argia.eus
INPRIMATU
Egunero 7 pertsona hiltzen dira EAEn tabakoaren eraginez
Jabier Agirre 2021eko uztailaren 27a
Zazpi pertsona hiltzen dira egunean Euskal Autonomia Erkidegoan, modu goiztiarrean, tabako kontsumoari lotutako patologiengatik. Horrek urtean 2.500 heriotza esan nahi du, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburu den Gabriel Inclan-ek emandako datuen arabera. Maiatzaren 31n egin zen Tabakorik gabeko Munduko Eguna, eta aukera hori baliatuz "Ez erre zure bizitza" izeneko kanpaina jarri du martxan Osasun Sailak, batik bat gazte jendeari zuzenduta.
Inclanen hitzetan, gaztedia da tabakoaren eragin kaltegarriez kontzientziatu beharreko kolektiboa. Izan ere, eta azken urteotan erretzaileen kopuruak behera egin duen arren adin-talde guztietan, erretzen hasteko adina ez da ia aldatu. Erretzaileen %14k 10-14 urte bitartean ekiten dio ohitura kaltegarri horri, eta %43k nerabezaro bete-betean, 18 urte bete aurretik, alegia.
Datu baikorragoak ere azaldu zituen Sailburuak. Nafarroa aurrena, eta EAE segidan, dira gutxien erretzen den autonomia erkidegoak. Inclanek esan zuenez, "erretzeari uztea posible da, eta 5.600 pertsona inguru dira ohitura hori urtero uzten dutenak EAEn".
Bestetik, 2002. urtean egindako osasun inkestaren arabera, erretzaile kopurua murriztuz doa, eta 10 urtetan bost puntu egin du behera, horietatik hiru aztertutako azken 5 urteotan »1997an erretzaileak %29 ziren, eta 2002an %26».
25 gaitz larritik gora lotzen dira tabakoarekin, bera da kardiopatia koronario kasuen %30en erantzule zuzena, eta bronkitisen %90 baino gehiago tabakoari zor zaizkio.