Ekainarekin batera, bainu-denboraldi ofizialak datoz. "Ofizialak" diogu, herrialde batetik besterako desberdintasunek plurala erabiltzera behartzen gaituztelako. Bizkaian eta Lapurdin, ekainaren 1etik dago indarrean hondartza sasoia; Gipuzkoan, data bera aukeratu zuten Donostiak eta Zarautzek, baina gainerakoetan hilaren erdira arte itxaron behar dute. Amaiera ere desberdina izango da bakoitzean. Zaila da Gipuzkoari buruzko daturik ematea, udaletxe bakoitzak bere aldetik jokatzen duelako ia. Bizkaian, berriz, irailaren 30era arte iraungo du denboraldiak, eta Lapurdin hamabost egun gehiago. Denbora tarte horretan, milaka lagun joango dira gure hondartzetara, eta gainerako hiletan aurkitu ezin daitezkeen hainbat zerbitzuz gozatu ahal izango dute. Batetik, sorosleak eta bainua hartzea baimendu edo debekatzen duten banderak; bestetik, garbitasunari dagozkionak: zaborrontziak, garbiketa egunero… Udaren abantailak dira.
Uraren kalitatea
Askoren gogoan dabil galdera: Prestigeren hondamendiaren eragina zenbateraino nabarituko da aurten? EAEko instituzioek itaun horri ematen dioten erantzuna jakiteko ahaleginak alferrikakoak suertatu zaizkigu. Zuek hau irakurri orduko, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eskainia du ziurrenik gai horri buruzko prentsaurrea, baina lerrook idazteko unean prentsaurreko hori eman gabe zegoen artean, eta aipatu sailak ez digu haren edukiez inongo aztarnarik eman nahi izan.
Instituzioen iturria lehor egonik, beste batzuetara jo dugu geure jakingura asetzeko. Gutxi gorabehera, denak bat datoz gauza batean: arazoak, izatekotan, ez dira uretan izango. "Oso zaila da uretako hidrokarburoen disoluzioak giza-osasunari kalte egiten dion ala ez jakitea", dio Eguzkiko kide Juanmari Beldarrainek, "baina iaz Eusko Jaurlaritzak bainua har zitekeela esan bazuen, hala jokatzeko datu nahikorik zuelakoan egingo zuen. Taula batzutan dago adierazita zein kopuru diren onargarriak eta zeintzuk ez. Gure ustetan onargarritzat jotzen direnak ere handiegiak dira, baina hala ere bainua lasai har daitekeela pentsatzen dugu".
Zientziaren alorretik mezu lasaigarri bezain zuhurra datorkigu. Ionan Marigomez EHUko Biologia Zelularreko katedradunak dioenez, "analisi kimikoek iaz erakutsi zutenez, uraren hidrokarburo maila ez zen kaltegarria, baina hori leku batetik bestera alda liteke. Nik, badaezpada, iaz ez nuen bainurik hartu, baina aurten bai, hartuko dut, seguruenik".
Ibaietako zikinkeriak hondartzetan
Uraren kalitateaz hitz egiteak Prestigez hitz egitera garamatza ezinbestean, baina bestela ere, zer nolako ura dago euskal hondartzetan? Itsaso garbia geneukan fuel orbanak gurera ailegatu baino lehen? Zera dio Juanmari Beldarrainek: "Uraren kalitatea pixkanaka-pixkanaka hobetuz doa, bi arrazoirengatik batez ere. Batetik, itsasora eta gehienbat ibaietara substantzia kutsagarriak isurtzen zituzten enpresak itxi egin dituztelako edo isurketok eten egin dituztelako, neurri handian behintzat. Bestetik, abiarazitako garbiketa-planen eragina nabaritzen hasia delako».
