Jauna, kanibal talde bat daukagu atarian zure zain


2021eko uztailaren 19an
Londresko Shaftesbury Avenue-ko 189an, han dagoen beirazko eraikin handi eta modernoan, gauza asko aurkituko dituzu egun normal batean. Bizikletaz dabiltzan mandatariak, segurtasun guardiak, makinetatik bulegoetara mota ezberdinetako kafeak daramatzaten kazetari dotoreak... Emap Consumer Media komunikazio enpresa erraldoian zaude.

Leku horretan aurkitzea espero ez duzuna Ginea Berriko tribu menditar bateko jendea da, hango hegazti bitxien lumak, lepoko deigarriak eta eskumuturreko exotikoak jantzita. Emap Consumer Mediako ataria kontrolatzen duten gorilei ere ez zitzaien burutik pasako joan den apirileko eguerdi batez holako eskena surrealista bat egokituko zitzaienik muturren aurrean. Eta are gutxiago basati koadrila hark esatea Emapeko aldizkari berri eta promozionatuenaren zuzendariarekin hitz egin nahi zutela, hark barkamena eskatu behar zielako.

Taldearekin batera zihoan Paul Kingsnorth, garai batean The Ecologist aldizkariko zuzendari izana, idazle ezaguna eta papuatarren aldeko elkartasun taldekoa. Berak kontatu du hemen laburtu dugun kronika hau. Aborigenen artean Benny Wenda zegoen, Mendebal Papuako buruzagi erbesteratua. Guztiek nahi zuten Paul Merril ikustea. Merril Zoo magazinearen zuzendaria da. Europako hizkuntza nagusi guztietan ezagutzen ditugun antzeko agerkarien formula bera erabiltzen du Zook bere mixean: sexu inguruko baldarkeriak, famatuen distira, umore merke samarra, kultura estereotipatu bat... Komunikazio taldeak ataria zaintzen ipinitako zakurrak ez zeuden pasatzen uzteko, baina banda berezi hark mehatxu egin zuenean han geratuko zirela denak inguruetan eskandaloa zabalduz nagusiarekin hitz egin artean, orduan ikusi zen zuzendaria goiko leihoetako batetik kezka aurpegiz begira, eta honek telefonoa hartu eta guardiei agindu zien gizon haiek sala dotore batera eramateko.

Tatuaiak ez, gizona, torturak

Benny Wendak bazeukan kazetari hori haiekin haserre egoteko motiboa. Aurreko aste batean Zook sexua eta marketinga uztartzeko ahaleginean jauzi berri bat eginez, honako lehiaketa proposatu zien irakurleei: «Sexuz betetako oporraldia irabaz dezakezu». Apustuaren saria hau izango zen: kanibalismoa eta mugarik gabeko sexua praktikatzen omen dituzten Ginea Berriko indigenen artean egun zoro eta zoragarri batzuk pasatzea. Bidaian Reg Barker izeneko oihanaren ezagutzaile on baten laguntza izango zuen irabazleak. Barkerrek astekariaren promozioan deklaratzen zuenez, «Ginea Berriko jende hauek tarteka pertsonak ere jaten dituzte, baina oso odol txar eginda daudenean bakarrik. Etsaien buruhezurren gainean egiten dute lo, eta batzuetan lasaitzen dira denek denekin larrua jotzen duten erritual batzuetan; dena da libre festa horietan».

Egia bakar bat ez dago hitz horietan, Papuan ez baita ez kanibalik, ez sexu promiskuozko zeremoniarik, eta ez buruko moduan kaskezurrak erabiltzen dituen jende kaskaturik. Paul Kingsnorthen esanetan «Ez da egia, eta ez da bromatarako kontua ere. Zook kanibal izendatu dituen horiek gaur ikus daitekeen kolonialismorik basatiena jasaten duten biktimak dira».

