Goiuriren emaria

  • Urkabustaizko bailaran, Goiuri auzoa dago 622 metroko altueran eta 52 biztanlerekin. Sona, Altube ibaiaren jaiotza parean, Oiardo errekak hartzen duen abiaduratik datorkio. Oiardoko urek landutako kare-harriak ia 100 metroko ur-jauzia eskaintzen digu. Gorbeia parke naturaleko parajeetako bat da. Gibijo mendizerraren hegalean eta Orduñako haitzen babesean, larre zabalak erakusten ditu. Bertan bazkatutako ardien esneaz sortutako ardi gazta zaporetsua ahaztezina da. Belardi, pagadi, harizti, erkamezti... liluragarriak dituena, eta Euskal Herrian noizik eta behin agertzen den otsoaren lekuko bakarretakoa da. Artaldeak zaintzen, badaezpada, artzakur galantak, zintzo, fidel eta zailduak dituzte beti erne.

2021eko uztailaren 16an

Gasteiztik N-622 hartuko dugu. Ondoren, Izarratik Orduñarako bidean desbideratuko gara (A-2521 errepidea ). 5 km ondoren, Goiurira iritsiko gara. Eskuinetara joko dugu, Santiago ermitaraino zuzenean. Bertatik abiatuko gara.

Madril eta Bilbo lotzen dituen trenbidea izango dugu bidelagun. Pistan metro gutxi batzuk egin ondoren, eskuinetara ate birakari bat ikusiko dugu. Trenbidea zeharkatzeko pasabidea da. Bi aldeetara ondo begiratu eta aurrera. Izan ere, berehala ohartuko gara trenaren etengabeko joan etorriaz.

Bat-batean, mirari bat bailitzan, izugarrizko ur emariarekin egingo dugu topo. Baina kontuz, alboan amildegia du, eta ur-jauziaren ondoan, hildako baten oroimenez jarritako gurutzea. Ez da tontakeriak egiteko lekua. Oso ederra baina argi ibiltzekoa da. Euria edo elurra eginez gero, hobe txangoa beste egun baterako uztea. Irrist egiteak ondorio latzak ekar ditzake. Arroilaren bazter batetik jarraituko dugu. Ardiak atera ez daitezen hesitua dagoenez, ataka bat igaro beharko dugu lehenik. Hasieran bidea nahiko estua da. Alde batera ardiak ari dira bazkatzen, eta ezin dugu askorik inguratu, azkar erantzuten baitute artzainek beren lehoi orroarekin. Eta beste aldera, malkarra dago. Bide bazterrean, San Jose loreak Udaberriaren hasiera aldarrikatzen digute.

Zertxobait urrutiratuz, errazago ikusten da ur-jauzia bere osotasunean. Udara parterako agortu egiten da, ez da hain ikusgarria. Gainaldean, Renfe-ko zubia dugu bistan. Horrek bertan jarraitzen du, urtaroa joan urtaroa etorri. Arroilaren beste aldean, behatoki bat ikus dezakegu. Behatokira joateko, Goiurira iritsi baino lehen, eskuinetara hartu behar dugu. Errepidean seinalatua dago.

Jadanik, erkameztian gaude. Erkametza, haritzaren familiakoa, hostoaren tamaina eta itxurarengatik bereiziko dugu. Haritz arruntarenak baino hosto txikiagoak dira eta ertzak zerratuak dituzte, lobulatuak baino gehiago. Sutarako eta ikazkintzan erabili izan dira. Lanbide hauek gutxitzearekin batera, erkameztiak birsortzen ari dira Euskal Herrian.

Mendi hegalean, hala nola, haritzak daude erdi zintzilik. Berehala, eskuinetara beherantz doan bide zidorra ikusiko dugu. Bide honek arroilaren beheko alderaino jaisten gaitu. Ez dago sobran errepikatzea, lurra bustita badago, ez dela komeni jaistea. Egun eguzkitsua bada, arroila barru barrutik ikusteko aukera paregabea izango dugu. Beheranzko bidea aukeratuz gero, bidexka laster bukatzen da. Handik aurrera, zuzen jo beheraino. Bidean, non nahi topatuko ditugu ardi hondakinak, ile eta hezur usaintsuak.