Hala ere, Eguzkiko kideak salatu egin du garbiketa planak atzeratuta dabiltzala »"Europar Batasunak emandako epeak ez dira betetzen ari Hego Euskal Herrian"», eta oraindik ere badela isurketarik, ibaietara batez ere. "Kontuan eduki behar da Euskal Herriko hondartza gehienak ibaien alboan daudela. Ibaia zikin badator, hondartzako ura zikin egongo da". Lapurdin, berriz, Hegoaldean baino askoz lehenago hasi ziren garbiketa planak ezartzen, baina horrek ez du esan nahi gauzak hobeto daudenik, Beldarrainen ustez: "Oso teknologia zaharra erabiltzen dute, eta garbiketa eskasa da".
Egoera duela hamar edo hamabost urtekoa baino hobea izanik ere, oraindik hutsune nabarmenak daudela iritzi dio Juanmari Beldarrainek: "Hondartza askotako zenbait zatitan, ibaietatik hurbilenekoetan batez ere, ezin daiteke bainurik hartu oraindik, kutsadura dela-eta. Debekatuta ez badago, debekutik gertu egongo da". Kalitate txarreko ura daukatenen artean, Beldarrainek Zarauzko eskuin aldea, Hendaiako alde nudista eta Orioko Oribazahar eman dizkigu adibidetzat. Ildo beretik, Bizkaiko Foru Aldundiaren web guneak bainurik ez hartzea gomendatzen du herrialde horretan kutsadurak jota dauden hondartza txiki bitan: Areetakoa, Getxon, eta Toña, Sukarrietan.
Zenbait ezaugarri
Oro har, Euskal Herriko hondartzak ez dira oso luzeak, Kantauri Itsasoko gehienak bezala. Hendaiakoa da luzeena: hiru kilometro. Gehienetan are fina edukitzen dute, zenbait lekutan harri ugari badago ere. Eta olaturik ez zaie falta, normalean. Hala ere, badira arrazoi batengatik ala bestearengatik babestuago daudenak: Plentzia, Gorliz, Kontxa, Ondarreta, Malkorbe (Getaria)… Hondartza "lasaiak" dira horiek. Beste muturrean daude Barinatxe, Bakio, Itzurun (Zumaia), Zarautz, Bidarte, Angelu… Horietan, gogor jo ohi du itsasoak.
Bizkaian hogeita zortzi hondartza daude. Horietatik, gehientsuenak inguru bitan topa daitezke: Uribe Kostan eta Urdaibai itsasadarreko alde bietan. Lehenbizikoaren kasuan batez ere, begibistakoa da udan ematen den masifikazioa. Muskizko La Arenarekin batera, Getxotik Gorlizera bitarteko hamar hondartzak dira Bilboko eta inguruko hirietako jendeak gehien aukeratzen dituenak, hurbiltasunak erakarrita noski. Udako egun askotan, metroa zein errepideak lepo egoten dira, bertako biztanleen etsipena eraginez. Antzeko zeozer gertatzen da euskal kostaldearen beste ertzean; Lapurdiko kostaldea Frantziako Estatuko gune turistiko nagusienetakoa da orain urte asko, eta hori igerri egiten da hondartzetan.
Gipuzkoako hamasei hondartzak, berriz, hobeto banatuta daude, Foru Aldundiko Naturgune Zerbitzuko teknikari Iñaki Bañaresek dioskunez: "Hemen ez dago beste lekuetan adinako jende-olde eta trafiko arazorik, salbuespenak salbuespen. Izan ere, abantaila bat daukagu: Donostiak, hiri nagusiak, baditu bere hondartzak, Bilbok ez bezala. Hala ere, egia da Zarautz batean, esaterako, ez dela lan samurra autoa uzteko toki bat aurkitzea". Gipuzkoarrek, oro har, ez dute bizkaitarrek bezainbat mugitzeko beharrik hondartza gozatzeko, baina badira herrialdetik kanpokoek bere egiten dituztenak. Hondarribiko hondartza »herrialdeko handiena, bide batez esateko» goitizenez "nafarren hondartza" izatea da esandakoaren adibide ederra.
Zenbat jende joaten da?
