argia.eus
INPRIMATU
Karlos Linazasoro: «Nire ipuinok mendekuak dira guztiak, baina oso sotilak»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 19a
'Mendekuaren graziaz' liburuaz

Zer azpimarratuko zenuke zure azken liburuaz?
Azala. Eta eskerrak eman nahiko nizkioke Iturriri egin duen lanagatik, azalean islatzen duelako halako patxada japoniar bat, haiku edo poema liburu batentzat oso propioa dena, eta liburu barruan irakurleak aurkituko duenarekin zerikusi handirik ez daukana. Hor badago halako joko bat, sorpresarako bide ematen duena; oso iradokitzailea iruditzen zait eta, batez ere, oso sotila.

Zergatik ematen diozu halako garrantzia sotiltasunari?
Beno, nire ipuinok mendekuak dira denak, baina saiatu naiz oso sotilak egiten. Biderik errazena bortxakeria edo indarkeria da, eta nire mendeku hauetan justu kontrakoa dago, horretan saiatu naiz behintzat. Mendeku bat badagoela ere ez da iradokitzen, eta horregatik ipuinetako bukaera guztiak nolabait irekiak gelditzen dira. Nahiko arrasto ematen dira, iradokitzen da zer gertatu den, baina narratzaileak ez du sekula istorioa borobiltzen. Uste dut azkenean irakurleak eman behar diola bukaera ipuinari.

Zer dela eta aukeratu duzu mendekua gaitzat?
Mendekuen kontuaz Genesian esaten da, testualki: «Gizon baten odola gizonarengan mendekatuko dut. Gizakiaren odola isurtzen duenak, harena ere isuria izango da, ezen Jainkoaren irudirat izan baitzen egina gizakia». Mendekua, nire ustez, nahiko lasai justifikatzen dugu. Askotan sentitzen dugu mendekua egiteko gogoa. Jakina, mendeku literarioa beste gauza bat da, eta azkenean liburu honek genero beltz edo poliziakoaren ezaugarriak dauzka: intriga eta egiantzekotasuna.