Behin behean egonik, ubidea jarraitzea besterik ez dugu. Landaretza izugarria da bertan. Astigarrak hosto estreinatu berriekin, sahatsak, zumarrak, haltzak eta urritzak. Ur zale amorratuak diren espezieak, denak. Ibai bazterreko landaretza mesedegarri da errekako ekosistemarentzat. Itzala eskaintzen diete bertako bizidunei, eguzkitik babesteko. Uretan, berriz, azeri buztanak aurkitu ditugu. Batzuk irekiak, besteak itxiak, dinosauruen garaiko iratzeak ditugu. Landaretza hau guztia saihestuz, errekan barrena aurrera jo behar da, ur jauziaren beheko mailara iritsi nahi bada. Ez da bide zaila baina bai zertxobait deserosoa. Baina erabakia hartuz gero, damurik ez duena. Izugarrizko haitzak ikusteko parada izango baitugu. Hori eginda, buelta berriz ere errekan behera, lehenik aldapan gora ondoren.

Arroilara ez jaistea erabaki badugu, pagadi dotore batean sartuko gara. Enbor hiletan, onddo koloretsuak harrapatu ditugu ustelketa prozesua martxan jartzen.
Baso nahiko itxia da. Larra gaindituz joan beharko dugu. Hesiaren eskuinetik jarraituko dugu beti ere. Halako batean, berriz ere trenbide albotik doan bide batetara iritsiko gara. Urrunean, trenbidea zeharkatzen duen zubia ikusiko dugu. Hura pasa eta aldapa txiki bat igo ondoren, pista nagusian behera joko dugu. Konturatzerako ermitan egongo gara. Nahi izanez gero, ermitaren atze aldean iturri ederra daukagu. Alboan, nekazal gune askotan bezala, hilerria. Larre zabalei begira, agurtuko dugu Arabako paisaia paregabe hau.

Atsedenik hartzen ez duten artzainak
Teoria batek dioenez, etxekotu eta otzandutako otsoaren ondorengotik etor liteke mastina edo artzakurra. Bere lehen erreferentzia Plinio-k egin zuen, IX. mendeko "Naturalis Historia" bere liburuan. Bertan kontatzen du nola egin zioten artzakurrek olagarro erraldoi bati aurre.

Erdi Aroan, transhumantziak zuen garrantzia ekonomikoa zela eta Gaztela, Leon eta Extremadurako ganaduzaleek "Mesta" izeneko elkartea sortu zuten. Alde batera eta bestera artaldeak mugitzeko orduan, artzakurrez baliatzen ziren ganadua basapiztietatik babesteko. Oso lagun preziatuak ziren. Elkarteak baimenduta, zakur bakoitzak artzain bati zegokion janari kopuru berbera jasotzen zuen eta inork zakurrari kalterik eginez gero, zigortu egingo zuten. XIX. mendean, elkartea deuseztatu egin zen. Ganadua errepide eta trenbideetan zehar garraiatzen hasi ziren eta otsoa gutxitzearekin, artzakurrak ere beheranzko bidea hartu zuen. Araban, 1955. urtean hil zuten azken otsoa Gibijo mendizerran. Baina azken urteetan Soria, Burgos eta Kantabria aldetik sartzen ari diren ale bakanak direla eta, lana ugaritu zaie gure zakurrei. Isil isilik gerturatuz gero, Goiuriko zelaietan etzanda topatuko ditugu.

70-76 zm-ko gorputza dute, 60-80 kilogramokoa. Hortzeria gogorrekoak dira. Ilaje sendoa dute, leuna baina era berean lakarra. Koloreari erreparatuz, denetik topatu genezake, otso kolorekoa, gorrizta, horia, urre kolorekoa... Ibilerari dagokionez, trosta atsegin du, balantzarik gabekoa.
Izaeraz isila da, adiskidetsua, jateko orduan neurrikoa, argia eta azkarra. Altzairua baino gogorragoa, mota guztietako lanbideetara egokitzen den arraza da: zaindari, ehiztari, babesle, garraiatzaile... baina senaz, aparteko artzaina dugu. Zorrotza, iraunkorra, neguko hotzek kikiltzen ez dutena eta otsoaren aurrean borrokatzeko orduan, atzean geldituko ez dena.
Otsotik eratorria eta otsoa gutxitzearekin batera desagertua. Nekazal gune jakinetako lanak ezik, zakur erakusketan luzitzea, edo lantegi eta etxe dotoreak zaintzea ere egokitu zaio gaur egunean.