Ez da erraza hondartza batean zenbat jende dagoen jakiten. Hala ere, Bizkaian eta Lapurdin nola edo hala kalkulua egiten ahalegintzen dira. Bizkaiari dagokionez, iazko bainu denboraldi osoan zehar hondartza bakoitzean astero bildutako lagun kopurua eman digu Foru Aldundiak. Ezinezkoa litzateke hemen datu guztiak ematea; balio bezate, adibide gisa, ondokoek: aste batean Bizkaiko hondartza batean bildutako jende kopururik handiena La Arenan bildu zen, abuztuaren 11tik 17ra bitarteko astean. 138.000 lagun, guztira. Egia da aparteko kasua dela hori, aste hartako bero itzelak eta La Arena Ibaizabalen ezkerraldean dagoen hondartza handi bakarra izateak eraginda. Izan ere, iazko udan hondartza bakarrean 90.000 lagunetik gora egondako aldi bakarra izan zen. Aipatzekoa da, gainera, hondartza ezagun gehienek (Arrietara-Atxabiribil, Karraspio, Bakio, Gorliz, Laga, Laida…) aste hartan hartu zutela bisitari gehien. Guztira, 885.000 lagun inguruk bilatu zuten Bizkaiko hondartzetan egun haietako eguzki gupidagabeari aurre egiteko modua, bertako Foru Aldundiaren arabera.
Lapurdiko kasuan, Estatua arduratzen da hondartzetako bisitari kopurua zenbatzeaz. Pirinio Atlantiarretako Kontseilu Orokorreko François Esnaultek adierazi digunez, "aste batzuk besterik ez dira guk horri buruzko datuak ditugula". Hain zuen, 2002ko uztailaren 27ari dagozkion datuak helarazi dizkigu Esnaultek. Orain dela urte bikoak izanagatik, adierazgarri izan daitezke: aipatu eguneko arratsaldeko hiruetan, 35.000 lagun inguru zeuden Lapurdiko hondartzetan. Horrek esan nahi du hondartza kilometro bakoitzeko 2.000 pertsona zegoela, batez beste. Egun osoan zehar, 80.000 izan ziren data horretan Lapurdiko hondartzaren batera joan zirenak.
Eguzkia eta ura baino gehiago
Bainua zein eguzkia hartzea ei da hondartzara doazenen helburu nagusia, baina horrek ez du esan gura hondartzan besterik ez dagoenik. Euskal Herriko hondartza askok alternatiba ugari eskaintzen dituzte; surfa da, beharbada, aipagarriena. Kantauri Itsasoaren indarraren laguntzaz, gurean berri samarra den kirol hori gero eta indartsuago dabil, eta hiru herrialdetan antolatzen dira txapelketak. Surferako aproposak diren hondartzetan, Mundaka eta Zarautz omen dira ezagunenak, baina badira aipatzeko moduko gehiago: Ereaga (Getxo), Barinatxe, Bakio, Ogeia, Itzurun (Zumaia), Getaria, Gros (Donostia), eta orobat Lapurdiko guztiak. Uda osoan zehar hainbat txapelketa egiten dira horietan, eta Euskal Herriko nahiz atzerriko surflari entzutetsuak Kantauriko olatuak maneiatzen saiatzen dira.
Tradizio handiko beste kirol bat futbola da. Zarauzko eta Donostiako txapelketek sona handia daukate, baina badira gehiago ere. Batzuk, Ereagako Golden League lehiaketa esate baterako, nazioartekoak. Zelangura, kirolik aipatzekotan Barinatxe hondartzan orain urte batzuk sortutako lasterketa nudista aipatu behar dugu, derrigor. Irailean egiten da, bainu denboraldia amaitu eta gutxira, eta apurka-apurka gero eta onarpen handiagoa lortzen ari da. Iaz, esaterako, 80 lagunek hartu zuten parte, nudismoa egiten duen jende asko dagoela aldarrikatzeko eta ohitura horrenganako begirunea lortzeko.