argia.eus
INPRIMATU
Izenak
Katixa Garate 2007ko otsailaren 21a
Juan San Martin idazleak eskuratu du Eusko Ikaskuntzaren Humanitateak, Gizarte Lan, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien aurtengo saria. Irailaren 8an jasoko du San Martinek diploma eta 18.000 euroko saria.

Inoren Ero Ni talde berriak estreinako diskoa kaleratu du Metak diskoetxearekin. BAP!!en eta Purren ibilitako musikariak dira taldekideak eta urrian ekingo diete kontzertuei.

Oteiza gerturatzeko asmoa du Txertoak argitaratu duen Acercando a Oteiza liburuak. Zortzi egilek (Santiago Aizarna, Estibaliz Jimenez de Aberasturi, Mario Onaindia...) artistaren gainean duten ikuspegia jorratu dute.

Mattin Irigoienek idatzitako West Ibarre Side Story ikuskaria taularatuko dute uztailaren 13an eta 17an Bunuzeko zelai batean, Bunuztar Xoriak dantza taldearen 30. urteurrenaren karietara. 140 aktorek eta 150 boluntariok parte hartuko dute.

Bihotz Bakartien Klubak Linterna Gorria literatur aldizkari elektronikoaren 6. zenbakia paperean plazaratu du. 38 egileren lanak bildu dituzte, irailean hasitako Literatur Eskolaren emaitza gisa. EuskaI Idazleen Elkarteak urrian abiatutako Idazle Eskolak ere Lumaberrien Eleak aldizkaria argitaratuko du uztailean, ikasturteari amaiera emateko.

Altzoko erraldoia hobeto ezagutzeko aukera eskainiko du Altzoko Udalak antolatutako Altzo ezaguna egin duen gizona erakusketak. Uztailaren 1etik aurrera, akromegalia gaitzaren ondorioz izugarri hazi zen Migel Joakin Eleizegiren irudiak eta tresnak izango dira ikusgai.