Bigarren urtez, Iparraldekoek selektibitatea euskaraz


2021eko uztailaren 27an
Iaz, Iparraldeko hainbat ikaslek Hegoaldean egin zuen selektibitatea lehen aldiz. Horri esker, Hego Euskal Herriko unibertsitateetara sartzeko modua izan zuten. Lehenago ere bazeukaten aukera hori, noski, baina bihurgune gehiegi zuen bidean ibilita. Edozein ikasle atzerritarrek egin beharreko bidea, alegia: UNEDek »Espainiako Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionala» Parisen daukan egoitzara joan, eta gaztelaniazko azterketa bat gainditu han. Jauzi handia kilometroetan neurtuta, eta askoz handiagoa hizkuntzari dagokionez. Ez da harritzekoa azterketa hura egitera inor gutxi ausartzea.

Horrek etena zekarkien ikasle-bizitza guztia euskaraz egindakoei. Hegoaldeko unibertsitateetarako bidea de facto itxita zegoen eta Frantziak erdara beste alternatibarik ez zuen »ez du» eskaintzen. Azkenik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta UNEDen arteko akordioak bide bat ireki zuen: azterketak Hegoaldean eta euskaraz. Iaz izan zen lehen saioa. "Hamabi ikasle etorri ziren eta zortzik gainditu zuten azterketa", azaldu du Anjeles Iztueta EAEko Hezkuntza sailburuak.

Alabaina, iaz espainiar selektibitatea gainditu zuten horietatik, guztiek ez zuten Bidasoaz bestaldeko unibertsitate batean karrera hasterik izan, talka egin zutelako bidean duten beste oztopoaren aurka: Frantziako bac azterketa, baxoa euskaldunontzat. Data bertsuetan azterketa biei aurre egin beharra da, hain justu, aurten Portugaletetik igaroko diren Iparraldeko 32 ikasleetatik hamabi baino ez etorri izana ekainean. "Egia esan, hamazortzi egon dira matrikula eginda, baina hamabi besterik ez dira agertu", diosku Patri Urkizuk. Bera da azterketak itzultzen dituen taldeko arduraduna. Zuzentzaileek Madrilen zuzenduko dituzten azterketek gaztelaniaz behar dute, balio ofiziala izango badute behintzat. Horregatik, joan-etorriko itzulpena egin behar da. Lehenik, Madrilgo UNEDek bidaltzen dituen azterketak euskaratu, eta ondoren, Iparraldekoen erantzunak gaztelaniara eraman.

Baxoa errazagoa da

Ekainaren 2an eta 3an izan ziren Portugaleten Bernat Etxepare ikastolako hamabi ikasleak »Iparraldean Batxilergoa euskaraz egiteko aukera eskaintzen duen ikastetxe bakarra da Baionakoa». Batzuk pozago ageri ziren besteak baino. Orobat, letren alorrekoak espainiar egitarauari egokitzeko zailtasun gehiago eduki izana salatu zuten, Ihintza Erremundeguy baionarrak esaterako: "Han ez da matematika hartzen azken urtean, eta gaur azterketan eduki dugu. Historian ere ez da programa berdina izan: Espainiaren historia sartu dute, eta guk ez dugu batere landu".

Zientzietako nahiz letretako, guztiek azpimarratu zuten gaztelaniazko azterketaren zailtasuna. "Ez nekien sintaxia bazela selektibitatean", zioskun Aizane Pimienta kanboarrak, "eta ez dut batere landu". Baxoan gaztelaniako proba dagoen arren, "gaztelaniazko gramatika ez dugu biziki ontsa menperatzen", zioen Baigorriko Patxi Bidartek. Ordainetan-edo, frantses azterketa ere bazen, zeharo erraza guztien aburuz. Espainiako selektibitateari Frantziako baxoari baino samurragoa iritzi zioten. Hori bai, ikasgaietako berezitasunak ikasteko oso denbora gutxirekin, eta etxetik urrun samar. Portugalete ez da Paris, baina bertatik bertara ere ez dagoz.

Anjeles Iztueta: «Herrien Europako curriculuma lantzen hasi behar da»
Anjeles Iztuetak oso garrantzitsutzat jo du Iparraldeko ikasleek selektibitatea Euskal Herrian eta euskaraz egin ahal izatea. "Urtetako eskaerari erantzun diogu, eta ez da erraza izan", dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Haatik, eta honakoa urrats handia izanagatik, Iztuetak "egiteke geratzen dena" azpimarratu gura luke: "Oraindik ere gure curriculumak estatuen curriculumak dira gehienbat, eta proba hauek egitean agerian geratzen da hori, Geografia eta Historia bezalako ikasgaietan batez ere". Sailburuaren aburuz, Europako curriculuma lantzen hasteko pausuak egiten hasi behar da, baina ez estatuen Europakoa, herrien Europakoa baizik. "Euskal curriculumak ere leku eduki behar du", gehitu du.

