Mertxe Agundez: «Posiblearen eta egin nahi dugunaren artea da politika»


2021eko uztailaren 27an
Mertxe Agundezek, Xabier Markiegi arartekoaren albokoa lau urtez izan ostean, ez zuen uste beste horrenbeste denbora »1999tik 2004ra» jarduneko ararteko karguan emango zuenik: «Izan ere, inork ez zuen espero alderdi politikoen arteko desadostasunak hainbeste denbora iraungo zuenik. Akordio ezak ez dio instituzioari lagundu, alabaina, trantsizioko aldi honetan, arartekoaren hutsunea bete dudalakoan nago. Pertsonalki, jende ahulenen arazoak konpontzen ahalegintzeak, kolektibo ahulen eskubideen alde lan egiteak, haien senideek dituzten beharrak betetzeak aberastu nau» esan digu solaskideak.
Gizarteko talde boluntarioek instituzio honi ekartzen dioten laguntza biziki eskertu nahi du Mertxe Agundezek: «Gure lana administrazioa limurtzea eta konbentzitzea da. Administrazioa legeari atxiki behar zaio. Agintari bati kexa bat helarazten bazaio, ez du nik eskatu diodalako bete behar, legea bete behar duelako baizik. Hartara, ageriko nahiz itxikeriako egoeren aurrean borrokatzea gogorra da. Kexa aurkeztu dizuten pertsonen aurrean beren eskubidea bete ez izateak kezkatzen zaitu. Sosegurik eza ere bizitzen da karguan, jakina».

Zer eman dizu zure jarduerak?
Mundu hobeago bat posible dela erakutsi dit. Zentzu honetan, demokraziara trantsizio garaiko ilusioa berreskuratu behar dugu. Nik frankismo garaian ikasi nuen, presio gogor baten pean bizi ginen, lege oso diskriminatzaileak zeudelarik. Garai haiek ez ziren errazak, ez ziguten ezer muxu-truk ematen, baina hobetzeko gogor aritzen ginen. Gaur egunera etorrita, sektore eta kolektibo ahulen aldeko lanetan beti ere, jarduneko ararteko karguan nire harri koskorra ekartzen saiatu naiz.

Gizartearen kontzientzia kritikoa izana sentitu al duzu inoiz?
Hein batean bai. Eskubideen betebeharra etengabe gogoratzen ari zarelako. Hala ere, eskubide horiek ez dira nireak edo Arartekoarenak, legeak eskaintzen dituenak baizik. Legearen barruan aukera ezberdinak daude, baina beti badago bat jendearen eskubideak egokiago betetzen dituena. Kolektibo ahulen kasuetan bereziki.

Zein ezaugarri behar du ararteko batek?
Jendeari entzuten jakitea ezaugarri funtsezkoa da. Gizarte zaratatsu batean bizi gara, eta ia-ia ez diogu elkarri entzuten. Independentziaren irizpidea, justiziaren sen primarioa eta sen ona izatea ere beharrezkoak dira.

Gehitu »gay eta lesbianen» elkarteko kide Iñigo Lamarca ararteko izan ahal izateak zerbait adierazten al du zure ustez?
Nire alabetako batek berria ezagutzean "ama!, kolektibo horren eskubideen alde borrokatutakoa zara zu" esan zidan. «Jakina» esan nion. Arartekoa giza generoaren perspektiban kokatzen ahalegindu naiz. Izendatzen ez dena ez omen da "existitzen". Ez da egia, noski. Giza errealitateek ez diote beren izateari uzten ezkutuan direlako. Kolektibo hori ez zen zuzenbidearen subjektu politiko gisa agertzen eta ni »Arartekotik» ager dadin saiatu naiz. Iñigo Lamarcaren merituetako bat «existitzen» den kolektibo baten aitzindaria izatea da. Eragozpen askoren aurka aritu da, kolektiboari eskubide guztiak ezagutu behar zaizkio. Zorterik onena desiratzen diot.

Zer gomendio emango zenioke?
Bera izatea, ausarta izatea, beretzat »ustez» ona dena besteentzat ere erdiesten ahalegintzea...

