argia.eus
INPRIMATU
Margaret Bullen: «Alardeak gizarte ordena garaikidea errepikatzen du»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 19a
Tristes espectáculos: las mujeres y los Alardes de Irun y Hondarribia liburuaz:

Emakumezkoak festa batean parte hartu nahi izateak zergatik ekarri ditu halako istiluak?
Alardeak gizarte ordena garaikidea errepikatzen du, besteak beste, indarrean dauden hierarkiak islatuz eta bakoitzari bere erantzunkizuna, agintea eta boterea emanaz festan bezala eguneroko bizimoduan. Emakumezkoek soldaduen lerroetan parte hartzeari uko egitearena botere horren defentsa gisa uler daiteke, menperatze eta menpekotasun erlazioa mantentzeko estrategia bezala.

Gatazka hau Irunen eta Hondarribian gertatzearen arrazoia?
Ez da kasualitatez izan, baina argi utzi behar da beste leku askotan ere gertatu izan direla eta gertzen direla horrelakoak, bai Euskal Herrian, bai Europan, bai mundu mailan.

Arazoak ba al du konponbiderik?
Galdera horren erantzuna oraindik aurkitzeke dago. Gatazkan parte hartzen dutenen eta politikarien eskuetan dago, eta guztien arteko elkarrizketan, negoziazioan eta adiskidetze egintzan. Lan honi ez genion ekin arazoari konponbidea aurkitzeko asmoarekin, arazoaren zergatiak azaldu nahi genituelako baizik. Gure inguruan gertatzen ari zena hobeto ulertzeko ahalegina izan da gurea, eta gatazka eta aldaketa egoerak aztertzeko antropologia eta soziologia erabili ditugu. Arazoaren ikuskera ahalik eta zabalena eskaini nahi genuen, eta hori bai, beharbada gure ikerketa honen emaitzak lagun dezakete konponbidea aurkitzen. Garbi dago berdintasunaren errebindikazioa gutxiesteko tradizioaren erabileraren aurrean gaudela.