeko aulki guztiak beteta, hementxe. Erorien monumentua eta Landaben hizpide, hasi da koplaka emanaldia edo... [+]


2024-11-26 | EHU Palestina
EHUn Israelen genozidioa eta apartheidarekin harreman oro aztertu eta eteteko batzordearen alde

Palestinan genozidio bat burutzen ari den Israelgo estatu eta berarekin batera diharduten enpresa eta erakunde guztiekin eteteko asmoz sortu zen EHU Palestina. Israelen inpunitatea Europan eta Estatu Batuetan dituen harreman politiko, militar, ekonomiko, zientifiko zein... [+]


DBHko ikasleak literaturzaletzea helburu duen irakurketa-lehiaketa aurkeztu dute

Esloveniako eskoletan izan duen arrakastari tiraka, Alberdania argitaletxeak Euskal Herriko ikastetxeetara ekarri du Joko Ona Denontzat irakurketa-lehiaketa: DBHko ikasleek “kalitate handiko liburuak” irakurriko dituzte taldeka, eta avatarra aukeratuta, horiei... [+]


2024-11-26 | Mikel Aramendi
India, Trump 2.0 aldirako kontuak ateratzen

Ari da mundu guztia kontuak ateratzen Trump 2.0 aldian norberari gerta dakiokeenaren eta munduan gerta daitekeenaren inguruan. Subjektuaren mudakortasuna ezagututa, ziur samartzat eman daitekeen aurreikuspen bakanetakoa da Estatu Batuen Txinarekiko harremanak, ekonomikoak... [+]


2024-11-26 | ARGIA
Indarkeria matxistaren aurkako egunean, gizonei mezua: “Konponbidea ez bazarete, arazoa zarete”

Milaka lagun bildu dute Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean deitutako manifestazio eta elkarretaratzeek. Gizon, hedabide eta erakundeei zuzendu zaie Mugimendu Feminista.


Guraso bileran hizkuntzak nola kudeatu ez badakizu, gida honek lagunduko dizu

Zenbat komunikazio egoeratan ateratzen da galtzaile euskara? Arduradunak ez duelako aurrez pentsatu hizkuntzak nola kudeatu, erresistentziak egoten direlako eta haiei erantzuteko argudioak prest ez daudelako… Soziolinguistika Klusterrak jendaurrean.eus gida ipini du... [+]


2024-11-26 | Ahotsa.info
Paris 365
15 urte pobreziari aurre egiten Iruñerrian, eta inoiz baino beharrezkoagoa

Paris 365 elkarteak 15 urteurrena ospatu zuen larunbatean Geltokin. 15 urte gosariak, bazkariak eta afariak egunean euro baten truke zerbitzatzen urteko 365 egunetan horren beharra duten guztiei. “Atsedenik gabe”, azpimarratu nahi izan zuten bezala. Horrez gain,... [+]


2024-11-26 | Julene Flamarique
Iruñeko auzo guztietan euskarazko haur eskolak galdegiteko manifestaldia egingo dute abenduaren 11n

“Ez da posible hiri guztia zeharkatu behar izatea seme-alabak hemengo jatorriko hizkuntzan murgiltzeko” salatu dute guraso askok. Euskarazko plazak ere “oso urriak direla” salatu dute familia askoren artean eginiko bideoan.


2024-11-26 | Sustatu
Kabi@ 2024 Durangoko Azokan: Eremu digitala pentsatzen eta garatzen

Durangoko Azokaren alor digitala da Kabi@ espazioa eta egitaraua. Aurtengo edizioan, abenduaren 5ean eta 6an izango dira Kabi@ko ekitaldiak, Azokaren lehen bi egunetan (gero 8ra bitartean iraungo du). Ekitaldiak banatuko dira Durangoko Bizenta Migel Liburutegiaren eta Landako... [+]


2024-11-25 | Leire Ibar
Euskal Herriko I. Hikadromoa antolatu dute Durangoko Azokan

Durangoko Azokako berrikuntzetako bat izango da ZirHika taldeak sortu duen hikalarien bilgunea. Hika hitz egitea eta ongi pasatzea izango da helburua, abenduaren 7an Landako ikastetxean.


Eguneraketa berriak daude