Arartekoan sartzean gizarteaz zenuen ikusmoldea eta orain duzuna bera al da?
Gizartea denok kritikatzen dugu, baina, nahitaez, denok kontsumistak gara. Orain 25 urte, adibidez, bakar batzuek baino ez zuten autoa. Egun berriz? Gaur Interneten adibidea dugu. Hori guztia hor dago eta saihestezina da. Kontua baliabideak gure zerbitzura jartzea da eta ez gu haien zerbitzura. Bestela, gizarte mota honetan gero eta bakanduagoak biziko gara eta elkarbizitza are zailagoa bihurtuko zaigu. Hori da gizarteaz dudan ikusmoldearen bilakaera.


Politikaz pertzepzio bera al duzu, halaber?
Politika posiblearen artea ei da. Nik egin nahi dugunaren artea ere badela esan ohi dut. Hau da, ongi egitearen artea, utopia dena nahi baduzu. Politikan urte gogorrak izan dira, gure politika ez baitago "normalizatuta". Horrek eragina du gure zereginean. Baina gizarte modernoago eta demokratikoago bat lortu nahi badugu denok parte izan behar dugu politikan, eta zeregin horretan politikak kolektibo guztien parte-hartzea bermatu du.

Klase politikoak kolektibo horien guztien arazoetan erreparatzen al du?
Baietz uste dut. Baina, politikaren funtsa aurrekontuetan dago. Printzipioen aldarrikapen asko egin dezakegu, baina gaiak gai, gai bakoitzak gobernuen aurrekontuetan eta agendetan hartzen duen tokiak politikoen sentsibilitateen maila ematen digu aditzera, eta ez dezagun ahantz politikoak guk hautatzen ditugula.

EAEko espetxeetan "inplikazio eskasa eta gune ilunak" daudela ohartarazi duzu. Zer iradokitzen digu egoera horrek?
Arartekoaren lema hauxe da: "Pertsonen eskubideak ez dira espetxearen atarian bukatzen". Gure senitarteko bati espetxera joatea tokatzen bazaio, espetxeen egoera ona exijituko dugu. Adibide hurbilago bat: ez dugu ospitalera joan nahi, baina joan behar dugunean egoki egotea nahi dugu. EAEko espetxeei buruzko lehen Txostena 1996an egin genuen »Xabier Markiegi arartekoa izaki» Eusko Jaurlaritzaren eta Espetxeetako Zuzendaritzaren artean egindako itun baten barruan. Basauri, Langraitz eta Martuteneko azpiegiturak Estatuko zaharrenak zirela adierazi genuen. Preso metaketa izugarria zen. Harrezkero, besteak beste, hainbat preso atera zen kartzelatik. Baina egiturek are zaharragoak izaten jarraitzen dute.
Txostena idatzi ostean espetxetako hainbat transferentzia egin ziren. Guk espetxea presoentzako azken zokoa dela diogu, zigorraren ordezko alternatiba bilatu behar dugula. Txostenak filosofia hori bildu zuen eta aurrera egin zen nolabait. Azken urteetan, ordea, EAEko eta Estatuko harreman instituzionalak apurtu zirenez gero, espetxe gaiaz arduratzen ziren erakundeen artean zailtasun handiagoak izan dira. Txostenak sinatzen dira, baina gero horiek betetzea ez da hain sinplea.

Botere publikoek, benetan, espetxeen alternatiba bat nahi al dute?
Konstituzioaren arabera, zigorrak presoen birgizarteratzeko bideratu behar dira. Gu zentzu horretan ari gara lanean, baina komenigarria da ere hainbat gauza gogoratzea: ETAk Martuteneko psikologoa eta Langraitzeko erizain bat hil zituen. Horiek guztiak ez dira hutsean pasatzen. Espetxeetan ari den jende asko ETAren mehatxupean dago. Hainbat zerbitzu bertan behera geratu dira ETAren jardun terrorista dela eta. Hori ere esan behar da. Birgizarteratzeko planak badaude eta asko aurreratu da, baina terrorismoak ere gogor geldiarazi ditu planak. Jakina, PPren Gobernuaren jarrerak ez zuen batere lagundu, alderantziz. Baina Konstituzioak birgizarteratzea ikusten du, eta berau aldatzen ez den bitartean betetzen ahalegindu behar dugu, gure eskubideak bermatu behar ditugu. Zentzu horretan PPk terrorismoaren une latzetan egin dituen hainbat adierazpen ez dira sartzen Konstituzioaren arauetan. Dena dela ere, espetxeen alternatiba »neurri ezberdinetan» denon esku dago: Legebiltzarraren, Gobernuaren, administrazioaren eta gizartearen eta kolektiboen esku. Egitura modernoagoak eta erakundeen arteko kolaborazio sendoago baten bitartez, zigorraren neurria finkatuago batez, espetxe hobeago bat izango genuke.