Azkenak
Denboraren harrizko gurpila Iruñeko katedralean

"Pictura est laicorum literatura", utzi zuen Umberto Ecok idatzita, Il nome della rosa eleberrian. Irudien bidez mintzatzen da herria, hitzez baino maizago. Artearen funtzio narratiboa nabarmena da Erdi Aroko irudietan, egungo begiekin zail gerta daitekeen arren haiek... [+]


Sare sozialak
X utzita, nora joko dugu orain?

“eXodoa” gertatzen ari da egunotan sare sozialetan. Erabiltzaile ugarik X plataforma uztea erabaki –Elon Musk enpresariaren eskutik izandako eboluzio “toxikoaz” kokoteraino– eta Mastodon edota Bluesky-ra egin dute jauzi. Proiektu horiei begira... [+]


Ertzaintzaren euskarazko arreta bermatzeko eskatu dio Arartekoak Jaurlaritzari

Ertzain patruila batek hizkuntz tratu desegokia eman diela salatu dute Donostiako bi herritarrek. Isuna jaso zuten, behin eta berriz euskaraz artatuak izateko eskatu ondoren. Arartekoak kargu hartu dio Ertzaintzari.


Teknologia
Oinak lurrean

Interneten Willow hitza bilatzerakoan oraindik txikitan ikusi nuen pelikula baten izenburua agertzen da. Fantasiaz beteriko pelikula hartan, Willow izeneko gizon txiki batek, protagonistak, mundua eraldatu zuen, erresuma zapaltzaile batetik herritarrak askatuta. Google-k Willow... [+]


Materialismo histerikoa
Zuentzat

Araiak esan dit zuei idazteko. Esan dit, utzi baino lehen (aurten egingo dut), nire testu bat eraman nahi dizuela, nik ez dizuedala inoiz eraman, eta merezi duzuela, harro sentituko zaretela nitaz. Ezin da horrelako aukera bat galtzen utzi. Ez dakit jada esan ez dizuedan zer... [+]


Kilometro zero

Berriki Pierre Carles dokumental egile engaiatuaren azken lana ikusteko aukera izan dut. Guérilla des FARC, l'avenir a une histoire (FARC gerrilla, etorkizunak historia du) du izena eta Kolonbian mende erdi baino gehiago iraun duen gatazka armatuaren kontakizun... [+]


Alerta laranjak

Valentziako tanta hotzaren kudeaketa txarrak aldaketa ekarri du muturreko eguraldiagatik izan daitezkeen alerten inguruan, “neguko” lehenengo denboraldian agerian geratu den bezala. Hego Euskal Herrian ibaiek gainezka egingo zutelako mehatxuaren aurrean, hainbat... [+]


Jendetasun zolatik, Kittof gogoan

Kaosean sartuak gara. Hori erran digute hedabide frantsesek, legebiltzarrak gobernua erorarazi duelarik abenduaren 4an. Kaos politiko, instituzional, sozial, ekonomikoaren zirimolak infernuko sarabandan bahituko gaituelako izua zainetara isurtzen hasia zaigu denoi. Zer komedian... [+]


2024-12-18 | Jesús Rodríguez
Borroka aro berria Herrialde Katalanetan

2011. urtean M-15eko mugimendu indartsua lehertu zen, Kataluniako Gobernua ataka estuan jarri zuena. Besteak beste, orduko hartan Polizia Bartzelonako Katalunia plazako kanpaldi suminduari oldartu zitzaion, eta parlamentua setiatu zuten ekintzaileek, Artur Mas presidentearen... [+]


Izar Mendiguren. Saltsa berrietan beti
“Ni euskaraz bizitzeak ez du esan nahi beste hizkuntzei eta kulturei ateak ixtea”

Aiaraldea Komunikabidea sortu zuten lehen, eta Faktoria gero. Laudion dute egoitza, eta bertan ari da lanean
Izar Mendiguren. Kazetari, bertsolari, musikari, militante... Ipurdi batez eserleku bi ezin estali litezkeela dio esaerak, baina hori baino handiagoa da Mendigurenen... [+]


Eguneraketa berriak daude