Sumendia Hego Poloan
Orain arte ezezaguna zen sumendia aurkitu dute itsas hondoan, Hego Poloko itsasoan lanean aritu diren ikerlariek. Aurkikuntza hori baieztatzeko, eremu hartako argazkiak atera eta laginak hartu zituzten.
Lanak Laurence M. Gould itsasontzian burutu dira eta AEBetako eta Kanadako ikerlariek parte hartu dute. Aurkikuntza ausazkoa izan zen, orain urte batzuk Larsen B deituriko izotz-plaka zergatik erori zen aztertzen ari baitziren.
Esku artean ditugun datuen arabera, sumendiak 700 metroko altuera du »itsas hondoko erreferentzia hartuz», eta itsas maila baino 275 metro beherago dago. Sumendiaren konoak 1,5 kilometro kubiko harkaitz dituela kalkulatzen da. Sumendiaren lehenengo arrastoak hainbat itsas marineli esker lortu ziren, haiek itsasoko urak zuen kolore arraroa hainbatetan aipatu baitzuten. Dena den, 2002ko urtarrilean sonarraren bidez irudikatutako mapetan, glaziarren joan-etorria oztopatzen ez zuen egitura zentrukide eta simetriko baten berri eman zen. Hortaz, geologia egitura berri baten aurrean gaudela uste da.
2004ko apirilean zientzialariek bideokamerak, tenperatura-zundak eta harkaitzak ateratzeko sistemak erabiliz, sumendiaren gainazala hainbat espeziek kolonizatu duela ikusi da. Hala ere, harkaitz beltza azaltzen den lekuetan espezierik ez dagoela ere ikusi da eta honen arabera laba ez oso aspaldi isurtzen zela frogatu ahal izan da.
Harkaitzak dragatzeko sistemen bidez harkaitz basaltikoak hartu dira eta tenperatura zunden bidez puntu bero asko detektatu izan da.
Energia berriztagarrien hazkunde motela
Joan den astean 100 bat estatu elkartu ziren Bonn-en energia berriztagarrien produkzioa sustatzeko. Eguzki energia, haize energia, biomasa, geotermikoa eta beste iturri garbietan oinarritutako energia 2001. urtean herrialde aurreratuetan kontsumitutakoaren %5'5 baino ez da izan.
Datu hau Energiaren Nazioarteko Agentziak (ENA) eman du eta kezkagarriagoa dena ere bai, hots, energia berriztagarrien kontsumoa 1970. urtean % 4,6 zen bitartean, 2001ean %5,5 baino ez da izan. Beraz, oso gutxi hazi da aipatu urte-tartean eta horren errua estatuek egindako inbertsioei egotzi diete: 1987tik. gaurdaino estatuek ikerketa-gaietan inbertitutakoaren % 7,7 baino ez da izan energia berriztagarriei dagokiena. Emandako datuak ez dira homogeneoak estatu guztietan. Adibidez, Alemania da, alde handiz, energia berriztagarrien arloan aurreratuen dagoena eta gainerako herrialde aurreratuak batezbestekotik behera daudenez, Bonn-en aurkeztutako gogo onak estatuen borondatepean geratu dira.