Bestalde, nola ikusten dituzu emakumeak jasaten ari diren gizonen erasoak?
Emakumeen eskubideen urraketa izugarria da, Arartekoan emakumearen defentsan ari gara. Erakundeen arteko koordinazioak hobeagoa izan behar du. Arartekoaren txostena, euskal administraziotik generoaren biolentziari ematen ari zitzaion erantzunaren perspektibatik egina dago, harreman afektibo bat puskatu denean ematen den biolentziari buruzkoa. Orain arte zenbait gauza egin bada ere, laguntza ez da erabatekoa izan. Gure txostenean erasoak ekiditeko hamar neurri aipatzen ditugu. Trantsizioan emakumea diskriminatzen zuten hainbat lege bertan behera geratu ziren. Legearen aldaketa beharrezkoa izan da, baina ez nahikoa. Emakume batek bere isiltasuna hausten duenean, arduradun publiko guztiek prest izan behar dute laguntzeko. Emakume horrek ezin du erietxearen, udaltzaingoraren eta abarren artean noraezean ibili, aitzitik, erantzun bizkorrak behar ditu, eta ez bakarrik erasoa jasan duenean. Hasteko, jipoituak direnei egoera salatu dezaten lagundu behar zaie. Hau da, duen arazotik ateratzeko autonomia bat izaten »beren lana izaten, kasu» lagundu behar zaie. Bizitzeko eskubideaz ari gara, baina lehenik emakumearen osasunaz eta segurtasunaz arduratu behar dugu, bere osotasun psikikoaz. Legeak lege, mentalitateak aldatu behar ditugu.

«EAEko kartzelen argazkia ez dela gizarte moderno batena" esana duzu. Emakumeen aurkako gizonen jazarpenek zein argazki mota erakusten dute?
Gizarteak bere presoak nola tratatzen dituen, horra bere argazkietako bat. Emakumeen aurkako erasoen kasuan, berdin. Duela 20 urte, demokrazian honezkero, ez genuen bikotekideek horrenbeste emakume hilko zutenik uste. Hori ere gure gizartearen argazkietako bat da. Argazkia txarra da eta ezabatzeko lanean segitu behar dugu.

Azkenik, herritar arrunta »itxuraz ahul ez dena» arduratzen ote da bere eskubideez?
Herritarrek balore eta eskubideen erabilpenean hezi behar dute. Nork jartzen ditu eskubideak praktikan? Ezagutzen dituenak. Ezagutzen ez dituenak edota gaitasun gutxiago duenak arazo gehiago dauka. Zapalduagoa den jendeak are zailago du horiek aldarrikatzea. Arartekotik horretan ari gara, ez haiek ezin dutelako, baizik haiek zailago dutelako beren eskubideak erabiltzea. Guk gizarte aktiboago bat nahi dugu. Kontua ez da bakarrik politikariak hautatzea, haiekin elkarrizketatu behar dutela esaten diegu herritarrei. Herritarrek politikariei hitza eta beren eskubideak betetzea exijitu behar diete.


Azkenak
Nafarroako AHTko lanetan esklabotza egoerak daudela salatu du AHT Gelditu elkarteak

Nafarroan eraikitzen ari den tren lasterraren langileak esklabotza egoeran ari direla salatu du AHT Gelditu elkarteak Iruñean emandako prentsaurrekoan.


