argia.eus
INPRIMATU
Sisi
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Enperatriz. Donostiako Trueban mutil kozkorretan ikusitako filma, gure amak ez dakit zenbat aldiz begiratutakoa, Romy Shneider Alain Delonen emaztea baina betiko Sisi izateraino enperadore hark maitatutako plebeia enperatriz bilakatu zuena. Guk Zazpi anaia zazpi arrebentzat hura bezalaxe. Nik zazpitan nagusiena nuen begiko, bizarduna, baritono sakon hura. Geroztik urek bide anitz egin dute ibai eta itsaso berberetara. Egun, enperadore-enperatriz legez egiten dira ezkon-ezteiak, Strausen balsek kulunkatuak, txistularien bertsio etxekotutan. Politak oso. Filmetako janzkerak telebistez herrikoituak. Garenaz lotsak, ezin genukeenaz amets, erridikulo irrigarrienari bide emanez itzultzen gara biharamunean geurera sakelan zulo, ezkontideen fantasia harri puntadun zulatzaile. Eta zenbat buru hainbat bideo kamara, film eta telebista berdintzaile. Igeltseroa ministro, okina ministra egun batez. Gureari argazkitan erreparatuta lasaitu ederra hartzen dut, ez genuen negoziorik egin, zorrik ere ez. Eta ministroak baino, baritono sakonak izatea nahiago lagunetan tenorrak eta baxuak aurkitzea errazagoa baitzaigu guri gure fantasiei kantuz bide egin diezaiegun. Bi sosetan, soseguz, euskara bezain urria dugun talentuz.