argia.eus
INPRIMATU
Zonaren dieta: moda-modan dagoen jan-neurria
Jabier Agirre 2021eko uztailaren 27a

Gure artean oraindik ere oso ezaguna ez den arren, Amerikako Estatu Batuetako jende ospetsu eta ezagunen artean modan jarri da "zonaren dieta" deitua. Hollywood-eko izarrek (Brad Pitt, Jennifer Aniston edo Sandra Bullock), kirolariek eta zurrumurruek diotenez baita Juan Pablo II. Aita Santuak ere dieta hori jarraitzen omen dute. Dieta asmatu zuena, Barry Sears doktorea, Madrilen izan zen, bere jan-neurriaren xehetasunak biltzen dituen Zonaren dieta iraultzailea izeneko liburua aurkezteko. Dieta horren arabera, kontua da hormonak »eta batez ere intsulina» zona jakin baten barruan mantentzea, ez altuegi eta ez baxuegi. Hori egiteko, funtsean hiru arrazoi aipatzen dira: lehenengoa, gehiegizko intsulinak gizendu egiten gaituela, betirako gizenegi bihurtuz. Bigarrengoa, gehiegizko tasa horrek bihotzeko gaitzak bizkortzen dituela. Eta hirugarrengoa, gehiegizko intsulina-tasa horrek berak bizia laburtzen digula. Horregatik, dieta bat baino gehiago, bizitza osoan osasuntsu mantentzeko jateko plan bat besterik ez da.
Eta zertan datza dieta horrek? Denetik jan omen daiteke, proteinak eta karbohidratoak orekatzen diren bitartean. Azken hauek fruta eta berduretatik atera behar ditugu, zereal eta almidoietatik ateratako karbohidratoak gutxituz. Hein handi batean, zonaren dieta hau jan-neurri mediterraneoaren eboluziotzat har daiteke, berdura, fruta, gantzetan urri diren proteina, oilasko eta arrainetan aberatsa baita. Eta beti gantz monosaturatua erabili behar da, esaterako, oliba-olioa.