argia.eus
INPRIMATU
Tarteka inausi, bai
Jakoba Errekondo 2021eko uztailaren 16a

Udaberri heze eta fresko honetan berozale amorratuak ez diren zuhaitz eta zuhaixkak lorea eman eta lorea eman oparo ari dira. Amañililia edo lila (Syringa vulgaris) ederki nabarmendu da horietan.
Amañililia garai batean erruz erabiltzen zen landare apaingarri gisa eta, batez ere, erramilleteak osatzeko. Lore-mordo bete-beteak urtean behin, udaberriaren erdi aldera ematen ditu, zuri, ubel, lila... Urrutitik antzemango duzu bere usain gozoa, airea bete, asetu egiten baitu. Pituitaria finekoentzat gehiegizkoa...
Erramilletetarako loreak ebakiz, nahi gabe ere, landarea inausten edo kimatzen ari gara. Ebakitako tokian bi puja berri sortuko dira zeinak udazkena bitartean osatu eta hurrengo udaberrian loratuko diren. Hurrengo urtean lorez zabalduko diren begiak aurtengo udan hazten diren adar horietan antolatuko dira. Loraldia amaitu bezain pronto inausketa gorriago bat egin daiteke, adarrak beheragotik ebaki, binaka dauden hostoen gainetik, beti ere. Uda osoa eta udazkenaren puska handi bat ditu landareak puja berri gazteak emateko. Kimu bat ebaki dugun tokian, hosto pareko pare horretan, bi puja sortuko dira eta urtetik urtera lore kopurua bikoiztu egingo da.
Inausketa honekin landarea kate motzean eutsiko dugu, trinko eta lorez bete-bete. Bestela landareak berezko joera, luxe eta zarpail garatzekoa laster azalduko du. Zakurrengatik esan ohi duguna, landareek ere nagusiaren muturra erakusten dute.