Zilegitasun eskasa, horixe litzateke Europako Legebiltzarrerako hauteskundeen emaitzek utzitako ondare urria. Izandako abstentzioak, %55ak, ez du irakurketa baikorragorako tarterik uzten. Estatuetako indar nagusienek erabiltzen duten "interes eskasa"ren kontzeptua lausoegia da Europako Parlamentuaren errealitatea definitzeko. Baina, oraingoz behintzat, eta negarrak negar, Europako Batasuneko estatuei horrek ez die gehiegi axola. Europako Batasuna bere hasieratik indar ekonomiko nagusiek eta estatuetako elite politikoek eraiki dute eta, bere eragina herritarrengan gero eta handiagoa bada ere, herritarrei utzitako protagonismoa hutsala da. Europako Batasunaren lehen Konstituzioaren onarpenaren atarian, horrek estatuetan kezka gehiegi ez sortzea, eraikitzen ari den Batasun moldearen erakusgarri da.
Hego Euskal Herrian, abstentzioa %54,56koa izan da, frankismoaren ondoren inoiz izan den handiena. Alderdi bakoitzak ditu bere helburuak, eta horien arabera dira galtzaile edo irabazle. Formalki eurodiputatuen banaketa zegoen jokoan eta alde horretatik ez da ezustekorik izan. Oro har, abstentzio handiak garrantzia kentzen die hauteskundeen emaitzei, baina bistan da pista garrantzitsuak uzten dituztela.
Agerikoa denez, legearen barne aurkeztutako guztiek galdu dute boto asko eta legez kanpo aurkeztu denak, HZk, irabazi egin ditu, batez ere boto fideltasunagatik eta seguruenik baita Aralarretik joandako boto askorengatik ere. Herritarren Zerrendakoak, erakunde politikoaren ikuspegitik, pozarren egoteko moduan dira, ilegalizazio eta guzti, boto poltsa garrantzitsuari eusten diotelako berriz, eta horrek, besteak beste, datorren urteko EAEko autonomikoetarako legalizazioaren borroka indarrez eramateko aukera ematen diolako. Nabarmena da gainerakoen boto kopuru jaitsiera, baina ondo azpimarratzekoa ere bai, bestela badirudi irabazle atera direla. Beste kontu bat da, aurreikusitako eurodiputatua lortuta nahikoa izatea, helburua hori zelako.
PSOE eta PP nagusi
Deskalabrorik ere egon da, eta bateren bat aipagarria izan bada, hori Aralarrena izan da. Arrisku horri heldu zion hauteskundeetara aurkeztean eta emaitza ere gordin jaso du. Abstentzioaren eragina zenbat izan den eta zenbat beste indar batzuetara joandakoa »batez ere HZra», horra hor bere etorkizunari begira duen interpretazio ariketa zail bezain garrantzitsua. CDNrena da bestea, are nabarmenagoa: 1999ko Europako hauteskundeetan ez zen aurkeztu eta gaur egun,UPNren gobernukide denak, 1.600 boto besterik ez du lortu. EAri galera botoetatik baino aurreikuspenetik etor dakioke, ERCren itzalean emaitza hobea ere espero zuen eta. Herrien Europak zaila zuen bigarren diputatua, baina emaitza hobeetarako aukera ere zabalik zuen.
Euskal Herriaren ikuspegitik begiratuta, nabarmentzekoa da PS eta PSOE izan direla garaile Ipar eta Hegoan. Eta PP-UPN tandema izan da bigarren indarra. Parte hartze eskasak dena desitxuratzen du, baina bertako lehia bizirik piztea lortzen ez denean, alderdi espainolistak nagusitzen direla ikus liteke. Ohi bezala, EAJ da nagusi EAEn (250.000 bat boto), baina abstentzio eta guzti ere, lekutan dira EAJ-EAk 2001eko maiatzean lortutako 600.000 botoak.
Ipar Euskal Herrian, Frantzia osoan bezala, baina tarte txikiagoarekin, PS nagusitu zaio eskuinari. Abertzaleen artean, AB, EAJ eta EAren botoak Berdeen baitan joan dira, baina ez dituzte beren ohiko emaitzak lortu: abstentzioan da arrazoietako bat, jakina, baina HZk lortutako 5.000tik gorako poltsa horretara ere joan dira mordoxka bat. Beste arrazoirik baztertu gabe, alderdi abertzale gisa bakarrik aurkeztu izanaren onurak agerikoak izan zaizkie.
Espainian, bi alderdi nagusiak dira pozik egoteko moduan, batez ere PP, PSOEren lepo ondoan arnas estuka jarri delako, atsedenik ez emateko prest. PSOEk, aldiz, errebalida gainditu du eta jadanik gobernu lanetan bete-betean sartzeko aukera egokian geratu da. Katalunian PSCk lortutako emaitzak berriz ere erabakiorrak izan dira, eta horrek Pasqual Maragallen indarra sendotzen du PSOEko baroien artean.
Azken hauteskundeetako joera azpimarratuz, Galeuskako indarrek Izquierda Unida gainditu dute, azken alderdi hau oso egoera larrian utziz. Galeuskari dagokionez, Bartzelonako Adierazpenaren espiritua noraino eraman nahi duten ikusi beharko da eta hori ez da erraza antzemateko, besteak beste Ibarretxe Plana eta CiUren egoera ahula direlako tartean. Horrez gain, eta orain elkarrekin joan badira ere, CiU eta EAJren arteko harremanak asko hoztu dira PPren bigarren agintaldian eta egun ere ez daude bere beroenean.
Europan eskuina da nagusi Legebiltzarrean, baina jadanik horrek bost axola hemengo politikagintzan. Euskal Herrian, baita Espainian ere, jadanik datorren urteko udaberri-udari begira dago klase politikoa, orduan hautatuko baita Eusko Legebiltzar berria. Gaur egungo egoerak berean jarraitzen badu, hauteskunde biziki zailak izango dira, nagusiki bi eragilerengatik: batetik Batasunak legez kanpo jarraitzen duelako, eta bestetik Ibarretxe Planaren hauteskunde-plebiszito gisako hauteskundeak izan daitezkeelako. Aurtengo Gabonetarako, Ibarretxe Planaren eztabaida amaituta, argiago ikusiko da zein hauteskunde motaren aurrean egon gaitezkeen.
Zapateroren zain
Ezker abertzaleari dagokionez, oraingo emaitzek primerako txanpa eskaintzen diote hauteskunde prozesu horri behar bezala ekiteko. Baina pilota handia datorkio teilatura, hobeto esanda, datorkie Hiruko Gobernuari eta ezker abertzaleari: Nola atera Ibarretxe Planaren atakatik? Bi hipotesi nagusi: edo bake prozesuaren gurpila abian jartzen da, eta apurka aterabide politikorako kanal bat gauzatzen da; edo, intentsitate ahuleko gatazkan itotzeko osagai guztiak egosiko dira urtebeteko epean. PSOEk orain du beste lau urteko epea, EAJk zuzendaritza berria eta ezker abertzalea, bere ahulean, oraindik indartsu. ETAren atentatu barik, Elkarriren, Nazio Eztabaidagunearen edo bestelako ekimenen baten abiada baliatuz, gatazka konponbidean jartzeko osagai aproposak dira mahaiaren gainean, Jose Luis Rodriguez Zapaterok noiz helduko zain.