Ginea Berriaren erdi hau (beste erdia Papua-Ginea Berria estatuak osatzen du) luzaz holandarren kolonia izan zen eta duela hamazortzi urtetatik hona Indonesiaren mende dago. Indonesiarren hankapean gutxienez 100.000 mendebal papuatar hil dira urteotan, duela bi urte independentzia eskuratu zuen Timorreko biztanleek nozitu duten errepresio beraren azpian. Militarrek agindutako torturak, populazioaren lekualdatzeak, desagerketak eta klase guztietako desmasiak ohikoak dira. Aldi berean, militarrek babesten dituzte ugarteko oihanetako zura, petrolioa eta mineralak ustiatzen dituzten multinazionalak. Eta bazterrak nahastuko dituen lekukorik egon ez dadin, militarrek debekatuta daukate atzerritarrak Mendebal Papuan barnatzea.

Benny Wenda Mendebal Papuaren independentzia aldarrikatzen duen mugimendu bateko buruzagia da eta harengandik zerbait exotikoa espero izatekotan, bere soinean erakuts ditzake Indonesiako militarrek erabiltzen dituzten metodoen arrastoak. 2002ko ekainean atxilotu zuten indonesiarrek, torturatu ere bai eta ezkutuko zoko batean preso ezarri; baina lortu zuen ihes egin eta bere familiarekin Britainia Handiraino iristea.

Paul Merrill zuzendaria gela dotorean sartu zenean, Benny Wendak argazki mordoska bat luzatu zion. Errepresioaren muestra gogorra agertu zuten erretratuek mahai gainean. Batean, tribu bateko buruzagia ageri zen hilda, akabatu zuen militarrak ehizatutako basurde bat bezala erakusten zuela, algaraz ari ziren beste soldaduen artean. «Bromako kontuak direla uste al duzu?». «Ez, noski. Baina ulertu behar duzu, guk ez dugu aldizkari politiko bat egiten».

Elkarrizeta tonu garratzean jarraitu zuten, eta nondik edo handik bilkura bukatu nahi eta ezinean, zuzendari ahaltsuak ez zuen asmatzen Papua-Ginea Berria eta Mendebal Papua bereizten ere. «Guk aldizkari lotsagabe bat egin nahi dugu, besterik ez, horra...» eta segi itzuli-mitzuli.

Wenda liderrarekin batera joandako beste militante erbesteratu bat lehertu zen arte: «Begira, adiskide, ni bai egon naiz Mendebal Papuan, eta han ez dago bromarik, ba al dakizu? Zu hilobien gainean ari zara dantzan».

Baina haserrealdia erakutsi eta arduradunari estutu bat emateaz gain, gauza gutxi lor zezaketen militanteok, eta Zooko zuzendariak nola-halako barkamen eskezko gutun bat bidaliko ziela aginduta onartu zuten sala hartatik irtetea.

Pentsatzekoa denez, gutun horren zain daude oraindik. Bitartean, Paul Kigsnorth eta beste zenbait abokatuk mendebal papuatarren elkartasunez «International Lawyers for West Papua» elkartea antolatu dute eta Britainia Handian prentsarekiko kexuak biltzen dituen batzordean beren protesta azaldu dute, ikerketa bat eskatuz.

Hona Kigsnorthen azken komentarioa: «Norbaitek pentsa lezake erreakzioa neurriz kanpokoa izan dugula. Azken finean, ezer hoberik espero ote genezakeen horrelako aldizkari batetik? Baina zabalago begiratzen badugu, aldizkari horrek era gordinean erakutsi du komunikabide gehienek, eta behar bada gizarteak ere bai, Papua ri buruz pentsatzen dutena. Maskara hori kentzeko edozein aukera, txikia izanik ere, garrantzizkoa da».

Pentsatzen jarrita, abokatuarekin hitz egin behar dut, ea «Egunkaria»ren epaiketa ateratzen denerako ez ote den komeni Paul Kingsnorth hau kontaktatzea. Akaso epaiketarako ez, baina «ABC»ra sartu-atera bat egiteko...


Azkenak
Frantziako Estatu Kontseiluak Palestinak irabaziko du Kolektiboaren desegitea onartu du

Okzitaniako Tolosako elkartea da aipatu kolektiboa eta Frantziako Gobernuak dekretuz desegin zuen 2022an. Orain Estatu Kontseilua gobernuaren erabakia egokia dela berretsi du.