Hau lortzea zaila izan dela esan duzu. Zergatik? Norekin eta nolakoak izan dira honaino ailegatzeko negoziazioak?
Ikasle hauen sarbidea UNEDen eskuetan dagoenez, haiekin izan dira negoziazioak. Aurrena, Bergarako UNEDekin; sentiberatasun handia agertu zuten. Zailena Madrilekoekin etorri zen. Onartu behar izan zuten ikasle hauek ez zirela zertan espainiarrak izan ateak zabaltzeko, guk geure hizkuntza dugula eta proba hori euskaraz egin behar zela, ez zutela zertan espainola erabili. Hori ez da hain erraza izan. Bilera asko eta asko egin ondoren lortu da. Urteetako lana izan da, isilpekoa.

Iazko saioa zer moduz atera zen?
Zailagoa izan zen aurtengoa baino. Itzulpenak ez ziren oso onak izan, eta Iparraldeko gazteak ere ondo preparatu gabe etorri ziren. Aurten, berriz, urtean zehar proba honetarako preparatzen aritu dira. Aurten egonkortu da prozesua, baina hurrengo urtean gehiago egin behar dugu.

Hala ere, ikasleek eurek esan dute Espainiako programa berandu samar jaso dutela, eta alde batzuk badituela Frantziakoarekiko, letren alorrean batez ere…
Horregatik datorren ikasturtean irailean hasi nahi dugu lanean. Ohiko ikastaroez gain, selektibitaterako has daitezela. Azterketa ereduak aurrez eduki ditzatela adibidez. Egia da zientzietako gaiak errazagoak direla »berdintsuagoak diren heinean», gainerakoak baino, estatuak daudelako tartean.

Hegoaldean karrera batzuetako azken ikasturteetan, batez ere, erdara askotxo ageri da. Hori ere oztopoa al da hauentzat?
Bai, euskara ez dago oraindik bermatuta gure unibertsitatean. Alor horretan asko geratzen zaigu egiteko, eta oztopo hori badago. Gainera, Iparraldeko ikasleek, ikasketak euskal lerroan egingo badituzte ere, pentsatzen dute: "Moldatuko naiz? Kalean espainolez egin behar dut". Baina hori da gure errealitatea.

Nafarroa Garaitik Portugaleteraino, Lapurditik igarota
Denak ez ziren Iparraldekoak. Ekaina hasieran Portugaleten selektibitatea egin zuten Bernat Etxepare ikastolako hamabi ikasleetatik, bederatzi lapurtarrak ziren eta gainerako hirurak, nafarrak. Horietatik bi, alabaina, Espainiaren mendeko Nafarroakoak ziren. Bata, Urdazubikoa; bestea, Luzaidekoa. Arrazoiren batengatik ala bestearengatik, Iparraldean burutu dituzte ikasketak hegoaldetar horiek, eta orain, Estatu Espainiarreko unibertsitate batean sartu ahal izateko, Portugaleten egindako selektibitatea eta Frantziako baxoa gainditu beharko dituzte. Eta gaitzerdi. Orain urte bi, Parisera jo beharko zuketen azterketa egitera, ofizialki espainiarrak izan arren. Zenbait gauza Euskal Herrian baino ez dira gertatzen.


Azkenak
2024-12-13 | ARGIA
Euskarabideak 13,4 milioi euroko aurrekontua izango du 2025ean, iaz baino %9,7 gehiago

Nafarroako Legebiltzarrean datorren urteko aurrekontuak ixteko negoziazioetan ari dira egunotan alderdiak, eta horietan adostutakoaren arabera, euskararen Euskararen Nafar Institutuak iaz baino 1,3 milioi gehiago izango ditu.


Ipar Kataluniako udaletan katalana erabiltzea debekatu du Frantziako justiziak

Okzitaniako Tolosako Apelazio epaitegiak eman du epaia, eta horren arabera, udaletan ezingo da katalana lehen hizkuntza moduan erabili, eta izatekotan, frantsesez egin ondoren, hura katalanera itzuli ahal izango da.