Trumpen eta fiskal demokraten arteko borrokak migratzaileen deportazioa oztopa dezake

AEBko John C. Coughenoiur epaileak onartu du Washington, Arizona, Illinois eta Oregon estatuek elkarrekin aurkeztutako helegitea, eta horren arabera atzera bota du Donal Trumpek AEBn jaiotako migratzaile ez legezkoen seme-alabak kanporatzeko dekretua.


2025-01-24 | Julene Flamarique
Genero indarkeriaren biktima den emakume baten eta haren bost alaba-semeen etxegabetzea salatu dute Burlatan

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, gizarte-zerbitzuek ez dute bestelako aukerarik eskaini, kaltetuak eskaera bat baino gehiago egin badu ere. “Legearen, erasotzailearen eta erakundeen aurrean” emakume horrek pairatzen duen erabateko babesgabetasuna... [+]


“Nazionalismo feminista da aukera bakarra”

Màtria o barbàrie (Angle Editorial) liburua aurkeztera etorri da Júlia Ojeda irakasle eta literatur kritikaria, Donostiako Emakumeen Etxera. Liburuan parte hartu duten 30 emakume katalanek matria eraikitzea proposatzen dute feminismo nazionalista ardatz... [+]


June Egino (GKS)
"Gerren ondorioz ezarritako austeritate politikek gogor kolpatzen dituzte langileak”

‘Gerraren eta faxismoaren aurka’ lelopean manifestazioa antolatu du Gazte Koordinadora Sozialistak larunbatean Iruñean eta Bilbon.


2025-01-24 | Sustatu
TeknoTrump albisteak: Oligarkekin bat, Stargate AA ekimena, eta TikTok luzapena

Donald Trumpen agintaldia hasi da politika atzerakoiak ezartzen woke edo DEI izan daitekeen guztiaren kontra, eta baita neurri teknologikoak iragarriz. Lehen unetik, karguaren zina egin zuenetik, teknologiako erraldoien buruak lehen lerroan egotea deigarria izan zen: bereziki... [+]


2025-01-24 | Gedar
Europako gastu militarra, eztabaidaren erdigunean Davosen

 Mark Rutte NATOko idazkari nagusiak arrazoia eman dio Trumpi eta esan du "Europak inbertsio militarra handitu" behar duela.


Gehiegizko hizkuntz eskakizunak ditu Donostiako HAPOa idazteko kontratazio espedienteak, arkitektoen elkargoaren ustez

Arkitektoen elkargoaren helegitea dela eta, Donostiako Udalak atzera bota du kontratazio espedientea.


Lapurtarren Biltzarra ez dute ospatuko aurten

Antolatzaileek Biltzar Nagusian harturiko erabakia da: aurten ez dute Lapurtarren Biltzarrik antolatuko Uztaritzen. Motibazio eskasa da erabakiaren oinarrian dagoen arrazoia.


2025-01-24 | Euskal Irratiak
ELB sindikatuaren zerrendaburu Julen Perez
“Laborarientzako proiektu azkar bat dugu, Euskal Herriari itzulia dena”

Datorren astean Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeak ospatuko dira Ipar Euskal Herrian. Frantzia mailako FDSEA eta CR sindikatuez gain, ELB Euskal Herriko Laborarien Batasuna aurkezten da, "euskal laborarien defentsa" bermatzeko.


Ordoñezen hilketa, “Oldartzen” eta “Alternatiba demokratikoa”-ren testuinguruan

Ostegun honetan 30 urte bete dira ETAk Gregorio Ordoñez PPko Donostiako zinegotzia hil zuela. Hainbat arrazoirengatik euskal gizartean zirrara berezia sortu zuen atentatua izan zen. PPko eta PSOEko zinegotzien aurkako atentatuen atea ireki zuen.


Lanartearen gomendioak erakunde publikoei, beka eta sari sistema duina eta etikoa helburu

Erakunde publikoen bekak eta sariak. Kritika eraikitzaile bat izeneko dokumentua plazaratu du Lanartea elkarteak. Berria-k zabaldu du laburpena, eta txostena eskuraturik, hemen duzue elkarteak erakunde publikoei egiten dien gomendio sorta.


Eguneraketa berriak daude