Izan, badira salbuespen legeak, bai horixe!

Sare Herritarrak antolatuta, pasa den urtarrilaren 11n Bilboko kaleak bete zituen manifestazio jendetsuaren ondoren, berriz sortu da eztabaida, euskal presoei salbuespen legeriarik aplikatzen ote zaion. Gure iritzia azaltzen saiatuko gara.

Espetxe politikan aldaketa nabarmena... [+]


Zedarriak, armagintza, zoru etikoa eta langileok

Duela gutxi think tank izateko jaioa omen den Zedarriak bere 6. txostena aurkeztu zuen. Beren web orrialdean azaltzen dutenaren arabera, zedarriak ebidentea ez den bidea topatzeko erreferentziak dira. Hots, hiru probintzietako jendarteari bidea markatzeko ekimena. Agerraldi... [+]


Eskoziako Lur Garaietan otsoa sartzea klima-larrialdirako onuragarria izango dela iradoki dute

Eskoziako Lur Garaietara otsoak itzularazteak basoak bere onera ekartzen lagunduko lukeela adierazi dute Leeds unibertsitateko ikertzaileek.. Horrek, era berean, klima-larrialdiari aurre egiteko balioko lukeela baieztatu dute, basoek atmosferako karbono-dioxidoa xurgatuko... [+]


Ágredok dioenez, zortzi bat ordu eman zituen ziegako zoruan etzanda Ertzaintzak ospitalera eraman aurretik

Karen Daniela Ágredok dioenez, atxilotu zutenean berak ez zuen ertzainik zauritu, haiek lurrera bota zuten eta konortea galdu zuen. Ondoren, Ertzaintzaren komisariaren zoruan iratzartu zen eta handik ospitalera eraman zuten.


Hiuzz + Bloñ + Adur
Lete ravero bat Iruñean

Hiuzz + Bloñ + Adur
Noiz: otsailaren 15ean.
Non: Iruñeko Aitzina tabernan (Egun Motelak kolektiboa).

--------------------------------------------

Larunbat goiza Iruñean. Neguko eguzkitan lanera doazen gizon –eta ez gizon– bakarti batzuk... [+]


Lorpen baten berri: Nafarroako Museoan Irulegiko Eskua euskaraz bisitatu daiteke

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jaso ditu kexak: bisita gidatuak gaztelania hutsean, eta sarrerako zerbitzuetan ere bai. Bitxia da kontua: baskoien mintzairaren hitzak dituela uste den brontzezko objektua ikustera joan... eta azalpenak gaztelaniaz. Kexek eragina izan dute, eta... [+]


Bideojokoen erabilera handitu egin da helduen artean, Ipsosen arabera

Julen Linazaroso Macsonrisas-eko kideak azaldu duenez, sari-bolek, harrapakin-kutxek eta enparauek bideojokoetan ordu gehiago jokatzea dute helburu. 35 eta 64 urteko pertsonen artean bideojokoen erabilerak gora egin du 2023tik 2024ra, Ipsosek emandako datuen arabera.


2025-02-21 | Euskal Irratiak
Boliviako laborari talde bat sustengatuko dute Xiberoatik

Zubiak eraiki Xiberoa eta Boliviaren artean. Badu jadanik 16 urte Boliviaren aldeko elkartea sortu zela Xiberoan. Azken urteetan, La Paz hiriko El Alto auzoko eskola bat, emazteen etxe baten sortzea, dendarien dinamikak edota tokiko irrati bat sustengatu dituzte.


Osasunbidean 11 medikuk 17.000 euro irabazten dituzte hilero

Ostegunean egoera hori ikertzeko eta zuzentzeko eskatu dio EH Bilduk Nafarroako Gobernuari legebiltzarreko osoko bilkuran. UPNk eta PPk bat egin dute eskaerarekin, eta Osasun Departamentuak urtebete du ikerketa gauzatzeko.


Eguneraketa berriak daude