Samira Belyouaou, amazigera hiztuna
“Ni, diasporako alaba, neure buruaren kontra borrokan bizi nintzen Alemanian”

Samira Belyouaou (Heidelberg, Alemania, 1994) diasporako alaba da. Gurasoak Rifen (Maroko) jaioak, Alemanian Samira alabak eta lau seme-alaba gehiagok amazigera izan zuten etxeko hizkuntza. Itzulpengintza ikasketak egina, software enpresa batean ari da, beren produktuak 80... [+]


2024-12-13 | ARGIA
Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzarik gabe abiatuko da KoopFabrikaren ekintzailetza eskola

Proiektu ekonomiko kooperatibo eta komunitarioak abian jartzeko grina duten pertsona eta taldeentzako doako eskola da KoopFabrika. Dagoeneko izena emateko epea irekita dago. Urtarrilaren 28an egingo da lehenengo saioa. Olatukoop, Gezki eta Lankiren baliabideei esker antolatu... [+]


Maritxu eta Katalina: Artxiboetan galdutako sexu eta genero disidenteen istorioak Historiaren parte direlako

XV. mende bukaeran edo XVI. mende hastapenean Belauntzako Katalina atxilotu, preso sartu, torturatu, guziaz desjabetu eta erbesteratu egin zuten, Oiartzungo Maritxurekin “haragizko harremanak” ukateagatik. 500 urtez isilean eta artxiboetan galdurik egondako... [+]


Nafarroa osoan euskararen ofizialtasuna bermatzeko lege aldaketak egitea eskatu die Kontseiluak alderdiei

Euskal Herri osoan euskara eta hiztun komunitatea larrialdi egoeran daudela berretsi zuen azaroan Kontseiluak eta, ostegun honetan, egoera hori Nafarroan zertan datzan azaldu du Iruñean. Era berean, herrialdean ataka horretatik ateratzeko egin beharrekoak azpimarratu ditu.


Kexaako monumentu multzoan hotel-spa bat eraikitzea proposatu dute

Estela Roca Rom arkitekto katalanak irabazi du Arabako Foru Aldundiak abiatutako ideia lehiaketa. Foru erakundeak proiektua finantzatzeko bide publiko-pribatuak bilatzeari ekingo dio.


2024-12-13 | Leire Ibar
Gerraren eta faxismoaren aurkako mobilizazioak antolatu ditu GKSk urtarrilaren 25erako

Mendebaldeko agintariek gerraren aldeko apustua egin dutela salatzeko mobilizazioak antolatu ditu Gazte Koordinadora Sozialistak Bilbon eta Iruñean. Faxismoaren gorakadaren aurrean mobilizatzeko deia egin du.


2024-12-13 | Julene Flamarique
Espainiako enpresarik handienetan, zuzendari exekutiboen soldata batez bestekoa baino 118 aldiz handiagoa da

Ia 24 milioi euroko ordainsaria jaso zuen Jesús María Herrerak, CIE Automotiveko zuzendari exekutiboak, 2023an. 2022an 20 milioi euroko aparteko prima jaso, eta sei bider handitu zuen urteko soldata. Iberdrolak ere lekua hartu du podiumean, eta 2023an, energia... [+]


2024-12-13 | Euskal Irratiak
Ardien mihi urdinaren eritasunaren ondorioei elkartasunez ihardetsi nahi die ELBk

ELB sindikatuak ardien mihi urdinaren eritasuna pairatu dutenendako elkartasunera deitzen du. Abendu hastapenean,departamenduko 650 ardi etxalde hunkiak izan dira. Kasu zenbaitetan, hamarka ardi galdu dituzte hazleek, bereziki marroak. Etxalde batzuek erraterako marroen %80... [+]


Foru Parlamentuko atean izandako istiluetan parte hartu zuten hemeretzi nekazari zigortu dituzte

Osoko bilkura egiten ari zelarik ganbera barrura indarrez sartzen saiatu ziren nekazariak. Akordioa lortu dute fiskaltzarekin instituzioen kontrako eraso delitua saihesteko.


Emakume zientzialariek esperientzia okerragoa dute komunikabideetan eta sare sozialetan

Ikertzaileen esperientziak komunikabideekin eta sare sozialekin duten harremanean” izeneko txostena argitaratu du FECYTeko Science Media Centre Españak (SMC), EHUko Gureiker ikerketa-taldearekin lankidetzan egindako inkesta batean oinarrituta. Emaitzen... [+]


Autonomia, urrats berria

EHBaik Autonomia estatutu baterako proposamena prestatu du, gure nazioaren burujabetza osorako bidean etapa gisa.


Eguneraketa berriak daude