argia.eus
INPRIMATU
Eta iruzurra balitz?
Aingeru Epaltza @AEpaltza 2021eko uztailaren 16a
Nonbait, Patxi Salaberri Muñoa ez dago arras seguru Perez de Lazarragaren eskuizkribuaren jatortasunaz. Ez da bakarra. Haren aurkikuntza haizatu zelarik, "ederregia" zirudiela adierazi zuen mesfidatiren batek baino gehiagok. Halakoekin bat eginen luke, nolabait, klasikoen zabalkuntza kasik apustu agirretar gisa hartu duen irakasle aramaioarrak. EHUko irakaslearen zalantzaren berri izatean, bizkarrezurrean horma lotu izanen zaio noski, hainbati. Hain ederra izan Larreko jaunaren bat-bateko agerpena gure literaturaren eszenategi apalean -XVI. mendekoa, arabarra, euskalkiz mendebaldekoa, sotanarik gabea, apur bat lotsagabea...- eta orain putza?
Nahiago nuke, duda guztiak ezabatuta, Perez de Lazarraga trankil demonio sar bageneza gure ikasle sufrituendako testu-liburuetan. Baina ziria sartu izan baligute ere, ez genuke zertan minduta eta zurtz sentiturik. Lehen-lehenik, kortesia: txalo iruzurgileari. Eta bigarrenik, iruzurra hobetzera saiatu. Niri, bederen, iradokizunez beterik begitantzen zait Barrundiako jauntxo ilustratu baten figura, Madrilgo tronuan Felipe II.a jartzen zen garaietan. Munduko bertze edozein bazterretan, gaurgero norbait lanean ariko litzateke, pagotxa tiki honi taxuzko nobela bat atera nahian.